Joseba Juarez Mendizabal, dantzarion agurra
Honako hau Joseba Juarez Mendizabal-ek dantzan-en zeukan txokoa edo profila da. Okupatu egin dugu dantzarion agurra hemen bertan utzi nahi diogulako. Eta gonbidatu nahi zaituztegu Joseba Juarez ezagutu duzuen dantzari guztiok zuen ekarpenak hemen egitera, denon artean Josebaren oroitzapena, bakoitzak bihotzean dugun pusketatik hasita, osatzen joan gaitezen.
Gazte, 34 urterekin joan zaigu Joseba Juarez Mendizabal. Bi alaba, Ane eta Maren, eta emaztea, Argiñe utzi ditu familia, lagun eta dantzaren familia handi guztiaz gainera. Oso gazte minbizi bat agertu zitzaion, eta gogor borroka eginda eta sufrituta gainditu zuen. Ez hori bakarrik, pasio zuen dantzan segi zuen, zailtasun fisiko guztiak ekinez eta gogoz gaindituz. Eta bat gutxi balitz, beste minbizi mota bat, aurrekoaren zerikusirik gabekoa eta erabat ez-ohikoa etorri zitzaion, eta harekin borrokatuz eta sufrituz bizi izan da hainbat urtez. Ez zegoen amore emateko Joseba, eta dantzatik aldentzerik ez du lortu gaitzak, orain bi hilabete eskas Igartzako ezpata-dantzan kapitain aritu izanak frogatzen duen moduan. Ordiziako dantza-maisuen soka loriatsuan XXI. mende hasiera honetako erreferentzia garrantzitsua izan da Joseba Juarez.
2014ko Igartzako ezpata-dantzan kapitain Joseba Juarez, dotore, eder, alai.
Batzuk Beasaingo Aurtzaka dantza taldean ezagutu dugu, beste batzuk Ordiziako Amets Bide dantza taldean, edo Ostadarren bidez, makina bat ordiziarrek bere eskutik ikasi dute dantzan santaneroen esku-dantzan parte hartu behar izan dutenean, dantza solte txapelketetan aritu zen eta han ere utzi zuen arrastoa, Igartzako ezpata-dantzan ikusi dugu beste askok, zenbaitetan aurten bezala, kapitain lanetan. Ordiziako santanazaleen esku-dantzan dantza-maisu eta antolatzaile aritu da urte askoan Joseba Juarez. 2007an, aurreskulari aritu zen gainera.
Santanazaleen kofradiaren 500. urteurreneko ekitaldiak antolatzen buru-belarri aritu zen 2009an, eta tradizio eder honen enbaxadore izan da kanpotarrokin, beti festaren xehetasun guztiak erakutsiz eta bisitarioi laguntza eta harrera beroena eskainiz.
Gaur, astelehena, azaroak 10, arratsaldeko 19:00etan izango da hileta Ordiziako Andre Mari Jasokundearen elizan.
Kontatu, kontatu bakoitzak zuek non ezagutu duzuen eta konpartitu gurekin utzi dizuen oroitzapena. Dantzan Bego Joseba!