Dokumentuaren akzioak
Ezpalak 2010. Iruñeko emanaldiaren kronika
Aurten behintzat eguraldiaren aitzakiarik ez genuela izanen argi geratu zen goiz samarretik. Alde zaharraren eguna ospatzen zen gainera Iruñean eta giroa ere ziurtatuta zegoen. Dantzari eta musikarien lana baino ez zen falta.
Ordu batak inguruan hasi ziren heltzen Luzaide, Donostia, Baztan, Ossau, Lapurdi eta Bizkaiko lagunak. Bazkaldu ondotik, 5:30etan ekin genion lanari, alde zaharretik egindako kalejirarekin. 6:00etan eman genion hasiera emanaldiari.
Dantzan lehenak etxekoak izan ginen. Duguna dantza taldeko txikiek Hegi egin zuten eta nagusiek (eta hare nagusiagoek), Ainhoarrak.
Argia dantzari taldeko dantza-maisuen txanda heldu zen ondotik. 60. hamarkadan iparraldeko hainbat bazterretan ibili ziren bertako dantzak ikasten, baita Zuberoan ere, eta bertako maneran eskaini zizkiguten Aitzina-pika eta Ostalertsa, Juan Antonio Urbeltz buru zutela, Jexux Larreak, Fernando Aristizabal-ek eta Claude Iruretagoienak. Marian Arregik eta Mikel Urbeltz-ek jarrio zioten doinua bi jauzi horiei.
Donostiatik berriz ere jauzi (eta hiru!) egin genuen Nafarroa aldera, Baztanera hain zuzen. Bertatik etorri zitzaizkigun Baztandarrak izeneko taldea, Javier eta Patxi Larralde txistulari eta dantza maisuek gidatuta. Dantza-jauzien sisteman berean sar ditzakegun mutil-dantzak eskaini zizkigute haiek. Aunitz-urtez, Zazpi-jauzi zaharra, Muxikoak eta Baztango zortzikoa eskaini zituzten eta pilatu ziren ikusleen txalo zaparradaren babesean utzi zuten plaza.
Nafarroatik irte gabe, baina ekialderuntz joz, Luzaideko Bolantak etorri zitzaizkigun ondotik. Haien jantzi koloredun eta musika alaiarekin berriz ere txalo zaparrada atera zieten ikusleei. Euskaldunak, Sorginak, Hegi, Marianak eta 2. eta 4. Kontra-dantzak egin zituzten Luzaidar dantzari gazteek.
Euskal Herritik aldentzeko garaia heldu zen orduan, baina ez sobera. Frantziako Ossau haraneko Laruns herritik dantzari eta musikari talde jatorra heldu zitzaigun. Beren dantzak eta doinuak ikusi eta entzuterakoan jabetu ahal izan ginen, haien dantzek gureekin dituzten antzekotasunez. Haien dantzak Sauts Basques deitzen ez dituzte ba! La Crabo (ahuntxa), Le Munein (Moneinak) eta Le Moutchicou (Muxikoak) eman zituzten haien emanaldian.
Biarritz-etik heldu zitzaigun Maritzuli konpainia. Bere buru Claude Iruretagoiena dantza-jauzien inguruan gaur egun dagoen espezialista handienetakoa da. Maritzuli konpainiak aurkeztu duen azken ikuskizunean, Aurrez aurre izenekoan, jauziak dantzatzeko zeuden estilo desberdinak bildu ditu eta horiekin batera, dantza-jauziak desafio joko moduan dantzatzeko zegoen ohituran oinarrituta errekreazioak egin ditu, eta hori bera erakutsi zuten Iruñeko emanaldian. Azkaindarrak eta segidak (Lakartarrak eta Ahuntxa) eman zituzten haien saioan, Aiko taldearen musikaren doinupean.
Bukatzear geunden (nahi baino gehiago luzatu zitzaigun saioa ordurako), baina akitu aitzin, dantzakera ezberdinak elkarrekin erakusteko saiakera egin genuen dantza talde ezberdinetako dantzariek. Esaterako, Amikuzeko Gabota eta Muxikoak dantzatu genituen Maritzuliko eta Dugunako dantzariek batera.
Baztandarrek eta Dugunakook berriz, Añoar-ttipiak izeneko jauzia eman genuen mutil-dantza eta jauzi gisan aldi berean.
Dantza taldeon emanaldia amaituta, ikusleen artean zeuden dantzarien txanda heldu zen, izan ere, Aiko taldeko lagunen eskutik dantzaldi irekia izan baikeguen postrea! Mutil-dantzak (Larraldetarrek emanak), jauziak eta jota, porru eta arrimatekoren batekin amaiera eman genion Iruñeko jardunaldiari.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05