Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzako irakaslea naiz, eta bai, hori benetako lana da
Aste honetan, bi ume hurbildu zaizkit galdera berarekin: "Idoia, zuk zertan egiten duzu lan?"
Lehen begiratuan, galdera normala da, umeek maiz egiten dituztenetakoa; baina bigarrenez entzutean, barrenak mugitu dizkit. Ez ote dute ikusten zer egiten dudan? Ez ote naiz, beraientzat, “benetako lan batean” aritzen?
Euskal dantza irakaslea naiz. Astez aste, haurrei gure kulturaren zati bat transmititzen diet: dantzaren bidez, gorputza mugitzen, erritmoa sentitzen, taldekideekin batera aritzen... baina, batzuetan, zaila egiten zait ulertzea zergatik ez den hori lan bezala ikusten.
Askotan, jendeak lana “benetakoa” dela ulertzeko, unibertsitateko titulazio edo ikasketa ofizialen bat atzean izatea espero du. Gaur egun, euskal dantza irakasle izateko ez da beharrezkoa goi-mailako titulurik, baina horrek ez du esan nahi prestakuntzarik ez dagoenik, ezta lanean profesionaltasunik faltan dugunik ere. Bueno, euskal dantzako profesionalak, hori beste baterako utziko dugu. Urteetako dedikazioa, ikasitako teknika eta irakaskuntza-trebetasunak ezin dira paper batean soilik neurtu.
Euskal dantza ez da aisialdirako bakarrik. Gure gorputz hizkuntza da, hezkuntza da, transmisioa da, komunitatea da. Haur askok bertan ikasten dute diziplina, errespetua eta lankidetza. Eta irakasleok horren gidari gara. Beraz, bai, euskal dantzako irakaslea naiz eta hori benetako lana da; ez soilik nire ogibidea, gure kulturaren zati baten iraupena bermatzen duen funtsezko lana.
Haur eta gurasoek eskolaz kanpoko ekintzetan aritzen garenon lanak, benetako lanak ez direla uste izateko, hainbat arrazoi egon daitezke. Eskola eta formakuntza tradizionala izaten da haientzat lanaren eredua. Gure gizarteak sarritan lanarekin lotzen du produktibitatea eta etengabeko errendimendua, eta dantzan edo antzeko jardueretan kulturaren transmisioa eta emozioak lehenesten dira, eta horiek ez dira beti kontuan hartzen gizartearen lanaren kontzeptu estrukturatuan.
Haurrek ulertu dezaten, gurasoek, eskolako irakasleek eta gizarteak osotasunean aitortu behar dute lan honen balioa. Gure lana ez da bigarren mailakoa. Eta gure presentzia, are gutxiago.
Gaur egun eskolaz kanpoko ekintza izan arren nik ere eskola orduetan euskal dantzak irakasteko garrantzia ikusten dut Oier Araolazak aipatu izan duen bezala: "Herritar guztiok izan behar dugu hizkuntza hori gure gorputzean, euskara gure mingainean izan behar dugun neurri berean; bestela, gorputz analfabetoak ari gara garatzen, dantzan analfabetoak hezten, gure kulturan eta gure gorputzak dituen adierazpen aukeretan adierazteko eta garatzeko tresnak eskaintzen ez dizkiegun gorputzak".
Azken batean, gure lana ez da bakarrik dantzaren inguruan mugitzen, baizik eta gure kultura, gure nortasuna eta gure historia transmititzen ditu. Haurrei laguntzen diegu euren jatorriaren oinarrizko elementuak deskubritzen, eta horrekin batera, taldean lan egiteko eta norbere burua ezagutzeko gaitasunak garatzen. Dantza, beraz, ez da bakarrik gorputza mugitzea, baizik eta nortasunaren eraikuntza ere bada.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Idoia Lahidalga Baglietto
Eibar, 1999.
Dantzaria eta argazkilaria naiz. Txikitatik Eibarko Kezka Dantza Taldeko kide eta gaur egun Eibarko Kezka eta Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeetako irakasle.
Urte asko daramatzat dantza irakasle moduan. Bai helduen taldeetan, bai gazteen taldeetan ere. Garai batean umeekin ere aritu nintzen, eskolaz-kanpoko ekintza moduan. Baina ni ere ez nintzen dantza irakasle izaten. Arkitektoa bait naiz (eta nintzen orduan ere) (gauza bat bestearekin bateragarria izango ez balitz bezala).
Arkitektoa izatea baina gauza formalagorik (eta tradizionalagorik)? Orokorrean jendeak “eta zertan egiten duzu lan?” galdetzen zidanean, erreza nuen erantzuna. “Arkitektoa naiz” erantzuten nuen, eta kito, dena ulertua. Ez zen beste argibiderik eman behar. Dantza klaseetako ikasleren baten galdetzen zidanean, ordea, “bueno, ni, berez, arkitektoa naiz eta arkitekto moduan egiten dut lan” erantzuten nuen. Denborarekin konturatu nintzen “berez” horrek gordetzen zuen denaz (konplexuak, beti presente!). Arkitekto bat dantzako klaseak ematen, bai. Gustuko nuelako? Jakina. Nire denbora librean egiten nuela? Tira, librea librea…arratsaldeetan, bai. Goizean “benetako lana”, eta arratsaldeetan dantzako klaseak, “extrak”. Nik neuk ematen nion irakurketa.
Gauza da, urte batzuetan, eraikuntzak “krak” egin zuenean eta adreiluaren burbuilak eztanda egin zuenean, bertan aberastu zirenak (eta aberastu egin ez ginenak ere) gorriak ikusi genituela. Urteak eman genituen bizitzeko beste ematen ez zuen lanari eutsiz. Eta nire kasuan, dantzako klaseetatik ateratzen nuenetik bizi nintzen. Nahiz eta “berez, arkitektoa izan, eta arkitekto moduan lan egin”. Errealitatearen eraikuntza zer den. Zein zen orduan, nire benetako lana? Erantzuna argi dago. Baina ezkutatu egiten nuen (ez kontzienteki, ojo!).
Tira, 15 urte pasatu dira ordutik. Eta gauza asko, Eta irakaspen asko. Egun jarraitzen dut arkitekto lanetan eta baita dantza irakasle lanetan ere. Eta orokorrean norbaitek galdetzen didanean, hasieratik “goizez arkitekto eta arratsaldez dantza irakasle” esaten diot. Eta oraindik ere dantzako ikasleren batek galdetzen didanean, “dantza irakasleaz gain? arkitektoa ere banaiz” erantzuten diot.
Tira, eskerrik asko Idoia, denbora luzez buruan izan ditudan honi buruzkoak ateratzeko aitzakia eman didazu eta. Kamiseta batzuk atera beharko genituzke “Dantza irakaslea naiz eta harro nago!”. Kar kar kar…