Aurtengoan, Dantzari-chiqui zaldivitarrak

2010/11/28

Joan den urriaren 31n, Ardiki eguna ospatu zen Zaldibian. Iazko egunean, bertako dantzari izandako guztien ordezkari moduan, Mikel Arrese dantza-maisua omendu genuen. Aurten, beste zaldibitar baten txanda izan da, hau ere dantza munduarekin lotutakoa: Jose Garmendia Arruebarrena zena. Apaiza, historialaria, eta Iztuetaren biograforik handiena, haren lanak ikertu eta aztertzera bizi osoa eskaini zion.

Hau dela eta, Jose Garmendiari berari buruzko liburua aurkeztu zuten bezperako egunetan, haren hainbat artikuluz hornitua, Rufino Iraolak prestatuta eta Joxe Alberto Andres Zurutuzak lagunduta.

 

Igande eguerdian, beraz, iazkoan abiatu genuen bide beretik, dantza-soka atera genuen herriko dantzariekin batera: aurresku egin zuen Maite Irazustabarrenak, atzesku Alazne Gorrotxategik eta sokan: Libe Sukia, Eider Alberdi, Mikel Sarriegi, Ikutz Garmendia, Joseba Juarez  eta Ezequiel Guzmán “Beltxa”, Bahía Blancako gure lagun eusko-argentinarra. Danbolinteroak: Joseba Irazustabarrena eta Iban Irazustabarrena.

 Sokan ohorezko lekua eman genien Juan Garmendiaren koinata Mari Karmen eta iloba Pilarri, eta bukaeran, Ardiki Kultur Elkarteko arduradunek oroigarri bat eskaini zieten senide hauei.

Jarraian, egun honetarako bereziki prestatutako saioa eskaini zuten gure taldeko dantzari mutil txikiek: garai batean, Zaldibiako Olano maisuak lehendabizi, eta Pujanak ondoren, Zaldibiako dantzari txikiekin prestatzen zuten errepertorioan oinarrituriko dantzak. Argazki zaharretan agertzen diren janzkera eta tresnekin atondu genituen, eta halaxe osatu genuen enkarguz jasotako eskaria: “Dantzari-chiqui zaldivitarrak”, estanpa berrian (J. Lorentxo Pujanak Bigarren Errepublika bitartean, hogeita hamar bat urtez, izen horretxekin ezagutzera eman zituen hainbat talde).

Hauek izan ziren dantzariak: Jakes Aldasoro, Oier Apaolaza, Jon Cuadrado, Aratz Elizegi, Jon Elortza, Aitor Erauskin, Mikel Etxezarreta, Manex Idiakez, Aitor Mujika, Ander Olano, Oier Saez de Egilaz eta Nikolas Sarriegi. Hauen irakaslea: Koldo Bidekieta.

 

Eta dantzatu zituzten dantzak:

 

- Kontrapasa

- Uztai txikiena

- Brokelena

- Makil haundiena

- Zinta-dantza

- Jorrai-dantza

 

 

Argazkiak Iñaki Erauskin-enak dira.

 

 

oier
oier
2010/12/02 11:54
Zorionak! Oso ideia polita Pujanaren dantzari-txikien moldekoak berriz plazaratzea. Bidez batez, bigarren argazkia, soka-dantza elizaren aurrean ageri dena ederra da benetan!