Dokumentuaren akzioak
XX. Mendea
Garai: Santiago 1985 Dantzari-dantza eta soka-dantza
Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak sareratu du honako grabazio historiko hau orain ere. Garain, 1985eko uztailaren 25ean, Santiago egunean egindako filmaketa da. Goizeko meza ondoren prozesioan abiatzen dira San Migel elizatik Santixau eliz berrira, eta prozesioan San Inazio martxa jotzen dute txistulariek. Behin Santiago elizara iritsita bandera dantzatzen dute eta segidan Gernikako Arbola dantza egiten dute dantzariek. Santiagoren irudia eliza barruan utzi eta biharamun arte bertan geratuko da, Santa Anaren irudiarekin batera. Elizaren kanpoaldean dantzari-dantza osorik (agintariena, zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makila jokoa, txotxongiloa) eta soka-dantza edo erregelak eskaintzen dituzte dantzariek.
Grabazioa egin zen urtean, 1985ean, dantzatu zuten dantzarien eta txistularien izenak ere jaso dituzte Andra Mariko kideek. Bandereroaren lerroan, aurretik atzera hauek aritu ziren: Jose Mari Mandiola, Angel Mari Milikua (Txepe), Pedro Mari Larrinaga eta Juanjo Berasaluze. Beste lerroan aurretik atzera: Miguel Milikua, Jabier Aresti, Iñaki Zabala eta Juan Carlos Oarbeaskoa (Paulo), Txistulariak berriz: Karlos Oregi (Santos Oregin semea) eta German Aldekoa. Atabaleroa: Jon Aldekoa.
Garai, Santiago, dantzari-dantza eta soka-dantza, Andra Mari dantzari taldearen grabazioa, 1985-07-25.
Dokumentuaren akzioak