Euskal dantzako irakaslea naiz, eta bai, hori benetako lana da
Aste honetan, bi ume hurbildu zaizkit galdera berarekin: "Idoia, zuk zertan egiten duzu lan?"
Lehen begiratuan, galdera normala da, umeek maiz egiten dituztenetakoa; baina bigarrenez entzutean, barrenak mugitu dizkit. Ez ote dute ikusten zer egiten dudan? Ez ote naiz, beraientzat, “benetako lan batean” aritzen?
Euskal dantza irakaslea naiz. Astez aste, haurrei gure kulturaren zati bat transmititzen diet: dantzaren bidez, gorputza mugitzen, erritmoa sentitzen, taldekideekin batera aritzen... baina, batzuetan, zaila egiten zait ulertzea zergatik ez den hori lan bezala ikusten.
Askotan, jendeak lana “benetakoa” dela ulertzeko, unibertsitateko titulazio edo ikasketa ofizialen bat atzean izatea espero du. Gaur egun, euskal dantza irakasle izateko ez da beharrezkoa goi-mailako titulurik, baina horrek ez du esan nahi prestakuntzarik ez dagoenik, ezta lanean profesionaltasunik faltan dugunik ere. Bueno, euskal dantzako profesionalak, hori beste baterako utziko dugu. Urteetako dedikazioa, ikasitako teknika eta irakaskuntza-trebetasunak ezin dira paper batean soilik neurtu.
Euskal dantza ez da aisialdirako bakarrik. Gure gorputz hizkuntza da, hezkuntza da, transmisioa da, komunitatea da. Haur askok bertan ikasten dute diziplina, errespetua eta lankidetza. Eta irakasleok horren gidari gara. Beraz, bai, euskal dantzako irakaslea naiz eta hori benetako lana da; ez soilik nire ogibidea, gure kulturaren zati baten iraupena bermatzen duen funtsezko lana.
Haur eta gurasoek eskolaz kanpoko ekintzetan aritzen garenon lanak, benetako lanak ez direla uste izateko, hainbat arrazoi egon daitezke. Eskola eta formakuntza tradizionala izaten da haientzat lanaren eredua. Gure gizarteak sarritan lanarekin lotzen du produktibitatea eta etengabeko errendimendua, eta dantzan edo antzeko jardueretan kulturaren transmisioa eta emozioak lehenesten dira, eta horiek ez dira beti kontuan hartzen gizartearen lanaren kontzeptu estrukturatuan.
Haurrek ulertu dezaten, gurasoek, eskolako irakasleek eta gizarteak osotasunean aitortu behar dute lan honen balioa. Gure lana ez da bigarren mailakoa. Eta gure presentzia, are gutxiago.
Gaur egun eskolaz kanpoko ekintza izan arren nik ere eskola orduetan euskal dantzak irakasteko garrantzia ikusten dut Oier Araolazak aipatu izan duen bezala: "Herritar guztiok izan behar dugu hizkuntza hori gure gorputzean, euskara gure mingainean izan behar dugun neurri berean; bestela, gorputz analfabetoak ari gara garatzen, dantzan analfabetoak hezten, gure kulturan eta gure gorputzak dituen adierazpen aukeretan adierazteko eta garatzeko tresnak eskaintzen ez dizkiegun gorputzak".
Azken batean, gure lana ez da bakarrik dantzaren inguruan mugitzen, baizik eta gure kultura, gure nortasuna eta gure historia transmititzen ditu. Haurrei laguntzen diegu euren jatorriaren oinarrizko elementuak deskubritzen, eta horrekin batera, taldean lan egiteko eta norbere burua ezagutzeko gaitasunak garatzen. Dantza, beraz, ez da bakarrik gorputza mugitzea, baizik eta nortasunaren eraikuntza ere bada.