Dokumentuaren akzioak
Zaldibian kitatutako zorrak
Orain 200 urte inguru dantzari zaldibitarrak joaten ziren Beasaina ekitaldi garrantzitsuak zeudenean. Ez Beasaina bakarrik, baita inguruko herri orotara ere. Ezaguna eta ezagutua zen haien dantzarako jakinduria eta abilezia.
Ordainetan, joan den igandean, Beasaindik goierritar dantzariz osatutako talde bat joan ginen Zaldibira. Eta aspaldi hartan dantzari zaldibitarrek egiten zituzten dantzak eraman genizkien itzuleran.
Orain 50 urte inguru, Mikel Arrese zaldibitar dantza-maisuak, bertako dantzak erakutsi eta dantzatzen zituen bere herrian. Azken urte hauetan, dantza hauen berri eman ezezik, gure taldetik joandako kideoi erakutsi ere egin dizkigu.
Ordainetan, joan den igandean, bere omenaldia antolatzen lagundu dugu, eta berak erakutsitako dantza horiexek itzuli dizkiogu, atsegin handiz eta eskerronez.
Zaldibiako XV. Ardiki egunean, bertako dantzari izandako guztien ordezkari, Mikel Arrese dantza-maisua omendu genuen joan den urriaren 26ean.
Horretarako, bertso saio eta mondeju lehiaketaren tartean, soka-dantza atera genuen Mikelen beraren aginduetara eta herriko dantzariez osatua: Urtesabelgo Dominika Eskisabel eta Olaldeko Maria Etxabe, Mikel Arrese semea, hauen biloba, Blas eta Antton Arrieta aita-seme herritarrak , Iztueta dantza taldeko Maite Irazustabarrena, Eider Alberdi, Alazne Gorrotxategi eta Erik Armendariz. Joseba Juarez eta Mikel Sarriegi gure taldekideek egin zituzten laguntzaile lanak. Goraipatzekoa da Blas Arrieta, Dominika Eskisabel eta Maria Etxabe dantzari ohiek egin nahi izan zuten ahalegina, bertatik bertara Mikeli lagundu eta sokan parte hartzekoa.
Jarraian, Ezpata-dantza eskaini genion omendutako Mikeli, berarentzako ohorezko arkua osatuz, molde zaharrean.
Behin oparia eta eskaintzak egin ondoren, Zaldibiako brokel-dantzen sorta plazaratu genuen, honako osakera honekin:
Paseo
Maquill-chiqui dantza
Villancico
Brocal-dantza
Cinta-dantza
Uztay-dantza
Maquill-aundi dantza
Jorray-dantza
(idazkera J. Lorentxo Pujanak Bigarren Errepublika bitartean, hogeita hamar bat urtez, Dantzari-chiqui zaldivitarrak izeneko taldea zuzendu eta gobernatu zuenean erabilitakoa da).
Dantzari sonatuen sehaska da Zaldibia eta honen emaitza dira bertan ezagutu diren hainbat omenaldi.
1929 urtean Iztuetari eta Olanori Eusko Ikaskuntzak eta beste hainbatek egin zietenetik hasita: “se celebró una de las fiestas que más honda impresión nos produjeron por su sencillez, por la decoración de la escena, porque con aquella fiesta se rendía un homenaje a dos hombres humildes, de esa categoría que tanto produce el País Vasco (...) Los espatadantzaris, chicarrones del Aralar, vestidos con las viejas camisas de lino que son guardadas como reliquias familiares, y cubierta la testa con los pañuelos de seda de colorines, que también utilizaron lustros atrás para ceremonias, precedían a la comitiva provistos de los grandes espadones“ Txistulari, 10. zkia
1945 urtean Iztuetaren heriotzaren mendeurrena zela eta Zaldibiako udalak antolatu zuena: “Bertan euskaltzale asko agertu ziren eta Zaldibiko dantza taldea, eta Jose Sarasolak antolatuta, Ordiziakoa, Añorgakoa eta Mutiloakoa. Pujana ere han agertu zen eta, urteetan aurrera joan arren, dantza egin zuen.” Juan Garmendia Arruabarrena.
1995 urtean, Iztuetaren heriotzaren 150. urteurrena zela eta, lan-talde bat antolatu eta urte guztiko ekitaldiak antolatu ziren haren omenez. Besteak beste, Goizaldi dantza taldeak Soka-dantza egin zuen.
2009 urtean, Iztueta-Olano-Pujanaren lekukoa Zaldibian hartu zuen Mikel Arreseri egin zaion omenaldian, gure taldeari egokitu zaio dantzaren alorra betetzea. Eta horrela kitatu ahal izan ditugu bi zorrak, Zaldibiko garai bateko dantzariekikoa, eta Mikel Arrese maisua berarekikoa.
Bukatzeko, harritu egin gaitu (harritzekoa al da ba?) ekitaldiak komunikabideetan jaso duen arreta eskasak (Goierriko Hitza salbuespena). Gehienera ere mondeju, ardiki eta gaztaren gorabeheren artean ezkutatua agertu da, eta gure uste apalean, Mikel Arresek berak, eta antolatzaileek egin duten ahaleginak, merezi zuen islada handiagoa. Bihoakie hemendik, gure zorionik eta eskerrik ozenena.
Hauek dira aurkitu ditugun bi aipamen bakarrak:
http://zaldibia.hitza.info/paperekoa/2009-10-27/p00004006/Dantzariek_hartu_dute_plaza.htm
http://www.diariovasco.com/20091026/al-dia-local/mondeju-feria-20091026.html
http://www.diariovasco.com/20091021/gipuzkoa/mikel-arreseren-bitartez-omenaldia-20091021.html
Momentuz argazki gutxi daukagu, baina eskuratu ahala osatuko dugu bilduma:Zaldibia2009
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08