Ordiziako santaneroen kofradiaren 500. urteurrena
Uztailaren 27an, Santa Ana egunaren biharamunean ospatu dute aurten ere santaneroen esku-dantza Ordizian. Urtean herrian ezkondu diren bikoteek parte hartzen dute soka-dantza honetan. Aurten, 500. urteurreneko ekitaldian 17 bikote izan dira, plazara atera eta soka-dantza egin dutenak.
Urteurrena dela eta, igandean aurreko belaunaldietan parte hartutako hainbat adineko santanerok esku-dantza egin dute. D'elikatuz gunean berriz, Santaneroen kofradiaren eta esku-dantzaren historia eta argazki bilduma zabala aurkezten dituen erakusketa prestatu dute kofradiako kideek.
Alkondara zuri eta praka beltzez jantzita mutilak, soineko dotore eta manilako mantoiekin neskak, ikuskizun berezia da santaneroen esku-dantza eta plaza herritarrez betetzen da ezkonberrien dantza ikusteko. Gehienak aurretik inoiz dantza egin gabekoak dira, eta azken asteotan hainbat ensaio egin arren, batzuri antzematen zaizkie urduritasunak eta zailtasunak.
Ezkonberrien sokaren inguruan, etengabe laguntzen eta argibideak ematen, Santaneroen Kofradiako hiru dantza irakasleak dabiltza. Enrike Lacalle, Joseba Juarez eta Gurutz Ojanguren dira. Beraiek arduratzen dira aurreko egunetan ezkonberriei dantza lezioak ematen, eta egunean bertan etengabe gidatzen dituzte protokoloan eta dantzaren xehetasunetan barrena.



Enrike Lacalle, Joseba Juarez eta Gurutz Ojanguren Santaneroen Kofradiako dantza irakasleak.
Dantzan

