Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Etxabe Folklorea uda garaian

Dokumentuaren akzioak

Folklorea uda garaian

2017/10/28 12:00

San Simon eta San Juda,
joan zen uda,
eta negua heldu da.

Kopla zaharrari kasu eginez, eta beheko argazkiari begiratuz – non ikusten baita Zarauzko Narrosenean jendea erruz, beraneante aberatsek ordaindutako txokolatea hartuz udako azken festa ospatzen urriaren 28an, San Simon eta San Juda egunean –, oraindik uda garaian geundeke. Baina, jakina denez, kontu horiek aspaldi bukatu ziren; orain, telebistan esaten digute – non bestela? –, eguraldiaren berri ematen digutenean, astronomiaren datu zehatzei kasu eginez, noiz bukatzen den uda.

Uda bukaerako txokolatada Narrosenean (1919) (Argazkia: Ramon Serrasen artxiboa)

Berdintsu zait niri, ordea: oraingoan, uda garaiaren eta folklorearen arteko harremanari begira jarri bainaiz. Izan ere, uda partean ugaritu egiten dira folklore-adierazpenak, beste aktibitate batzuk apaltzen diren modu berean. Kasualitate hutsa ote da? Ba ote dago benetan “uda garaiko” folklorerik? Zenbateraino dabiltza folklore taldeak “uda garaiko” bizimoduaren anparoan, edo haren menpean? Uda honetan kostaldean, batik bat Donostialdean, ezagutu dugun turismoaren inguruko eztabaidak ba ote du lekurik dantza taldeen programazioan? Galdera asko eta, betiko moduan, “bai” edo “ez” gutxi erantzunetan; baina saiatuko naiz, gertuko esperientzietatik abiatuta, eztabaidarako gaia jartzen. Diskurtso antolatuegia egin ordez, oraingoan puntua emanda arituko naiz, bertsolarien moduan.

1. Egutegi liturjikoa versus lan-egutegia

Industrializazioak lanerako garaia eta atseden hartzekoa behin betiko bereiztu zituenetik, badirudi gure eguneroko egitekoak ere irizpide horren arabera aldatzen direla: alde batetik, lanaren inguruko aktibitateak dauzkagu eta, bestetik, atsedenaren ingurukoak. Haurrak tarteko direnean, banaketa hori eskola-egutegiak egiten du; helduetan, lan-egutegiak. Asteburuak eta udaz kanpoko opor-egunak ere atsedenaren baitako egunak izango lirateke. Alegia, beste hitz batzuekin esanda: garai bateko eskema, egutegi liturjikoaren eta urtaroek agindutako erritmoen araberakoa, ahuldu egin da, desagertu ez bada, eta orain lan- edo eskola-egutegiak agintzen du. Laburtuz, esan dezagun industrializazioak ekarri dituen gauzetako batzuk izan direla lan-etekinaren inportantzia, lan-orduen kuantifikazioa, langileen kontrol handiagoa eta, artikulu honetarako oso inportantea den datua, lanerako tartea eta atsedenerako tartea behin betiko banatzea.

Mila adibide jar ditzakegu. Pello Errotaren alabak, Mikaela Elizegik, kontatzen zuen nola bere aita joaten zen idiak hartuta okindegietara irina eramatera, Asteasutik Aia aldera. Noski, bidean “arrantxo” egin beharra zegoen bentan, han bertso batzuk kantatu ere bai bertso-lagunekin, eta ondoren ekin lanari berriro. Lehengo garaiak idealizatu gabe esango dut: baserriko lanak ez zuen bukaerarik, ez zegoen “oporrik”, baina lan-egiteko moduak eta erritmoak oraingoak ez zirenez, lan-giro horretan bertan bilatzen zituzten dibertsiorako tarteak ere. Auzolaneko artazuriketak eta baserrietan egiten ziren antzerako lanak ere horren adibide dira: lan egin beharra dago, hortaz, goxatu egingo dugu jarduna; kantuan eginez, esaterako, edo dantzan. Industrializazioak ekarri diguna da, lana, lana izatea. Gero izango ditugu egunak eta opor-garaiak dibertsiorako. Denboraren banaketa horrek espazioaren banaketa ere ekarri du; atsedenaren garai hori da kanpora joateko erabiltzen duguna, gero eta maizago azken urteetan.

Lehengo bizimodu hori ezagutu ez badugu ere, taldeen antolaketan inertzia batzuek iraun dute. Oraindik akordatzen naiz, txikitan, nola izaten ziren gure taldeko entsaioak. Negu edo uda, ez zuten aldaketa handirik izaten. Haur gehienek uda herrian bertan pasatzen genuenez, eta irakasleak berak ere bai, udan martxa normalarekin segitzen genuen; gainera, irteera gehienak uda garaian izaten ziren, eta festa-egutegi osoa bukatu arte ez genuen etenik izaten. Zarautzen, Euskal Festak pasata izaten zen hori (irailaren 9an); aste pare bat edo hiru geldirik egon, eta berriro entsaioei ekiten genien. Helduen taldean, beste horrenbeste gertatzen zen: abuztuaren erdiko ekitaldia eta Euskal Astean egiten zena ziren –irailaren hasieran–  urteko saiorik inportanteenak. Urte gutxian, ostera, aldaketa gertatu zen: ezinezkoa zenez udan dantzariak elkartzea, helduen taldearen ekitaldi nagusia negu partera pasa genuen, abendu edo urtarrilera -Unibertsitatean zebiltzan dantzarien azterketak ailegatu aurretik-.

Zarautzen Euskal Astearekin gertatu dena, esaterako, esanguratsua da. 1960. hamarkadan, Euskal Festa Eguna indartze aldera, iraileko aurreneko astean kultur ekitaldiak antolatzen hasi ziren. Urte mordoxka batean oso entzutetsuak izan ziren: otxoteak, dantza taldeen saioak, kontziertoak, txistulariak… eta, dena ez bazen ia dena, herriko taldeen parte hartzearekin. Baina eredu hori krisian sartu zen aspaldian. Orain Euskal Festa Egunak indar izugarria du, eta ez du hura girotuko duen astearen premiarik; eta, bestalde, herriko taldeei gero eta nekezagoa egiten zaie abuztuan elkartzen hastea, eta bertako taldeen parte hartzea ez da garai batean adinakoa. Izango dira hamabost bat urte Zarauzko Udalak inkesta egiteko enkargatu ziola enpresa bati gai hau azter zezan, eta ondorioak hemen aipatu ditudanak izan ziren. Udalak ez zuen aldaketarik proposatu eta, nik uste, azkenean egin zena izan zela aste horren inguruko espektatibak aldatzea eta egoera berria onartzea, aurrera egin ahal izateko.

Pixkanaka, egoera berrira egokitu dira dantza taldeak eta, batik bat, haur taldeetan, ez da arazo handirik izaten: musika-akademietan egiten den antzera, eskola-egutegia bukatzean, ekainean, kurtso-bukaerako emanaldi nagusia egiten da eta, kurtso barruan, beste ekitaldi batzuk. Helduetan, ez da beti kontu erraza izaten, izan ere, oraindik tradizio handiko festa-egunak bai baitaude, egutegi liturjikoak aspalditik hala jarriak, uda betean ospatzen direnak. Zer egin holakoetan? Denetarik egiten da, baina egia da talde txikiek arazo handiak izaten dituztela uda garaiko konpromisoei modu egokian erantzuteko.

2. Beraneantea versus turista

Orain puri-purian dagoen turismoaren fenomenoa ez da atzo goizekoa, baina lehen ez zegoen turismo klase bat da oraingoa, “turista” protagonista duena, alegia. Kostako herrietan aspalditik ezagutzen ziren “beraneante” aberatsak, hasieran aipatu ditudanak, eta problema handirik gabeko konbibentzia sortzen zen herriko jendearen eta haien artean. “Beraneanteak” gutxi batzuk ziren, kanpotik zetozenak lau hilabeteko uda luzea pasatzera; “herritarrak”, ostera, herrian bertan urte osoan bizi zirenak, asko ziren. “Beraneanteek” dirua uzten zuten, eta “herritarrek” haien kontura diru pixka bat ateratzen zuten. Deskribatu dudan egoera hori, neronek ezagutu ez dudana, gure gurasoen garairaino iritsi zen: Fabiola, gero Belgikako erregina izango zena, Zarautza etortzen zen garairaino, gutxi gorabehera (1960. hamarkada).

Ni gaztea nintzela, ordea, pixkanaka gure belaunaldikoak ere hasi ginen biajatu behar horretan, eta denok bilakatu ginen “turista”: batzuk kanpora joan eta kanpotik beste batzuk etorri. Orain, ez da hain garbia “beraneante" eta "herritarren" arteko bereizketa.

Zer aldaketa ekarri du horrek gure folklorean? Begiratzen baditugu 1950. eta 1960. hamarkadako dantza talde askoren ibilbideak, konturatuko gara herrian bertan edo herri inguruan egiten zituztela saio gehienak. Salbuespen gutxi batzuk badira, noski. Eta, kosta-herriko taldeez ari garela, ohikoak izan direla beraneante aberatsek ordaindutako era askotako ekitaldiak: kukaina-lehiaketak, zezenketak, txistulari eta dantzarien emanaldiak… lehen esan bezala, aukera hori baliatzen baitzuten sarri taldeek diru pixkat ateratzeko. Honek badu zerikusirik “folklorismo” deitu izan den fenomenoarekin, eta sortu du eztabaidarik taldeetan, batik bat ekitaldi horiek taldearen norabidea aldatuko ote zuten kezka sortu izan denean.

Kosta-herrietako “beraneante” aberatsei begira egindako ekitaldietan, badira batzuk erreakzio moduan sortu direnak ere: Zarauzko Euskal Festak, esaterako. Aurreneko aldiz ospatu zirenean, 1924an, helburu nagusia izan zen beraneante haiei bertako kultura nolakoa zen ezagutaraztea; eta horretan ahalegindu ziren Zarauzko herritarrak, garai hartako euskal imajinarioak eskaintzen zizkien baliabideak erabiliz –esan dezagun garbi, ordurako desagertuak ziren antzinako garaietako hainbat estanpa ere erakutsiz edo birsortuz–.

Dantza-suelto txapelketa Euskal Festetan, 1928
Dantza-suelto txapelketa Euskal Festetan (1928) (Argazkia: Santi Arruti)

“Beraneante” ez, baizik eta “turista” gara orain –“turista” terminoaren barruan, klase guztietako bidaiak sartuz–. Dantza taldeetan, bidaien grina hori taldearen uda parteko bidaien bitartez asetzeko modua egon da; eta egon dira garaiak talde txikienek ere udan kanpora joan gabeko onik izan ez dutenak, bai festibaletara, bai elkartrukeak eginez. Iruditzen zait grina hori asetuxea ote dagoen azkenaldian, eta orain kanpora bidaiatze hutsa ez ote den motibazio nahikoa dantzari guztientzat. Ezin uka, ordea, urte askoan ohitura horrek ere baldintzatu duela dantza talde askoren ibilbidea eta norabidea, kasik helburu bakar bidaia hori izateraino ere bai zenbaitetan.

Azken batean, galdera modu honetan ere egin genezake: gure taldeetan lantzen eta ezagutarazten dugun folklorea, nori begira pentsatutakoa da? Gure urteko programazioan zeintzuk dira ekitaldi inportanteenak? Aurten ikusitako adibideak erabiliz: Donostiako Aste Nagusian egunero Konstituzio Plazan eskaini diren dantza ikuskizunak, zenbateraino dira bertakoei begira pentsatutakoak? Nik ez daukat erantzun garbirik; izan ere, garai batean bertakoak nagusi izan zitezkeen, baina azkenaldian data horietan Donostia nola dagoen ikusita, ez dakit zer pentsatu. Galdera gehiago sortzen zaizkit: eta, bertakoentzat begira pentsatutakoak badira, formatua egokia ote da? Kontuz, ez naiz ari esaten kanpokoak ere bertan egotea txarra denik; ezta kanpokoentzat egokitutako folklorea posible ez denik. Esaten ari naizena da egoera asko aldatu dela urte gutxian eta aztertu behar dela lehengo eskema horiek baliagarriak ote diren oraingo errealitatean. Donostiakoa adibide bat besterik ez da, horrelako mila egoera aurkitzen ditugulako. 

3. Barrualdeko herriak versus kostako herriak

Esandako guztiak gure folklorean zer aldaketa ekarri dituen pentsatzen hasita, hasteko, aipatu beharko nuke analisia oso diferentea gerta litekeela kosta-herrian eta barrualdean. Gai honi buruz ez da askorik idatzi, eta uste dut ez dela txorakeria uda-giroak, batik bat kostako herrietan, zenbateraino baldintzatu duen kultur taldeen martxa. Zarautzen aspaldi gure herrira etorritako apaiz oñatiarrari entzun nion nik aurrenekoz, eta orduan ez nion aparteko inportantziarik eman: “Kostaldean, behin Aste Santuak ailegatzen direnean, ez dago uda pasa arte ezer tajuzkorik egiterik”. Denbora pasa ahala, nik ere intuizio bera dut: kultur taldeez ari garela, eta ez bakarkako aktibitateez -bertsolaritza, idaztea...-, Aste Santuaz geroztik eta eguraldi ona lagun, oso nekeza dela talde diziplinari eustea. Eta tarte hori, oso da luzea: Aste Santutik, urria bitarte.

Nik ez neukan konparazioa egiteko beste eredurik, harik eta Arrasatera Unibertsitate ikasketak egitera joan nintzen arte. Han, bertako eta inguruko dantza taldeen martxari erreparatuz, eta kultur taldeek nola funtzionatzen zuten ikusiz, konturatu nintzen apaizaren esanak ez zuela arrazoiaren faltarik. Han, ondo, gaizki, edo erdipurdi, martxa normalean irauten zuten taldeek urte osoan, ia abuztura arte. Hori bai, gero abuztuan herria hustu egiten zen, baina etena hilabetekoa zen.

Intuizio honek teorizazio sakonagoa beharko luke ondorio garbietara iristeko, eta horren aurrean zer egin jakiteko. Faktore asko baitaude egoera honetara eraman gaituztenak: komunikabideek ematen duten mezua, hasteko –ematen baitu notiziarik inportanteena eguraldia dela, edo, bestela, sukaldariekin lotutako notiziak–; edo, gerra ondoreneko miseriak pasa, eta “ongizatearen gizartea” deitzen diogun honetan, zer den saldu diguten “paradisua”: hondartza eta eguzkia, eta goizean jaikitzean itsasoa ikustea pagatu ezin dugun hondartzako etxe horretan, kafesnea hartuz kruasan batekin. Askatasunaren ideia: nahi duguna egin dezakegu, badugu horretarako aukera, eta uda-garaia da, bereziki, horretarako baliatu behar duguna. Noski, talde dinamikak eskatzen duen diziplina etsai amorratua da helburu hori lortu ahal izateko.

4. “Euskal Festa” versus “Basque Fest”

Lehen aipatzen banuen Zarauzko Euskal Festak beraneanteei bertako kultura ezagutarazteko sortu zirela, orain antzekoa ematen duen fenomeno bat gertatzen ari da, baina motibazio oso diferenteak dituena. Konplejoz betetako joera bati segituz, eta geure buruari nabarmen harrika eginez, izen ingelesak dituzten festa-egunak sortzeari ekin diogu, kanpoko jende nobleari gure kulturaren zantzu batzuk erakutsi edo, hobeto esan, “saltzeko” intentzioz. Esan behar da hau ez dela udako folklorera mugatzen, nahiz eta uda garaia, eguraldia eta jendearen animoa lagun, une aproposa izan horretarako.

Fenomeno horren ezaugarri batzuk, oso nabarmenak, hauetxek dira (bide batez esan dezadan, lehen aipatutako “folklorismo” terminoaren baitan ere sartzeko moduan leudekeenak):

  • Jeneralean, instituzio publikoek bultzatutako ekimenak dira, eta ez hainbeste herriko kultur taldeek.
  • Interes ekonomiko eta propagandistiko nabarmenak dituzte: askotan, produktu jakin bat ezagutarazteko pentsatutako festak dira (txakolin, ardo, gazta, txuleta…); protokolo laburren bat egon daiteke festari hasiera emateko, edo pertsona ezagunen bati egindako omenaldia bestela, hura bukatutakoan, herriari jana eta edana nahi adina emateko.
  • Folkloreari ematen zaion tratamendua azalekoa izaten da, nahiz eta justifikazio historiko-folklorikoa beharrezkoa den gehienetan; baina hori ez da inportanteena, gero datorrena baizik. Horregatik, txistulari, trikitilari, bertsolari, dantzari nahiz abesbatzak izan ohi dira ekitaldi horiei folklorearen zantzua ematera deituak.
  • Gure herriko agintariek estrategia argi dute: kultura, gastronomiarekin lotu behar da (eta gure paisaia eta eraikin zoragarriekin, hala nola, Gaztelugatxe eta Guggenheim), eta horretara ari dira baliabideak bideratzen. Hori da kanpotarrei erakutsi behar zaiena gero haiek gure herrira pintxoak jatera etor daitezen, eta, ahal bada, ingelesez. Zarautzen, aurten, “Basque Label Fest” izenarekin, aste osoko programazioa antolatu dute irailean. Lehenago egin izan den “Eusko Label Festa”, baina izena aldatuta eta programazioa zertxobait luzatuta. Dena jan-edanaren inguruan, noski; pintxo-potea aste barruan, tabernetan “Eusko Label”ekin egindako pintxoak salgai, eta larunbatean egun handia sukaldari-eskolakoak eta tabernariak protokoloa irekiz, eta gero herriari jana eta edana eskainiz. Auzo-herrietan ere antzeratsu dabiltza: Orion, “Bixigu Eguna” antolatu ohi dute, “Orio estilora” (eremu ezin euskaldunagoa izanik ere, neronek ikusia da ingelesez egindako propaganda, autobusean); Zumaian, iraileko hirugarren astean Olarru Eguna izaten da, gero eta indar handiagoz gainera.

Irudiaren gizartean bizi garenez, festa-klase hauek izango dira gure telebistako minutuak beteko dituztenak; kulturarenak, alegia. Lehen ere esan dut: uda garaiko informatiboetan ikusten dena balitz gure errealitatea, uda osoa hondartzan eta pintxoak jaten pasako genuke, tarteka surfa eginez eta hiriburuetako festetara joanez.

 

Bixigu Eguna Orion 2017-07
Bixigu Egunaren inaugurazioa Orion (2017-07-14) (Argazkia: Urola-Kostako Hitza)
Noski, aipatu ditudan kontuak ez dira atzo goizekoak; baina indarra hartzen ari den fenomenoa da, instituzioetatik gogor bultzatzen ari direna. Eta, berriro ere, kultur taldeei tokatuko zaie erabakitzea nola txertatu beren lana eta folklorea ezagutarazteko bokazioa festa horietan ere. Zer aktuazio klase komeni den egitea, edo ez egitea, une bakoitzean; pentsatu beharko dugu zenbateraino ari garen besteren interesei debaldeko laguntza ematen, ala festa-eguna aprobetxatzen beti egin duguna egiteko. Betiko galdera zaharrak dira, festa berrietan.

Konklusio gisa

Orain dela urte batzuk, gure dantzak eta musikak nolakoak ziren jakiteari eta haiek ezagutarazteari inportantzia handia ematen zitzaion, eta horretara bideratu zituzten dantza taldeek baliabide gehienak: ikastaroak egin, eta formatu. Euskal Herri zabaleko dantzak ikasi, arropak egin, musikariak bilatu eta dantzari taldea osatu. Uste dut helburu hori ez dugula inoiz bazterrean utzi behar, baina egia da hain azkar aldatzen ari den gizarte honetan beste egoera batzuei ere aurre egin beharrean aurkitzen garela.

Guretzat errazagoa izango zen behin betiko soluzioa bilatzea, eta hura behin eta berriro aplikatzea. Baina XXI. mendeko gizarteak, zorionez ala zoritxarrez, ez du horretarako aukerarik ematen, eta are gutxiago folklorearen moduko egituratu gabeko diziplina batean. Azkenaldian, generoaren inguruko kezkak eta nesken parte hartzea indartu nahiak aldaketak ekarri ditu festak ulertzeko moldeetan, eta ekarriko ditu gehiago hurrengo urteetan. “Erromeria” kontzeptuaren gaurkotze bat ere ari gara bizitzen, Plaza Dantzen fenomenoa izanik, eta baita Aiko-ren moduko taldeen tailer eta iniziatibak ere, horren adierazle; dantza taldeetatik pasa gabeko jende asko ari da gaur plazetan dantzan.

Udako folkloreaz ari garela, artikulu honetan aipatu ditut azkenaldian antzeman ditudan aldaketa batzuk: alde batetik, bizimoduaren aldaketa; eta, bestetik, azken urteetan hainbeste hazi den turismoaren fenomenoa. Uste dut badagoela horretan zer esana.

Nabarmendu nahi izan dut badagoela agintarien aldetik estrategia bat, sortzen ari diren jan-edanaren inguruko Festa Berrietan oso indartsu sartzen ari dena, eta gure herria baketze bidean jarri denez geroztik batzuek oso argi ikusi dutena: alegia, gure herria ahalik eta turista gehien hartzeko preparatzea, gure gastronomia eta gure bazterrak baliatuz, kulturaren izenean noski, bide horrek epe motz-ertainera etekin ekonomiko handiak ekarriko dituen esperantzan.  

Gauzak horrela, ondo antolatutako bide horren aurrean gure indarrak oso mugatuak direla jakinik ere, ez dago sobran zer datorkigun kontuan hartzea. Uste dut folklorearen inguruan dabiltzan taldeen lanik zailena, nork bere bidea, gure epe luzerako estrategia, garbi edukitzea dela. Eta, garbi badaukagu zer nahi dugun eta gure ekintzek zer helburu izan behar duten, jakingo dugu geure burua errealitate horretara egokitzen.  Erantzunak ez dira errazak, baina, sikiera, gertatzen ari denaren kontzientzia izan dezagun.

 

Xabier Etxabe Zulaika

2017ko urriaren 28an

Dokumentuaren akzioak

2017/10/30 11:04
Ohi bezala begiak erne eta analisia gertu Xabier! MIla esker!

Lan egutegia eta lan jardunaren beraren aldaketari buruz diozuna egia borobil-borobila da, bai. Nik urteak daramatzat esaten dantza taldeen (eta kultur eta kirol jardueren) antolaketan ere izugarri antzematen dela lan-munduaren aldaketa. Ordutegiak, egitekoak, epe-mugak,... dena zehaztuagoa eta kontrolatuago dago, eta lanean gero eta zailagoa da propio lantokikoak diren zereginetarako tartetxoak ateratzea.

Adibide bat jartzeko, dantza taldeetan gaur egun dauden ezpata gehienak dantzarietako batek lantokian egindakoak izango dira, baina gero eta urriago dira zuzenean era horretako fabrikazio zuzeneko lanetan dabiltzan langileak, eta hala diren kasu apurretan, egunero fabrikatu behar dituzten piezen kopurua eta beraien ordutegia hain zorrotza izanik, marjenik ez beste lan batzuetan hasteko. Garai batean, lan-ordutegia malguago, eta asteburuan lanera joatea ere ohikoa izanik, lanaren eta aisialdiaren arteko harremana bestelakoa zen, Pello Errotaren adibidean ageri den moduan.

Honek "bizitzeko" modua bera aldatu du, jakina, eta hori oso ondo esplikatzen du Antton Lukuk "Euskal Kultura?" liburuan, mendi bueltan dabilen kalekume eta soroan lanean dabilen baserritarraren arteko ezin-elkar ulertuzko elkarrizketa surrealistaren bidez. Batek helburu jakina du eta zuzen doa horretara, eta ez du denborarik elkarrizketa zentzugabeetarako, eta besteak, behin lana etenda, hitzaspertua egiteko prest dago, baina ez galdera-erantzun test moduan, baizik eta elkarri patxadaz hitz eginez, elkarrizketaz gozatuz. Alegia, bizi-modu berrian presaka bizi garela baita aisialdian ere. Denbora galtzea iruditzen zaigu, denbora hartzea beharko lukeena.

Udako jaietan benetan nabarmena da gertatzen ari den haustura, bai. Herri gehienetan udan dira festa nagusiak, eta herrian bertan dantza taldea ez dagoen kasuetan, oso zaila gertatzen zaie kanpotik dantza talde bat ekartzea, bakoitzak bere herrian egin eta hortik aurrera oporrak hartzen baitituzte dantza taldeek.

Jai egutegiaren eta urteko erritmoen eraldaketari buruz diozunari aste barruko erritmoetan gertatzen ari diren aldaketak gehituko nizkieke. Gure inguruan pintxopotearen fenonemoak aisialdiaren eta kultur dinamiketan eragin latza izan duela esango nuke. Kultura jardueren eskaintza antolatzen dutenak lehen zaila bazuten asmatzea, orain zailago.

Hari mutur ugari, eta denak interesgarriak. Eskerrik asko Xabier.
2017/10/30 13:04
Xabierren artikuluak guztiz gogorarazi dit nire herriko XX. mende hasierako panorama. Gehienbat hasierako handikien argazkiak, baina baita ondorengo zenbait gogoetak ere. Gogoratu, Zestoara iritsi zirela Euskal Herrira etorri ziren lehengotako turistak, Etxaberen herritik 15 kilometrora kokatuta dagoen 3.000 biztanleko herri txikira. Egun kostaldeko herriak jasotzen ari diren turista uholdea aspaldi jaso zuen Zestoak.

Xabierrek aipatu moduan, herritarrentzat diru-iturria ziren kanpotik etorritako udatiar horiek, herriko ekonomian eta arkitekturan izugarrizko aldaketak ekartzeaz gain herriko kultur taldeen, baita dantza taldeen dinamikan ere bete-betean eragin zuten. Bertako kultura, ondare-kulturala bihurtu zutela esaten atrebituko nintzateke, bertako dantzak turistentzako ikuskizun bihurtu zituzten.

Adibide garbia da, Bainuetxeak 1928ko promozio bideo batean euskal dantzak erakusten dituela. Bainuetxeak ez ezik, herritarrek ere, bertako zenbait dantza turistentzako bideratzen hasi ziren. Zahagi-dantza dantzatzen zuten herritarrek festetan, baina etxez etxe edo baserriz baserri aritu beharrean hotelez hotel ibiltzen ziren dantzariak. Dantza taldearen emanaldi kopurua izugarri igotzen zen udan, udarako igandetan, uda pasatzera Zestoara joaten zirenen aurrean dantzatu ohi zuten, hoteletan izan ohi ziren dantzarien emanaldi gehienak. Bestalde, herrian bertan ere turistak erakartzeko egun edota jaialdi bereziak antolatzen omen ziren. Aragoiko eguna, Galiziako eguna, baita Euskal Jaia ere.Igandeetan ospatzen ziren egun horiek. Horrela, kulturen elkartrukea egiten zutela ikus daiteke, bakoitzak berea erakutsiz eta besteena ikusiz.
2017/11/01 22:58
Oier eta Amaiur, konforme nago egin dizkidazuen komentarioekin, eta eskertzen ditut zuen hitzak.

Nahiz eta artikulua laburra ez izan, hainbat ideia kanpoan utzi behar izan ditut; egia da, Amaiur, zuk esan bezala, aristokraziako "beraneante" klase hori Deban ere egon zela; izan ere, ez Zarautzen bakarrik, inguruko kosta-herrietan ere antzeko fenomenoa ezagutu baitzen XIX. mendearen erditik XX. mendearen erdira bitarte, gutxigorabehera: Deba, Zarautz, Donostia, Biarritz... Fenomemo hari zor diogu, neurri handi batean, orain kostak duen erakarpen indar hori (nahiz eta, nola diren gauzak, hasieran "baiñua" hartzeak eta hark zekartzak onurak izan, honuntza aristokratak ekarri zituenak).

Oier, zuk diozun moduan, nik ere uste dut aste barruko erritmoetan gertatzen ari dena, artikuluan aipatu dudanaren beste adierazpen bat besterik ez dela. Egia esateko, pintxopotearena ez neukan gogoan artikulua idatzi nuenean, baina bat dator azken aldian sortzen ari diren jan-edanaren inguruko festen espirituarekin. Sikiera aprobetxatuko balitz, pintxoak jan eta gero, kantuan edo dantzan egiteko... Zarautzen hamar urtez aritu ginen hiru laguneko taldetxo bat kultur ekitaldiak antolatzen taberna batean, hilean behin, eta badakigu zenbat kostatzen den jendea horrelako ekimenetara animatzea. Ekimen horiek funtziona dezaten, antolatzaileen lanaz aparte, babes instituzionala eta pazientzia handia behar baita, urteen poderioz, jendea ohitzen joan dadin. Baina, noski, errezagoa eta ekonomikoki errentagarriagoa da pintxopotearen ohitura sortzea.

Ondo izan,

Xabier.
2017/11/02 09:44
Ondoko ekarpena egin du Pablo Izagirrek gaiari buruz facebook-en:

"Erromeria” kontzeptuaren gaurkotze bat ere ari gara bizitzen, Plaza Dantzen fenomenoa izanik, eta baita Aiko-ren moduko taldeen tailer eta iniziatibak ere, horren adierazle; dantza taldeetatik pasa gabeko jende asko ari da gaur plazetan dantzan...
Pasarte horren haritik hau komentatu nahi dut:
Bai, oso ondo esan duzu. Jende asko ari gara dantzan plazetan. Adin guztietakoak, gehienak, 40 urtetik gorakoak. Asko ta asko esaten duzun bezala dantza taldeetan txikitan edo gazteetan egon gabekoak edo pasadaz egondakoak.
Oso fenomeno potentea da hori gaur egun ia Euskal Herri guztian. Normalean, nik dakidala edadeko pertsona horietako asko formazioa dantza taldeko egituretan eskuratu edo eskuratzen dute, beste batzuk Aikoren moduko taldeetan. Baina, pertsona hauen interesa nagusia da dantza plazetan dantzatzea, dantza plaza hori edonorentzat zabalik dagoela ere normalean.
Seguru asko, oraingo dantza taldeek hori hartu beharko dute kontuan, orain arte ez badute egin, edadeko jende asko desiatzen dagoela dantza plazetan parte hartzeko, gaur egun ohikoak diren dantzetan aritzeko: Jauziak, kontradantza errezak, jota, arin arinak, lotuan ..
Ordun 2 aspektu dira niretzat nabarmenak gaur egun tradiziozko dantza taldeetan. Batetik tradiziozko dantzen errepertorio zabalean aritzea ( ikuskizunetarako eta tradiziozko ekitaldietarako tokiko folklorea muina delako ) eta bestetik, maila apalago batetan dantza plazetarako, erromerietarako formakuntza, pertsona interesatuei ematea.
2017/11/02 11:05
Pablok aipatzen duen gaiaren inguruan, ikusi dut batzuetan dantza taldeei eskatzen zaiela dantzaldi gidatuen dinamikan parte hartzea. Uste dut hainbat talde inplikatuta daudela lan horietan, eta helduentzako plaza dantzen ikastaroak hainbat herritan dantza taldeen ekimena eta lanari esker bultzatu direla. Baina ez nago ziur dantza taldeak lan horietarako egitura egokienak direnik eta oraindik zalantza handiagoak ditut dantza taldeetako dantzarien prestakuntza eta perspektiba lan horietan aritzeko egokitasunaren inguruan.

Batzuetan dantza taldeetan aurkitu daitezke dantza irakasleek formazio eta sentsibilitate egokiarekin, eta beste askotan, dantza taldeetan ganorazko formaziorik gabe ikuskizunaren munduari begira ari dira dantzariak, eta disfuntzioak eragiten dituzte dantzaldi irekietan eskua sartuz gero.

Plazako dantzaldien mugimenduaren parekoa izan daiteke Kale kantarien mugimendua, eta kantarien kasuan, abesbatzen mugimenduarekin nahiko bereizita ageri da oro har, eta ez dut argi ez beharrezkoa ez mesedegarria litzatekeenik abesbatzei eskatzea kale kantarien jardueretan eskua sartzea. Dantza taldeekin ere antzeko kezka dut nik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Folklorea uda garaian

Txokolatada San Simon eta San Juda egunean (1919)

Xabier Etxabe

Xabier Etxabe

Zarautz (1974).

Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.

Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).