Dokumentuaren akzioak
Joseba Juarez Mendizabal, dantzarion agurra
Honako hau Joseba Juarez Mendizabal-ek dantzan-en zeukan txokoa edo profila da. Okupatu egin dugu dantzarion agurra hemen bertan utzi nahi diogulako. Eta gonbidatu nahi zaituztegu Joseba Juarez ezagutu duzuen dantzari guztiok zuen ekarpenak hemen egitera, denon artean Josebaren oroitzapena, bakoitzak bihotzean dugun pusketatik hasita, osatzen joan gaitezen.
Gazte, 34 urterekin joan zaigu Joseba Juarez Mendizabal. Bi alaba, Ane eta Maren, eta emaztea, Argiñe utzi ditu familia, lagun eta dantzaren familia handi guztiaz gainera. Oso gazte minbizi bat agertu zitzaion, eta gogor borroka eginda eta sufrituta gainditu zuen. Ez hori bakarrik, pasio zuen dantzan segi zuen, zailtasun fisiko guztiak ekinez eta gogoz gaindituz. Eta bat gutxi balitz, beste minbizi mota bat, aurrekoaren zerikusirik gabekoa eta erabat ez-ohikoa etorri zitzaion, eta harekin borrokatuz eta sufrituz bizi izan da hainbat urtez. Ez zegoen amore emateko Joseba, eta dantzatik aldentzerik ez du lortu gaitzak, orain bi hilabete eskas Igartzako ezpata-dantzan kapitain aritu izanak frogatzen duen moduan. Ordiziako dantza-maisuen soka loriatsuan XXI. mende hasiera honetako erreferentzia garrantzitsua izan da Joseba Juarez.
2014ko Igartzako ezpata-dantzan kapitain Joseba Juarez, dotore, eder, alai.
Batzuk Beasaingo Aurtzaka dantza taldean ezagutu dugu, beste batzuk Ordiziako Amets Bide dantza taldean, edo Ostadarren bidez, makina bat ordiziarrek bere eskutik ikasi dute dantzan santaneroen esku-dantzan parte hartu behar izan dutenean, dantza solte txapelketetan aritu zen eta han ere utzi zuen arrastoa, Igartzako ezpata-dantzan ikusi dugu beste askok, zenbaitetan aurten bezala, kapitain lanetan. Ordiziako santanazaleen esku-dantzan dantza-maisu eta antolatzaile aritu da urte askoan Joseba Juarez. 2007an, aurreskulari aritu zen gainera.
Santanazaleen kofradiaren 500. urteurreneko ekitaldiak antolatzen buru-belarri aritu zen 2009an, eta tradizio eder honen enbaxadore izan da kanpotarrokin, beti festaren xehetasun guztiak erakutsiz eta bisitarioi laguntza eta harrera beroena eskainiz.
Gaur, astelehena, azaroak 10, arratsaldeko 19:00etan izango da hileta Ordiziako Andre Mari Jasokundearen elizan.
Kontatu, kontatu bakoitzak zuek non ezagutu duzuen eta konpartitu gurekin utzi dizuen oroitzapena. Dantzan Bego Joseba!
Dokumentuaren akzioak
Bi minbizi gogor pasa behar izan dira bere bizitzatik,bera gure artetik eraman ahal izateko. Baina gogor aurre egin dio Josebak bere gaitzari, bazekien zer zuen eta egunean egunekoa gozatzen saiatzen zen, ingurukoak lagundurik.
Baina azkenean gaitza gailendu egin zaio eta pertsona gure artetik eraman du, baina ez du lortuko DANTZARIA gure oroimenetik urruntzea, Josebaren irudia beti izango bait dugu ezagutu genuenok bera zen bazalakoa.Mutil jator, umil eta argia.
JOSEBA JUAREZ MENDIZABAL DANTZARIA
Dantzan hago Joseba.
Joseba Juarezek eskuzabaltasunez ematen zituen.
Dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hiltzen.
Dantzariongan bizi zara, dantzan.
Eskerrik asko Joseba.
Joseba Juarez Mendizabal
1980-2014
1985. Dantza egin zuen lehen aldiz 5 urterekin, Jakintza eskolan, Aurtzaka dantza taldeko Iñaki García “Mario” irakasle zuela.
1986-1989. Dantza klasiko ikasketak egin zituen Beasainen Kontxi Aranburu irakaslearekin.
1989. Dantza sueltoan hasi zen Joxe Juan Ugalde irakaslearekin, eta Juantxo Urbietarekin ondoren, 1998ra arte Villabonako Martin Musika Eskolan.
1991-1994. Dantza solteko hainbat txapelketatan parte hartu zuen, txikien mailan Ane bere arrebarekin.
1993 Ordiziako Jakintza dantza-taldean hasi zen, Nati Garzia irakasle zuela.
1993-1996 Dantza klasiko ikasketak egin zituen Beasainen Kontxi Aranburu irakaslearekin.
1994-1998 Dantza solteko hainbat txapelketatan parte hartu zuen, helduen mailan Ane bere arrebarekin.
1995 Aurtzaka dantza-taldean hasi zen dantzari, Mikel Sarriegiren zuzendaritzapean. 2014 urtera arte, bertako dantzari eta dantza-maisu izan da.
1995 Bere lehen bidaia egin zuen atzerrira Aurtzaka dantza-taldean, Jakintza, Ostadar eta Iztueta taldeekin batera Bretainia eta Galesera.
1995 Jakintza dantza-taldeko irakasle eta arduradun hasi zen.
1995-2004. Dantza solteko irakasle aritu zen, hainbat eta hainbat bikote trebatuz. Baita soinu-zaharren irakasle ere.
1996 Agintarien dantza-sokako laguntzaile eta dantza-maisua Araman, 2003 urtera arte.
1996. "Dantza berriak doinu berriei jarriak" dantza ikuskizunerako "Danza con noivos" eta "Talamanttuna" koreografiak prestatu zituen, Aurtzaka dantza-taldearekin.
1997. Jesus Mari Garate dantza-maisuarekin hasi zen dantzan.
1997 Agintarien dantza-sokako dantza-maisua Itsasondon, 2001 urtera arte.
1997 Agintarien dantza-sokako dantza-maisua Zegaman, 2013 urtera arte.
1997 Agintarien dantza-sokako dantza-maisua Olaberrian.
1998-2000. Argia dantza-taldearekin “Zortziko” eta "Kondharian" ikuskizunetan parte hartu zuen dantzari gisa.
1998-2001. Nahia dantza-taldean aritu zen Jesus Mari Garateren zuzendaritzapean. ETBko "Olentzero Begigorri" programarako "Sagarraren Adarraren" dantzaren koreografiaren arduraduna izan zen Kimetz Larrañagarekin batera.
2000. Ordiziako Santa Ana eguneko meza nagusian Santa Anaren martxa dantzatzen hasi zen 2014 urtera arte (2005 eta 2011n ezik).
2001. Ordiziako Santanazaleen Kofradiako esku-dantzako dantza-maisu lanetan hasi zen, Enrike Lacalle eta Gurutz Ojangurenekin batera, 2014ra arte.
2002 Aurtzaka dantza-taldearen Villafranca de Bonany-ko (Mallorka) bidaia antolatu eta zuzendu zuen.
2003 Agintarien dantza-sokako dantza-maisua Ordizian.
2004 Dantza solteko ikastaroak eman zituen, Idiazabalen eta Beasainen, Izaskun Salazarrekin batera.
2004 "Goierriko" dantzen ikuskizunerako "Erromeria" eta "Inauteriko arin-arina" koreografiatu zituen Mikel Sarriegirekin batera.
2006 Argentinan izan zen Aurtzaka dantza-taldearekin. Hainbat dantza-ikastaro zuzendu zituen bertako Euskal Etxeetan.
2007 Santanazaleen esku-dantzako aurreskua izan zen.
2007 Igartzako Kofradiaren Ezpata-dantzako buruzagi eta dantza-maisu lanetan hasi zen, 2014 urtera arte.
2009 Santanazaleen kofradiako 500. urteurrena antolatzen aritu zen.
2014 Ordiziako Jaietako txupina bota zuen, Amets Bide dantza-taldearen 50. urteurreneko ospakizuna medio.
2014 Aurtzaka dantza-taldeko haur txikien irakasle hasi zen.