Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

lesaka etiketa duten bideoak

Lesaka: San Fermin 2019 soka-dantza

San Fermin Eguneko Lesakako dantzarien arratsaldeko saioa jaso dugu bideo honetan. Eguneko bigarren saioan soka-dantza dantzatzen dute eta honako egitura du dantzak: zantzo-monona edo mutil-dantza, esku-dantza edo neska-dantza, agurra, jota, arin-arina eta esku-dantza edo neska-dantza.

Hamabost ezpata-dantzariak plazaren ingurua zantzo-monona edo mutil-dantza dantzatzen hasten dira. Txistularien doinuan pausoak ematen hasten dira mantso-mantso eta bat-batean abiadura aldatu eta urrats bizkor eta arinak eginez plazari itzulia ematen diote. Dantzariei begira dauden herritarrek gogotsu animatzen dituzte dantzariak oihuka. Horrela ari direla bikoteka elkarri begira jarri eta zenbait salto ere ematen dituzte. Guztira bi itzuli ematen dizkiote ezpata-dantzariek plazari. Dantzaren amaieran lerroko bigarren eta azken aurreko ezpata-dantzariak dantzara sartzeko zain dauden emakume dantzarien bila joaten dira.

Horrela hamabost ezpata-dantzariak eta hamabost neska dantzariak tartekatuta sokan plazara sartzen dira esku-dantzaedo neska-dantza dantzatuz, elkarren artean zapi gorriz elkarturik aitzineskua lehena dela. Aurtengoan Igor Gurrutxaga izan da ezpata-dantzarien kapitaina edo aitzineskua. Zeharkakoaren antzeko pausoak markatuz plazan bueltaka dantzatzen dute. Neskak aurrera begira joaten dira dantza osoan zehar, ezpata-dantzariek itzuli erdia eman eta bikoteari begira jartzen dira zenbait momentutan, tarte horietan hiru salto egiten dituzte. Plazan zirkulua osatu eta gelditu egiten dira, orduan, aitzineskua plazaren erdi aldera ateratzen da eta bere bikoteari agurra dantzatzen dio. Jarraian denek jota eta arin-arina dantzatzen dute eta berriro denak sokan elkartuta esku-dantzan irteten dira plazatik.

Irudiak: Eire Vila. San Fermin, soka-dantza, Lesaka, 2019-07-07.

Dokumentuaren akzioak