"Behar-beharrezkotzat jotzen dut euskal dantza eskolan irakastea"
Hezkuntza aztergai duen Hik Hasi aldizkarirako elkarrizketatu nau Ainara Gorostitzuk. Dantza, euskal dantza eta hezkuntzaz aritu ginen eta euskal dantza euskal herritar guztiok ezagutu beharko genukeen gorputz hizkuntza dela aldarrikatzen dudan esaldia ekarri du Gorostitzuk titularrera: "Euskal herritar guztiok izan behar dugu euskal dantzaren hizkuntza gure gorputzean”. Nire ustez,
"hezkuntzan, euskal dantza, eta dantza, orokorrean, beharrezkoa da. Dantza, orokorrean hartuta, berbazko hizkuntza-gaitasunak lantzea bezala izan daiteke, baina hortik aurrera, behin dantza gaitasun horiek aktibatzeaz aurrera, behar-beharrezkotzat jotzen dut gure gorputz hizkuntza eta gure euskal dantza eskolan irakastea."
Euskal dantza, euskaldunon gorputz hizkuntza
Euskal dantza euskaldunon gorputz hizkuntza dela defendatzen dut, euskara euskaldunon berbazko den neurri berean:
"herritar guztiok izan behar dugu hizkuntza hori gure gorputzean, euskara gure mingainean izan behar dugun neurri berean; bestela, gorputz analfabetoak ari gara garatzen, dantzan analfabetoak hezten, gure kulturan eta gure gorputzak dituen adierazpen aukeretan adierazteko eta garatzeko tresnak eskaintzen ez dizkiegun gorputzak."
Gorputzik gabeko euskaldunak
Azken mende erdian euskal dantza euskal identitatetik eta hezkuntzatik kanporatua izan dela salatu nahi dut. Historikoki euskal dantzak pisu handiagoa izan du bai hezkuntzan, bai euskal identitatean. Azken mende erdian euskara jarri dugu euskal idenitatearen eta hezkuntzaren erdigunean, eta apustu hori babesten dut nik ere. Baina hori egitean ez geneukan zertan euskal dantza ezabatu.
"Gorputza erabat kanporatu da euskal identitatetik azken 50 urteetan. Euskal identitatearen, euskal izaeraren eta euskalduntasunaren muinean, hizkuntza eta berbazko kultura ezartzea oso lotuta dago genero identitatearen eta bakoitzaren jardueren bereizketarekin. Hizkuntza maskulinitatearen gotorleku bihurtu da; eta gorputza feminitatearen adierazle bihurtu da. Euskal munduaren diseinatzaileak gizonezkoak izan dira, eta maskulinitatetik eraiki dute euskalduntasuna."
-
Oier Araolaza: “Euskal herritar guztiok izan behar dugu euskal dantzaren hizkuntza gure gorputzean”, (elkarrizketa pdf-an) Ainara Gorostitzu, Hik Hasi, 2023-07-11.