Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Ituren: soka-dantza 1951

Dokumentuaren akzioak

Ituren: soka-dantza 1951

2015/01/30 10:20
Iturengo soka-dantzaren 1950eko hamarkadako zenbait irudi eder ikus daitezke filma honetan. 1951ko uztailaren 8an Iturenen egindako soka-dantzaren edo dantza-luzearen irudiak dira. Egun horretan, Jose Ignacio Telletxea Idigoras, historialari eta irakasleak, apaiz berritan bere lehen meza eman zuen Iturenen. Donostian jaio zen Jose Ignacio Telletxea 1928an, eta apaiz ikasketak eginda lehen parrokia Ituren izan zuen. Beraz, lehen meza eskaini ondoren, elizatik plazara joaten ageri dira herritarrak, eta behin plazan beren herriko, Iturengo soka-dantza dantzatuz ospatu zuten eguna. Gizon talde batek irekitzen du plaza eta zortzikoa dantzatzen ageri dira lehenengo. Ondoren, emakumeak zapiekin sartuko dituzte sokan eta sokan dantzan jarraitzen dute. Azkenik dantza soltean ageri dira herritarrak. Irudiak: Jose Ignacio Azpitarte Telletxeak sareratuak. Ituren, soka-dantza, 1951-07-08.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

2015/01/30 20:46
Benetan interesgarria dokumentu hau. Oso kuriosoa azken urteotan berreskuratutako soka-dantzarekin, 2013ko erreportai honetan ikus daitekeen bezala:

http://dantzan.eus/[…]/ituren-besta-berri-2013-soka-dantza


1951ko honetan arreta piztu didaten adibide batzuk:

- Soka-dantza honek itxura popularragoa du, baita ganberroa eta kaotikoa ere hainbat momentutan. Dantzari 'txarrak' ere antzematen dira (herritarrak, entrenatu gabeak, ahal dutena egiten dutenak, baina festan parte hartzen).

- Mutil-dantza edo zortzikoaren partean, Baztango dantzakeraren pareko egiten dute. Gaur egun, ordea, denbora guztian besoak altxatuta. Zergatik hori? (zergatik gaur altxatuta, beste inon ez denean hala egiten?)

- Kuriosoa halako batetan zapiak banatzen ikusten den gizonezkoarena...

- Sokaren partean, antzeman daiteke sokaren hasieran doazen emakumeek gizonezkoen erritmo patroi bera markatzen dutela. Hau da, nolabait jartzearren, ra-ta-tan_ tan_ tan_ (Baztango zortzikoaren patroia). Gaur egun, ordea, emakumezkoek denbora guztian ra-ta-tan_, ra-ta-tan_...

- Soltean, agerikoa da dantzakeraren aldaketa. Gaur egun, eredu estandarra, eta denok berdin (ikasia). 1951koan, aniztasun handiagoa ikus daiteke, eta beste 'aire' bat. Beste detaile bat, gaur egun ilaran jarrita; 1951koan, aldiz, parez-pare binaka bai, baina bai korru ezberdinetan, bai bikoteka ere antolatuta.

2013ko erreportaian ere aipatzen dute egun berezietan ere egin ohi zela soka-dantza, eta adibidea aipatzen dute apaiz berriak lehenengo meza eman zuenekoa. Hauxe izango da egun hori, beharbada...

Zein eredu jarraitu? Beste ikerketa eta dokumentazio lanik gabe bada ere, 1951ko hau freskoagoa egin zait niri (bai gustagarriagoa ere).
2016/02/23 00:06
Andres Iñigo Ariztegik, Iturengo ondareari ekarpen ederra eginez, bideo honetan agertzen diren lagunen identifikazioa egin du.

Ituren, 1951-07-08
10’’. Txistulariak: Miguel Makutso, Burriñenekoa [Burriñenea etxe izena] eta Iñaki Aizkorbe, Azentzenekoa. Atabalaria: Jexux Azpiroz, Iturengo Apezenekoa. Segizioa elizara bidean doa, Pioinea eta Arriberria etxeen parean, Saturnino Telletxea, Iñarrekoa, buru duela -Saturninok suziriak botatzen zituen-.

11’’. Herriko bandera daramana Eustakio Elizalde Arrosenekoa [Arrosanea] da.

13’’. Balentina Idigoras, Jose Ignazio Telletxearen amaren ondoan, Martin Aizpurua doa, Apeztegikoa, garai hartan alkate zen eta ibilbidean barna behin baino gehiagotan ageri da. Haren ondotik, Ignazio Elizalde, Lopetxenekoa [Lopetxonea], eta Periko Mikeo, Aurtizko Apezenekoa.

16’’. Apez betaurrekoduna Tomas Lizarraga, garai hartan Iturengo apeza zena eta don Faustino Arbizu, erretorearen laguntzailea. Gainerako apezak beharbada Jose Ignazio Telletxearen ikaskideak eta lagunak, Jose Maria Setien eta beste batzuk.

17’’. Apezen gibeletik heldu direnak, hauexek: ezkerretik eskuinera, Antonio Goñi, Xixternekoa [Sastrearena], Joxe Ariztoi, Pioinekoa, Ramon Mutuberria, Sotillenekoa eta Maurizio Azkue, Lopenekoa. Joxeren eta Ramonen gibelean, Mattin Azkue, Lopenekoa.

54’’. Martintxo alkatea eta Nikasio Labaien, Juantsenekoa [Joansantzenea].

1’07’’. Nikasioren gibelean, Benedikto Vicente, Herriko Etxeko idazkaria. Benediktoren gibelean, Joxe Ariztegi, Manekoa [Marenea].

1’13’’: Lehen lerroan, Francisco Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita], Periko Mikeo eta Ignazio Elizalde. Gibelean, Joxe Mari Urroz, Barbenekoa [Barberenea], Domingo Aizpurua, Betenekoa [Beruetenea]. Ignazio Elizalderen eskuinean Jorgitto, Altxunekoa ageri da eta Ignazioren gibeletik, Maximo Ariztegi, Prosentzenekoa [Perosantzenea], aipatutako Joxe Ariztegi, eta Luis Mari Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita].

1’33’’. Zortzikoa edo mutil dantza, plazan. Ignazio Elizalde, Joxe Mari Urroz, Serapio Sagaseta –txalekoarekin- Palazioko bordakoa, Eustakio Elizalde, Antonio Goñi, Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Aranburunekoa, Bautista Bereau, Tolatekoa [Tolaretea], Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Martintxo Baleztena, Iturengo Errandenekoa [Errandonea] eta, azkena, Maximo Ariztegi.

2’11’’. Soka-dantza. Serapio Sagaseta, Maria Angeles, Ignazio Telletxearen arreba, Bautista Bereau...

2’ 38’’. Ignazio Elizalde... eta lau haur pareta kontran. Horietan ttikiena, ustez, Andres Iñigo.

2’ 59’’. Luisa Urroz, Alontsenekoa [Alontsonea], Joxe Mari Urroz, Antonio Goñi... ageri dira.

3’10’’. Victor Sagardia apeza, Palaziokoa, ageri da, ezkerraldean.

3’17’’. Plazaren erdian, ustez, Ignazio Iturbe, Alontsenekoa [Alontsonea].

3’37’’. Saturnino Telletxea, botila eskuan, eta Ignazio Elizalde.

Emakume gehienak agian Telletxearen familiakoak edo lagunak izanen dira, egun horretarako Donostiatik Iturenera etorriak.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.