Zuberoako maskaraden hariari tiraka
Hitzaldi dantzatua genuen iragarria: hitzez, irudiz, doinuz eta dantzaz gaur egungo Zuberoako maskaraden eta bertan jasotzen diren dantza moldeen nondik norakoak azaldu dizkigu Jon Iruretagoienak (Maritzuli konpainiako beste zenbait dantzari eta musikariren laguntzaz).
Hitzaldi dantzatua genuen iragarria: hitzez, irudiz, doinuz eta dantzaz gaur egungo Zuberoako maskaraden eta bertan jasotzen diren dantza moldeen nondik norakoak azaldu dizkigu Jon Iruretagoienak (Maritzuli konpainiako beste zenbait dantzari eta musikariren laguntzaz).
Luis XIV eta dantza akademiaren sorrera
Hasteko, aurrekarien bila Zuberoako maskaradako dantzen hariari tiraka, XVII. mendera arte eraman gaitu Jonek, Luis XIVren gortera eta bertako la bell danse hartara. Zehaztasunez betetako dantzak omen, pertsonaren maila eta kualitate moralaren bereizgarri ziren. Lerrotan nahiz borobilean burutuak, la passepied, la bourre, le menuet, la courante, des branles, eta des gavottes bezalako dantza izenak apuntatu dizkigu. Izan ere, 1661 urtea bereziki azpimarratu digu Jonek, Luis XIVa tronura igo zen urtea hain zuzen. Berehala dantza akademia martxan jartzen du errege jarri berriak eta zenbait urte geroago, bide honetatik, Jean-Baptiste Lullyk opera frantsesa sortuko du, balleta eta garaiko literatura testu konplikatuak uztartuko zituen ikuskizun mota.
XVIII. mendea, kontra-dantzaren mendea
Kontestu honetan Ingalaterratik country-danceak sartzen dira kontinentean, zuzenean gorteetan, eta beste zenbait dantza baztertuak izango dira kontra-dantza hauen arrakastak bultzaturik. 1789ko iraultzarekin batera, Frantziak izango duen aldaketa sozio-politikoa dantzetan ere ematen dela jakin arazten digu: azken urteetan gorteetan zaildutako kontra-dantzak burges berriek ere dantzatu nahi dituzte nobleen ondoan. Borobileko dantzak modan jartzen dira eta branleak ere berpiztu egingo dira.
Kontra-dantzak XVIII. mendean eta XIX.aren hasieran bilakatuz nola joan ziren apuntatu digu Jonek jarraian, quadrillearen sorrera eta honen urratsen zailtzea, goi mailako dantzarien esku gelditu arte; Vestris edo Dupont izendatu dizkigu. Haien zailtasunaren ondorioz, XIX. mendean sartu eta bigarren laurdenetik aurrera desagertzen joango dira poliki poliki eta armada izango da quadrilleak bere egiten dituena soldadu gazteen prestakuntzarako baliatzeko.
Kontaketaren une honetan, narrazioan etenaldi bat egin dugu eta esandakoak ilustratzeko, Maritzuliko zortzi lagunek -era egokian musika eta jantzi ikusgarriz atonduta- garaiko kontra-dantza zenbait izan zitezkeenaren hiruzpalau pieza interpretatu dizkigute.
Dantza frantses armadan
Berriz ere armadan utzia genuen kontakizunari helduz, quadrilleez gain danses de caractere ekarri ditu gogora. Hauen jatorria Ingalaterrako character dancetan dagoela azaldu digu, eta hain zuzen ere karakterizaturiko dantzariengan dutela oinarria. Hasieran ballet-pantomime izena hartuko dute -dantza eta pantomimaren arteko uztartzea- eta XIX. mende ingurura arte luzatuko da beren ibilbidea.
Dantza frantses armadan barneratzearen modua ulertze eta osotze aldera, mende bat lehenago Jean-Georges Noverre balleteko maisuak idatzitako Lettres sur la danse et les ballets, dantzaren inguruko teoria liburua, aipatu digu. Garaiko moldeak kritikatu eta dantzariak karaktere dantza hauek dantzatzeko nolakoa izan behar duen jasoko du liburuak (gerora balletaren bilakaeran eragin zabala izango du han idatzitakoak). Lehen aipatutako Auguste Vestris karaktere dantza hauen erakusle nagusienetakoa bihurtuko da; haren dantzakera indartsu, zehatz eta, era berean, arrakastatsua izan ziren armadara jauzi egingo zuena 1792an soldaduen prestakuntzarako baliabide gisa kadrile edota esgrimarekin batera.
Behin dantzak armadaren barruan kokatuta, hemen dantza molde hauetan trebatutako soldaduek prevot de danse edo maitre izateko aukera zutela azaldu digu, erakutsitako mailaren arabera; dantza-maisu alegia. Maisu izateko le anglais izeneko pieza dantzatu beharra zegoela jakin dugu eta prevot izateko berriz vestris-en gabota.
Hona iritsita, Provença aldean oraindik gaur egun aurki daitekeen adibidea ikusi dugu bideo batean.
Frantses armadatik Zuberoara
Soldaduzka bukatu ostean, gizon gazte haiek, prevot titulua izan ala ez, dantza heziketa zorrotz batez jantziak bueltatzen ziren etxera, eta jazoera hau zenbait lekutan herriko kulturan txertatu zen, ohituretan eta nola ez, dantzetan; Zuberoan kasu.
Bost dantza maisu edo prevot zuberotar badirela behintzat adierazi digu Jonek eta, haietan azkena, Barkoxeko Martin Hegoburu, armada frantsesak emandako azkena ere izan omen zen. 1870-1890 urteen bitartean kokatzen dira denak ere, armadatik bueltatzen zirela, eta hain zuzen ere garai horretan jasoak ditugu maskaradetan ematen diren aldaketarik nabarmenenak, eta ez dela kasualitatea nabarmentzen du Jonek: zenbait pertsonaia desagertzen dira, beste zenbaiten sorrera eta eraldaketa (aitzindariak kasu) ematen da zeregin berriak hartuz, eta nola ez, armadako teknikaren txertatzearekin, urratsen aldaketa gertatzen da, dantza bera zailduz. Doinu eta dantza berriak ere azalduko dira, gabota adibidez; vestris-en gabota haren usainera Zuberoara XX. mende hasieran heltzen dela uste da Jonek adierazten digunez, 1900-1914 bitartean.
Une honetan, mikrofonoa utzi eta Jonek berak Vestris-en gabota jatorrizkoa izan zitekeenaren erakustaldia egin digu denon gozamenerako. Dantza saioa bukatu eta atsedenaldi bat egin dugu, Jonek arnasa berreskuratu eta ikus-entzuleok hankak luza genitzan.
Atsedenaren ostean, berriz gabotarekin jarraitu dugu, baina oraingoan bost aitzindariek Zuberoako gabota dantzatu digute ia bi menderen osteko vestris-en arrastoari jarrai ziezaiogun, bai doinu eta bai pauso segida ere mantendu direlarik, Jonek ohartarazi bezela.
Maskaradako aldaketen narrazio honetan godalet dantza nabarmentzen da, nola funtsezko parte izatera pasatu den, lehengo moldeari kontrajarriz dantzarien bakarkako lana nabarmenduz.
Lehenagoko aitzindariak berriz erdigunera atera zaizkigu orduan eta godalet dantza burutu dute pasartea osotzeko.
Amaitzeko, ordura artekoak laburbildu dizkigu Jonek, eta atzetik parte hartzaileek luzatutako galdera eta komentarioeri erantzunez joan da azken zatia. Esker onak ere banatu ditu Jonek lan horretarako akuilu izan dituenak gogora ekarriz, eta bukaerako tarte honetan, Claude Iruretagoienak (Jonen aitak) ere parte hartu du maskaraden gaineko zenbait pertsonaiaren gaineko interpretazio interesgarriak hara hurbildutako guztiokin konpartituz.







