Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Idoia Lahidalga Baglietto Konplexurik gabe, tradizioa bideoklipetan

Dokumentuaren akzioak

Konplexurik gabe, tradizioa bideoklipetan

Dantzariak, erraldoiak, buruhandiak, maskarak... agertzen hasi dira azkenaldian inolako konplexurik gabe modako musika taldeen bideoklipetan.

Gure kulturako elementuak erabiltzeko arrazoiak hamaika izan daitezke: estetikoak, komunikatiboak, identitarioak eta, batzuetan, komertzialak. Gakoa da nola erabiltzen den eta zer-nolako harremana duen publikoarekin. Eta garbi dago: belaunaldi berriek, kulturari bizkarra eman ordez, tradizioari konplexutik begiratu ordez, beren modura ari dira hari begira eta erabili egiten dute. Hurrengo bideoklipetan argi ikus daiteke belaunaldi berriek euren sormen-lanetan euskal imajinario kolektiboko elementuak integratzeko duten interesa. Folklorea ez da nostalgia huts gisa agertzen, baizik eta tresna estetiko, ideologiko eta identitario gisa, besteak beste.

Elementuen presentzia hau ez da beti modu berdinean agertzen. Askok hautu estetiko batengatik agertzen dituzte hainbat elementu, irudi indartsuak eskaintze aldera, jantzi bereizgarriak eta errituak esaterako. Horiek guztiak ikus-entzunezko narratibarako osagai aberats eta esanguratsu bihurtu direla ikusi da. Estetika horrek ez du soilik edertasun hutsa bilatzen; ikuslearekin harreman emozionala sortzen du, haurtzaroko oroitzapen kolektiboekin edo tokiko identitatearekin lotura ezartzen duelako. Hori horrela, gaur egungo ikus-entzunezko produkzioetan, estetika bihurtzen da narrazioaren zati.

Sarritan folklorea, iraganeko gauza zaharkitu bat bezala saldu digute gazteoi. Baina bideoklipen bidezko berrinterpretazio hauek, hainbat musika genero uztartuta, folklorea modernitatearen partetzat aldarrikatzen dute, gure tradizioa garaikidea baita. Berehala bihurtzen dira elementu identitario positibo eta berritzaile. Sare sozialetan eta galdu ezin dituzun kontzertu eta esperientzia bakarretan, ikusgarria izatea gakoa da, eta folkloreak bere indar bisual eta sinbolikoarekin, horretarako aukera ezin hobea dela dirudi.

Noski, ikuspegi komertzialik ere badago. Musika industria geroz eta lehiakorragoan, artistak eta taldeak nabarmentzeko modu bila dabiltza. Tokian tokiko elementuak erabiliz, bereizgarritasuna lortzen dute. "Euskal ukitua" marka bihurtu daiteke.

Globalizazioak ekarri duen homogeneizazioaren aurrean, tokian tokiko kultur adierazpenek erreakzio gisa hartu dute indarra. Fenomeno hau ez da Euskal Herrira mugatzen. Mundu zabalean, geroz eta artista eta sortzaile gehiago ari dira beren kultura propioak aintzat hartzen eta harrotasunez baliatzen. Aniztasuna, iragan batean ezkutatu edo gutxietsi zena, orain bisita-txartel gisa erabiltzen da, ikus-entzunezko diskurtsoetan tokikoari zentralitatea emanez. Horrela, globalizazioaren itzalean, kultura propioaren bidez munduan presentzia bereizia eraikitzen da. Espainian, esaterako, erreparatu diote fenomeno honi eta hainbat adibide ere badira horrela ari direnak.

Kontu ziklikoa da hau, behin eta berriz joan-etorrian dabilena. Commaroff anai-arrebek (Jean eta John L. Comaroff) ere identitatea ematen duten elementuak, merkatuarentzat oso baliagarriak direla adierazi zuten. Kultura baten adierazpenak, berez komunitate baten esanahiez josiak direnak, askotan saldu eta kontsumitu egiten dira autentikotasunaren itxurapean. Eta horrek tentsioak sorrarazi ditzake.

Ikusi hemen batutako bideoklipak osorik:

EZEZEZ | Puntofinal

EZEZEZ | Zorozelai

JASAN | Ezinarekin dantzan

KORRIKA | Klika

HERRI URRATS | Elgarrekin

IRON ETA MAIDER | Phantom of the opera

ZETAK | Aralarko dama

MARUXAK | Compostelako erromesa

MIRUA | Mugaz gaindi

CHILL MAFIA | Barkhatu

MASKAK | Ekin ala gabe

BELE | Uff

MALAIIERBA | Aire

ANIMALIA | Ødei

KUKUMARRO | Txit Karramarro

BANG-BANG TXIKI-TXIKI BANG-BANG | Gatibu

AZERI BODA | Adur

MORROXKO | Mirua

ETXEPE | Alboka

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Idoia Lahidalga Baglietto

Idoia Lahidalga Baglietto

Eibar, 1999.

Dantzaria eta argazkilaria naiz. Txikitatik Eibarko Kezka Dantza Taldeko kide eta gaur egun Eibarko Kezka eta Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeetako irakasle.