Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezpata-dantza herriko plazan

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantza herriko plazan

Urtero bezala, ezpata-dantza saioek jende asko bilduko dute Leitzako jaietan

Egilea
Iker Frias
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/08/11

Ezpata-dantzak jende asko erakartzen du plazara, eta Fermin Barriola Leitzako Udaleko zinegotziaren esanetan, «gaurko dantza saioak eta biharkoak izanen dira jende gehien bilduko duten ekitaldiak». Aurrera Elkarteko dantzariek emanen dituzte bi dantza saioak, eta herri guztia bertan egoten dela esan du Barriolak.

Dantzek arrakasta handia dute Leitzan, eta ezpata-dantza jatorriz leitzarra ez izan arren, herrian oso errotuta dagoela esan du Barriola zinegotziak. «Ezpata-dantza Espainiako Gerra baino lehen iritsi zen herrira, eta gaur arte mantendu egin da». Leitzako jendeak dantza hori berea balitz bezala sentitzen duela ere esan du zinegotziak.

BIZKAITIK EKARRITAKO EZPATA-DANTZA. Dantza mota hori Bizkaian sortu zen, baina, gaur egun Leitzan dantzatzen den ezpata-dantza eta Bizkaian dantzatzen dena ez dira berdinak. Bizkaitik ekarri zuten moduan mantendu da dantza Leitzan, eta Bizkaian, aldiz, denboraren poderioz, aldatuz joan da. Gainera, azkeneko urteetan, Bizkaiko hainbat herritan dantzatzen ziren ezpata-dantzak elkartu, eta ezpata-dantza bateratu bat egin dute.

Basauriko dantza jaialdi batean ohartu ziren leitzarrak Leitzako ezpata-dantzaren berezitasunaz. Hala dio Barriolak: «Dantza jaialdi batera gonbidatu gintuzten, bertan gure ezpata-dantza dantzatzeko, eta han, bertako zaharrek esan ziguten gure dantzatzeko era ezagutzen zutela eta gaztetan eurek ere modu berean dantzatzen zutela».

Ezpata-dantza dantzatzeko desberdintasun nagusiak hankak altxatzeko eta birak emateko moduetan ikusten dira. «Xehetasunak dira, baina horrela ez bada dantzatzen, asko aldatzen da dantza», nabarmendu du Barriola zinegotziak.

HERRI KIROLAK. Gaur arratsaldeko zazpietan, herriko plazan, aizkolariak eta harri-jasotzaileak egonen dira. Harri-jasotzaileen artean, besteak beste, Mikel Saralegi eta Inaxio Perurena -Iñaki Perurenaren semea- leitzarrak arituko dira. Barriolak dioenez, «Leitzan, herri kiroletarako ohitura handia daukate, eta festa batzuk herri kirolik gabe ez dira benetako festak». Horregatik, hiru egunetan antolatu dituzte herri kirolak.

############

Gaur zer

Gaur

08:00: Diana txistulariekin.

09:00: Entzierroak eta behiak plazan.

10:30: Meza.

12:00: Aurrerako ezpata-dantzariak, eta ondoren, afizionatuen arteko pilota partidak.

13:00: Aurreratik Incansables txaranga aterako da.

18:00: Zezenak plazan.

19:00: Herri kirolak plazan.

19:30: Buruhandiak Incansables txarangarekin.

00:00: Gaubela taldearekin dantzaldia.

Bihar

11:30: Ordiziako erraldoiak.

18:00: Zezenak plazan.

19:00: Aurrerako dantzariak plazan.

22:00: Zezensuzkoa.

00:00: Dantzaldia J & K taldearekin.

############

Dokumentuaren akzioak