Dokumentuaren akzioak
Dantzaren erreforma Euskal Herrian
Nafarroako EDB-k antolatutako hitzaldietan bigarrena (edo hirugarrena, nondik begiratzen zaion) Joxemiel Bidador-ena izan zen. Bilboko udalak antolatzen duen Miguel de Unamuno saria irabazi zuen 2005. urtean "Dantzaren Erreforma Euskal Herrian" saiakerarekin eta hain zuzen, liburu horren inguruko solasaldia prestatu zuen Joxemiel-ek.
Liburuaren edukinei erreparatu baino lehen, lana osatzeko izan zituen gora-beherei buruzko gogoeta egin zigun: Euskal Filologia bukatuta, ikasten jarraitzea erabaki eta tesi doktorala dantzaren inguruan egiteko erabakia hartu zuen. Hartara, 2 gaiak (filologia eta dantza) lotzeko euskal literaturan dantzaren inguruko erreferentziak aztertzea otu zitzaion. Hortxe izan zuen lehen arazoa: zeinek zuzenduko zuen tesia? filologo batek? historiadore batek? dantzari batek? ez zegoen gai hauetaz behar bezalako ezagupenik zuen irakaslerik. Hori 93. urtean izan zen eta 2005. urterarte ezin izan zuen publikatu.
Arazo hauek aitzakiatzat hartuta Oier Araolazak aurreko hitzaldi batean esandakoarekin erabat ados ez zela adierazi zuen Joxemielek. Oierrek aipatu zuen 3 miloi biztanleko heri batean 10 mila dantzari egotea ez dela krisia. Krisia egotekotan talde eredu zehatz baten krisiari buruz ari garela (azken 25 urtetako dantza taldearen ereduaren krisialdia, hain zuzen). Joxemielek aldiz, krisia egon badagoela adierazi zuen eta bere tesia egiteko eta publikatzeko arazoak horren adibide jarri zituen. Adibide gehiago ere bai: Mundu akademikoan ez da baliabiderik dantzaren alde eta J.A. Urbeltz bezalako pertsona bat-ek ikerketan aritzeko Eusko Jaurlaritzaren soldatarik ez izatea, adibidez, krisi horren ondoriotzat jo zuen Bidador-ek. Arazoa gure gainetikoa da (baita gurea ere noski), agintedunei ez baitzaie dantza interesatzen.
Horrelako ideiak bota ostean liburuaren edukinei erreparatu zien Joxemielek.
DANTZAREN ERREFORMA EUKAL HERRIAN
Liburu honetan dantzak euskal literaturan izan duen presentzia aztertu nahi izan du Joxemiel Bidadorrek.
1978 urtean Peter Burke historiadoreak "Popular culture in early europe" liburua idatzi zuen. Bertan dioenez, klase kulturadunak beti saiatu dira herri kultur moldeak kontrolatzen bi argudiopean:
- ez dira moralki zuzenak
- ez dira estetikoki "egokiak"
Hartara, poteretsuak beti saiatu dira herri kultura kontrolatzen, aldaketen edo debekuen bitartez (ihauteriak horren lekuko). Kultur eliteak eta batez ere eliza izan dira horien erantzule nagusi. Euskal Herrian zeozer izan badugu, horiek apaizak dira, hartara erreforma hauek hagitz suntsikorrak izan ziren gurean. Horren lekuko, XVIII. mendean izan ziren artzapezpikuen 3 ediktu, dantzak galeraziz:
- Miranda Argaiz 1750
- Irigoien Dutari 1769
- Aguado rojas 1787
Bisitarien lekukotasunak ere baditugu. 1840. urtean Dembowsky izeneko Poloniar bat Itzako Erizen (Nafarroa) hartu zuen ostatu. Bere testuetan dioenez, bertako ostalersak bere alabekin dantzarazi zion igande batez, gogoz kontra. Igandero dantzatzen omen zen Erizen, baina orain inork ez du dantzatzen eta inork ez du dantzatzen zenik gogoratzen. Erreformak arrakasta izan zuen.
Misiolari apostolikoak
Misiolari hitza irakurtzerakoan Afrikara, Asiara edo Hego Amerikara doazen apaiz eta mojak datozkigu gogora. Baziren beste batzuk misioak hemen bertan, Euskal Herrian, herriz-herri egiten zituztenak. Oso kristau erradikalak ziren eta normalean uda probesten zuten haien lana egiteko.
Herrira heldu eta funtzio erlijiosoak antolatzen zituzten goiz eta arratsalde. Herritarrek lan egiteari uzten zioten. Herria pekatari hartzen zuten eta astebetez herritarren arima arazten saiatzen ziren, azken egunean konfesioa egiten zutelarik.
Misio hauen ondotik dantzak debekatu zituzten udalen zerrenda ez da txikia. Adibidez Olague (Nafarroa) XVIII. mendean.
Literatura apologetikoa
Herri baten ezaugarriak azpimarratzea du helburu literatura mota honek. Ondokoarengandik bereizten (eta hobe egiten) gaituzten berezitasunak nabarmentzen zituzten. Estatu modernoen jaiotza justifikatzeko sortu ziren doktrina nazionalen ondorio ditugu aldarrikapen hauek. Literatura apologetikoaren adibiderik nabarmenena Euskal Herrian, Aita Larramendi dugu.
Bi ildoen arteko (misiolariak eta apologetikoak) baturak, erromantizismoarekin batera "euskaldun fededun"-aren irudia sustatu zuen. Ildo honen irudiko, euskal dantzak (gipuzkoako dantzak Larramendiren kasuan) ez dira pekatu-bide izanen, dantza puruak izanen dira eta horiek bakarrik dantzatu ahal izanen dira (kanpotik etorritako dantzak berriz ez dira egokiak izanen).
Nazionalismoa
Bide beretik joanen da euskal nazionalismoa ere. Sabino Arana-rendako dantzak garrantzia izanen du, osagai bereizgarri den heinean.
Durangaldeko Dantzari-dantza ("Ezpata-dantza" haien esanetan) hartu zuen dantza nazional gisa. Horren lekuko dugu, oraindik orain, Leitzan urtero egiten den Ezpata-dantza.
Gerra ostean dantza taldeen sistema jarri zen abian. Erregimenaren aldeko korronteetan ere, dantza taldeak sortu ziren apologetikoen antzeko justifikazioekin: euskal dantzak dantza espainiarrak dira eta beraz dantza puruak, ez kanpotik datozen horiek bezalakoak! Horrelakoak idatzi zituen Olaetxea gotzainak (1941), besteak beste.
Gisako ideiak zituzten hainbat dantza talde sortu ziren garai haietan, antzeko ideiak zituzten pertsonaien eskutik:
- Educación y Descanso
- 1931 Muthiko Alaiak (Baleztena Carlistak sortu zituen, nahi orain ez duen ideologia horrekin deus ikustekorik)
- Francisco Beruete, Lizarran (Larrain-dantza ber-indartu eta Lizarrako dantza gehienak ber-asmatu zituen).
- Francisco Arrarás (Iruñeko Udal dantzari taldearen zuzendaria).
- Tuterako dantza taldea (gaur egun dantza talde mota honen azken relikia).
Autoreak
Manuel de Larramendi (XVIII. mendea):
Jesuita izan zen eta euskal literaturaren bultzatzaile hego Euskal Herrian. Loiolako santutegiaren inguruan literatur mugimendua antolatu egin zuten. Larramendik euskal hiztegia, garamatika,... idatzi zituen, idazleei herramintak eskaintzearren.
Esan bezala, lan apologetikoa ere egin zuen. Horren adibide "Coreografía de la Muy Leal Provincia de Guipuzoa" liburua (1754). 4 kapitulu oso eskaini zizkien dantzei. Gipuzkoako dantzen lehenbiziko sailkapena egin zuen bertan. Dantzak gipuzkoartasun sentimenduaren zati garrantzitsu dira bere ustez.
Sebastian Mendiburu (XVIII. mendea):
"Kristauaren doktrina edo katezismo luzea" idatzi zuen 1764. urtean. Dantzaren kontra egiten zuen eta Larramendik esan zion dantzari buruzko erreferentziak kenduta soilik, argitaratuko zutela. Pasarte bitxi hau ere horren karietara dator:
Ya hacia 1754 el padre Larramendi (1882: 240) refería el caso de una localidad vasca donde el fervor eclesiástico había hecho desaparecer los bailes, y al cabo de un año se habían producido tantos nacimientos ilegítimos que se hizo preciso como remedio volver a ellos. (Karlos Sanchez Ekiza-k hemen).
Francisco Palacios (XVIII. mendea):
Franziskotarra. 1788. urtean Balmasedako herri guztia mobilizatu egin zuen erretoreak herriko txistulariaren semea konfesatu egin zuelako. Dantzak galarazi nahi izan zituen. Baina Balmasedako udala ilustratua zen eta ez zituen dantzak debekatu nahi izan, eta haien kordako apaizei galdetu ondoren dantzak mantentzea erabaki zuen. Palacios-ek honako liburuarekin erantzun zien: "Respuesta satisfactoria del Colegio de misioneros de N.P. San Francisco de la villa de N. Zarauz".
Frai Bartolome de Sta Teresa (XIX. Mendea):
"Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba" (1816) izeneko liburua idatzi zuen. Euskal herrietako dantzei buruzko analisi morala egiten du bertan (soka-dantza, porrusalda, jota, saraoak,...).
Joakin Lizarraga (XIX. mendea)
Elkanoko (Nafarroa) apaiza izan zen. Bere lanetan, dantza bekatu-bide izan zitekeela aitortzen zuen, baina berez bekatua zenik ukatu.
J. I. Iztueta
Iztuetarena kasu bitxia da Joxemiel-endako. Koltxoi-gile famili txiro batean sortua, gizartearen goi-mailara heldu zen. Gauza bitxiak egin zituen. Adibidez, soinu-zaharrak aldarrikatu (Larramendik 100 urte lehenago aipatu ere ez zituen egin).
Bidadorrendako interesgarria izan da Iztuetak erabili omen zituen iturriak aztertzea:
Benito Jeronimo Feijoo:
Feijoo XVIII.mendeko erreformatzailea izan zen. Benediktarra. Herriaren kulturalizazioaren aldekoa zen. Bere idazkietan dantza eta musikaren inguruko erreferentziak zirriborratuak izan ziren (garai hartako zentzura neurri ohikoa). Misiolari apostolikoen kontrako jarrera argia erakutsi zuen. Larramendiren sokakoa.
Domingo Ignacio de Egaña:
"El guipuzcoano ilustrado" (1780) idatzi zuen. Dantzei buruzko erreferentziak daude bertan. Berak dioenez, dantzen debekuen kontra dago, dantzek bestelako arazoak estaltzeko balio baitute (herria pozik baitago dantzan). Hobe da beraz, dantzak kontrolatzea, debekatu gabe, bestelako arazorik sor ez dadin.
Juan Antonio Iza de Zamacola:
"Don Preciso" ezizenez ere ezagutua, Bertako eta kanpoko dantzen arteko eztabaidetan parte hartu zuen Madril-en. Seguidillak, poloak eta tiranak bildu zituen. Baita dantzarako tratatua egin ere: ("Elementos de la ciencia contradanzaria para que los currutacos, pirracas y madamitas de nuevo cuño aprendan por principios a bailar las contradanzas por sí solos o con las sillas de su casa").
Melchor Gaspar de Jovellanos
Ilustratua eta espia izan zen Jovellanos. Dantzen bildumak egin zituen. Argi zuen herria kontrolpean mantentzeko dantza egiten uztea beharrezkoa zela (ordena, duintasuna eta alaitasuna). Dantzak herriaren kontrolerako herraminta gisa ikusten zituen.
Zer da Iztuetak egin zuena?
- 1824, urtean liburua publikatu zuen (Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira). Soinu-zaharren aldeko apostua egin zuen, brokel-dantza ia aipatu gabe.
- 1826an dantza horien partiturak publikatu zituen.
Larramendik euskerarekin egin bezala (idazleendako herramintak: hiztegia, gramatika,...) Iztuetak gauza bera egin zuen dantzekin: lehenbizi haien apologia, ondotik urratsak deskribatu eta azkenik musika karrikaratu.
Iztuetak erreforma zuen buruan. Hedatua eta zabaldua ez zen eredu bat ezartzen saiatu zen.
ONDORIOAK
- Europa guztian bezala, Euskal Herrian ere eman zen herri kulturaren erreforma saiakerarik (batez ere dantzaren alorrean).
- Batez ere apaizak izan dira erreforma horien bultzatzaile (erreforma morala).
- Herri nortasunaren apologia egiteko erabilia izan da dantza (foralisten eta nazionalisten eskutik).
- Hemendik aurrera guk, dantzariok, egin behar dugu dantzaren erreforma.
Oso interesgarria iruditzen zait azken gogoeta hau: Zein nahi dugu izatea dantzarion funtzioa XXI mendean?
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aritz Ibañez Lusarreta
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
Krisia bai ala ez kontu horrekin ez daukat tematzeko asmo handirik. Ados nago Joxemielekin dantzaren egoera tamalgarria dela salatzeko orduan: argitaratzeko aukerak, ikerketarako laguntza eta azpiegiturak, eta oro har, agintariei ez zaiela dantza interesatzen dioenean. Hala ere, dantzaren inguruko zenbait elkartetatik krisiaz hitzegin denean ikuspuntu kuantitatiboa baino ez da aipatu izan: dantzari gutxiago, taldeak irauteko arazoak, emanaldi gutxi ditugu, mutilak falta dira taldeetan, etorkizuna zalantzan,... Eta horren aurrean dator nire purrustada. Kuantitatiboki ez dut krisirik ikusten, kualitatiboki, funtzionalki, estrukturalki eta erakundeen babesaren aldetik krisia baino gehiago... basamortua. Eta noski, azken galderarekin bat egiten dut, nortasun krisiaz ari baita hor, eta uste dut horixe dela gure buruari egin beharreko oinarrizko gogoeta: Zein nahi dugu izatea dantzarion funtzioa XXI mendean?
Hau kronika dotorea! Benetan interesgarria iruditu zitzaidan azkeneko hitzaldia, pena bakarra beti bezala gutxi gerturatu izana, eta baita gaztelaniaz egin behar izatea baina horrela denongana iristeko aukera dugu. Nire anaiak eta nik etxeratzerakoan abesti bera genuen buruan eta grazia egin zidan kontzidentziak. Nafarrok ezagutuko duzue, bertzeok ez dakit. Nire etxean bi bertsio daude:
Aitaren etxekoa:
"Y el obispo le dijo al alcalde,
quita el baile, quita el baile,
y el alcalde le dijo al obispo,
quita la misa mayor".
Nire amarenekoa:
"Y el alcalde le dijo al obispo,
viva cristo, viva cristo,
y el alcalde le dijo al obispo,
viva Cristobal Colón.
Y el obispo le dijo al alcalde,
menos baile, menos baile,
y el obispo le dijo al alcalde,
menos baile y más religión"
Musika Otsagabiako dantzen pañuelo dantzarena da.
Hurrenerarte