Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Etxabe Dantza talde eredu baten bila

Dokumentuaren akzioak

Dantza talde eredu baten bila

2014/06/13 08:40
Dantza taldeak bidegurutzean somatzen ditudan honetan, haietako askok aurreko mendearen bukaeran indartu eta finkatu ziren erreferentziak gidari dituztela eta berriak sortzeko ahaleginean, etorkizunerako baliagarri izango den erreferentzia-sistema baten bila abiatu naiz artikulu honetan. Azken berrogei urteetan eman diren aldaketei erreparatu eta gero, taula batean eredu bat proposatu dut, oso goi-mailakoa, alegia zehaztasunetan batere sartu gabe, hausnarketa bidean dauden taldeentzat baliagarri izango den esperantzan. Hiru ardatz ditu teorizazioak: dantza-irakaslearen inportantzia taldean; dantzarako eta zuzenean jotzen duten musikarien aportazioa; eta taldearen izaera herriko foklorearen baitan, kalerako nahiz plazarako bokazio nabarmenez. Dena dela, eredua huts-hutsean baino, haren inguruko hausnarketa da bilatzen dudana; horretarako, gertuan ikusi eta bizi izan ditudan gertakariak hartu ditut aintzakotzat.

1. Euskal dantza tradizionala identifikatu nahian

De fakto identitatea erreferentzia sistema baten arabera markatzen da, diferentziatzen da, eta erreferentzia sistema hori interes kognitiboen, sozialen, politikoen arabera ezberdinki trazatzen da. […] Identitate nazionalaren mailan zu eta ni berdinak gara, euskaldunak. Beste erreferentzia mailan ni, zurekiko, gizona naiz, arra; zure haurrarekiko, sentona; beltz batetiko, zuria. Historian, arauz eta zein konflikto edo interesei erreferentzian, markatu identitate bat, ateratzen da irlandarren identitatea ez dela markatzen hizkuntzarekin, baina erlijio katolikoarekin; ordea ingelesak hizkuntzarekin markatzen dira, ez erlijioarekin; eta iparramerikarrak hizkuntzarekin ez, baina euren hastapenen historia epikoarekin. Euskaldunek euren diferentziaren kontzientzia beti eduki dute. Baina beti ez dute diferentzia hori hizkuntzarekin seinalatu lehentiarki. XVI. mendean nobleak dira, inoiz menperatu gabeak, eta. Alegia, momentuko interesak horiek zirenez, espainolek eta frantsesek izan gura zuten guztia euskaldunak baziren, eta gehiago ere bai1

Joxe Azurmendiri egindako elkarrizketa hau berriro irakurtzen ari nintzela, nire buruari galdetzen hasi naiz ea gure dantzaren esparruan, “euskal dantza tradizionala” deitzen diogun horretan, antzeko hausnarketak balio ote duen. Alegia, ea kapaz izango ote ginatekeen Joxe Azurmendik aipatzen duen unean-uneko erreferentzia-sistema horien araberako euskal dantzaren eta dantza-taldeen eredu bat proposatzeko. Beste modu batera, galdera hauxe litzateke: zein dira gaur eta hemen, XXI. mendearen hasieran, euskal dantza tradizionala “identifikatzen” duten ezaugarriak? Zertan fijatzen gara, bai gu eta baita horretan murgildu gabeko jendea ere, oro har, dantza bat “euskal dantza tradizionala” dela esateko? Aldatu al da euskal dantza tradizionalaren erreferentzia-sistema azken urteotan?

Dantza tradizionalaren gaiak luzerako eman baitezake, are gehiago murriztuko dut idatzi honen azterketa-eremua: bereziki dantza taldeen bidea hartuko dut aztergai. Horrenbestez, “gaur eta hemen euskal dantza tradizionalak irakasten eta kalean erakusten diharduten taldeak” ditut jomugan. Gaur, alegia: 2010. hamarkadan; eta, hemen, alegia: Euskal Herrian eta, batik bat, Gipuzkoa aldean. Justifikazio luze samar honek balio beza deskribatu nahi dudan ereduaren mugak definitzeko eta, baita ere, erabiltzen ari garen termino bakoitza −“euskal”, “tradizional”...− zein labaina den konturatzeko.

Argitu beharko nuke, hasiera-hasieratik, zer dela-eta atrebitu naizen eredu bat planteatzera; zein izan den nire motibazio nagusia. Orain arteko dantza talde eredua ez al da egokia? Ba al dago alternatibarik, transmisioa behar bezala bermatuko duenik? Zein dira oraingo dantza taldeen ajeak? Krisian al dago dantza? Eta dantza taldeak? Galdera horien erantzunak ere hasi eta ez bukatzekoak izan litezke; ez nuke nahi lehenago hainbat idatzi eta tertulietan esan ditudanak berriro, besterik gabe, hemen idazterik. Hala ere, motibazioen justifikazio labur bat egitea premiazkoa iruditzen zait, eta hortik hasiko naiz.

2. Dantza taldeen transformazioa azken urteetan

Euskal dantzaren eta, oro har, dantza taldeen azken urteetako −demagun, azken hogeita hamar urteetako− eboluzioari erreparatu dion edozein jabetu da eman diren eta ematen ari diren aldaketekin. Nik, horietako batzuk besterik ez ditut nabarmenduko:

  • Jendetsuagoak ziren garaietatik, dantza taldeetan dantzariak bakanagoak diren garaietara pasa gara. “Krisi” hitza ere aipa genezake, nahiz eta taldeetan jende gutxiago egotea ez den, derrigorrez, krisiaren seinale. Baina nabarmena da herri txikietako dantza talde asko desagertu egin direla, eta handiagoak ziren taldeek ere antzeman diotela aldaketa horri –beti ere dantza taldeen dinamikaz ari naiz, egia baita beste molde bateko mugimenduak loratu direla euskal dantza tradizionalean–. Jendea gutxitzearekin batera, taldeetan lehenago planteatu ere egiten ez zituzten arazoak sortu dira: zer egin, nahiko mutil ez badaukagu taldea osatzeko? Nola moldatu lehengo errepertorioa jende gutxiagorekin?

  • Kultur taldetik dantza taldera pasa gara. Dantza taldeak, ez beti baina bai askotan, kultur elkarte handiago baten parte ziren. Denok ezagutu ditugu izen beraren babesean elkartzen ziren dantzari talde, txistulari talde, euskara talde, mendi talde, nahiz kirol taldeak. Garai bateko Batzokien egitura gogorarazten digutenak. Dantza taldeak, pixkanaka, autonomia lortu dute eta orain, gehientsuenek, beren kasa funtzionatzen dute. Autonomia horrek, nik aztertu nahi ditudan bi fenomeno inportante indartu dituela iruditzen zait: alde batetik, talde-antolamendu zabal horren babesean funtzionatzen zuten musikariekin −jeneralean, txistulariekin− harremana galdu edo hoztu izana, azken horiek beren burua taldetik aparte sentitzeraino. Bestetik, eta esandakoarekin lotuta, kultur diziplinen arteko armonia eta ikuspegi bateratu hori ere galdu dugula iruditzen zait, dena aparte sailkatzeko bide horretan −Antton Lukuk “Euskal kultura?” liburuan maisuki azaltzen duen moduan, Zuberoako Maskaradak aipatuz−; dantza taldeek beren aktibitatea dantzara mugatzeko joera dute aspaldian.

  • Musika eta dantza. Aurreko puntuan aipatutakoarekin badu lotura. Ez nuke jakingo seguru esaten arrazoi nagusia zer izan den, baina kontua da musika eta dantza tradizionalak osatutako talde banaezin hori gero eta banatuagoa ikusi dugula dantza taldeetan. Izango da, lehen aipatzen genuen autonomia prozesu horretan, dantza taldeak dantzariak trebatzeko lanetan murgildu direla; eta musika, gero, bukaeran, jantziak eta dekoratua prestatzen diren modu berean erantsi litekeen elementuaren antzera kontsideratu dutela: partiturak eman, eta jo. Eta, izango da, baita ere, antzokira bideratutako emanaldietan, musikari taldeak nahiago izan direla betiko txistulariak baino. Eta, nik uste, txistulariak gero eta trebatuagoak eta eskolatuagoak edukitzeak ere, ez duela garantizatu haiek dantzarako eta dantza taldeentzako musikari izatea −esango nuke, haietako asko edo gehienentzat ez dela batere erakargarria gertatzen dantza taldeentzat jotzea−. Azkenean, lortu duguna da dantza-emanaldi askotan musikariak eta dantzariak bi mundu aparte izatea, elkarren arteko armoniarik gabe: batzuk partiturari begira jotzen, dantzaririk ez balego bezala, eta besteak, dantzatzeko ez, entzuteko jotzen ari diren musikaren airean mugitu nahian.

  • Tradizioa berriro pentsatu beharrean izan gara. Kultura transmititzearen premia gutxitu den heinean, diktadura ondoreneko urteak atzean utzi ahala, pixkanaka dantza talde bakoitzak bere bidea eraikitzeari ekin behar izan dio. Tradizioaren pisua handia da euskal dantzan, eta beste kultur arlo batzuetan gertatu den moduan –trikitilari nahiz bertsolarien artean, esaterako–, dantza taldeek ere pentsatu behar izan dute tradizioarekin zer egin. Denetarik egon da: batzuek dantza-estiloen fusioa edo “mestizajea” landu nahi izan dute; izan dira lehengo tradizioari ahalik eta lehialen eusteari lehentasuna eman diotenak; eta, baita ere, tradizioari eutsiz, haren ikuspegi sortzailea nabarmendu nahi izan dutenak. Kontua da, dantza-talde askotan edo gehienetan ez dela gai honen inguruko gogoeta sakonik egin, eta unean uneko erabaki pertsonalek nahiz talde bakoitzaren premiek bultzatu dituztela aldaketak. Horrek are eta gehiago zaildu du dantza taldeek egoera berrira egokitzeko egiten ari diren ahalegina.

  • Aldaketa sozialek, dantza taldeetan ere aldaketak sorrarazi dituzte. Horietan, nabarmenena, emakumeen eskubideen aldeko iniziatibak izan dira. Batzuetan gogo onez, beste batzuetan beste erremediorik ezean, herrietako tradizioetan indarra hartu du eskubide-berdintasunaren aldeko iniziatibak. Horri eransten badiogu dantza taldeetan askoz emakume gehiago dabilela gizasemea baino, dantza taldeetan sortu den galdera izan da ea nesken partehartzea eta haiek kalean duten presentzia behar bezalakoa ote den ala ez. Aipa dezadan, bide batez, azken urte luzeetan herrien arteko haur-dantzarien topaketek izan duten estetikak, aurreko mendean nagusi izan denaren bideari segi diotela: dantzak mutil eta nesken artean banatuz, eta bakoitzari bere jantzia emanaz. Topaketa edo “alarde” horiek giro sozial eta politiko jakin batean sortu ziren, eta hari erantzuten zioten. Beste kontu batzuk alde batera utzita eta mutil-neska banaketari soilik begiratuta, gero eta maizago ikusten ari garena da neska talde mordoa dantzan, plaza betean, eta mutilak eskas, sarritan zortziko taldea osatu gabe eta plaza bete ezinik.

  • Euskal dantzaren funtzio sozialaren aldaketa. XX. mende hasieratik dira ezagunak antzokietara bideratutako sorkuntzak, dantza tradizionala oinarri dutenak. Eta, bestalde, euskal dantzak ez du galdu kalerako edo plazarako izan duen joera hori, alegia, herriko folklorean integratua egotearena. Talde askok, gehienek nik uste, bi bideak landu dituzte; azken urteetako eboluzioan ikus daitekeena da, ostera, gehienentzat antzokia izan dela dantzarien motibazioa lortzeko bidea, eta beste bidea, herriko folklorearena, hor geratu dela, egin beharreko lan baten moduan, baina beste bide nagusiaren azpian. Fenomeno hori oso lotua dago beste batzuekin: kanpora egindako bidaiak taldearen helburu nagusi izatea, izan liteke bat; bestea, tradizioa, “beti gauza bera egitea”, aspergarria den ustea.

3. Dantza talde eredu bat

Azken urteetan gertatu diren aldaketen azterketa labur hau egin ostean, atzera hasierako galderari helduko diot. Planteatu nahi dudana da ea gauza ote garen konturatzeko zein diren gure esparruaren indarguneak, etorkizun hurbilean nondik jo behar dugun erabakitzen lagunduko digutenak. Zerk bereizten gaitu beste dantza diziplina batzuetatik? Zer eskatzen digu inguruak? Nora nahi genuke ailegatu? Ni saiatuko naiz, inguruan ikusten ari naizenari erreparatuta, eredu bat planteatzen. Inondik ere ez kanon edo dogma bokazioarekin, kontrara baizik: eztabaidari irekia egon asmoz.

Erreferentzia-sistema hau, goi-mailako eredu baten bidez azalduko dut; goi-mailakoa diodanean, zehaztasunaren graduaz ari naiz: nork bere errealitatera egokitu ahal izateko, eredu horren hurrengo maila landu beharko litzateke. Bide horretan aspaldi sartuak dauden taldeentzat, ez da nobedadea izango hemen azalduko dudana.

Definiziotan ez luzatze aldera, "dantza talde" diodan bakoitzean, “euskal dantza talde tradizionala” ulertu behar da.

Ereduaren ezaugarriak

Azalpena

Laburpen-esaldia

1. Dantza taldea, dantza-irakasle baten aginduetara elkartzen den taldea da.

  • Talde-diziplina guztiek –musikariek, kirol-taldeek– duten baldintza hau, irakasle edo zuzendariarena, ezinbestekoa da –gainerakoak lagun taldeak izan daitezke, baina, nekez, dantza taldeak. Aldian behin elkartzea da beste baldintza.

  • Esan beharrik ez dago, dantza-irakaslearen formazioa eta, haren bitartez, dantzariena, lehentasuna izango dela eta ezaugarri honen baitan dagoela inplizituki. Irakaslearen unean-uneko formazioak baino inportantzia handiagoa dauka jarrerak: alegia, beti ikasten aritzeko borondateak.

Dantza-maisuaren eredua berreskuratu behar dugu.2

2. Dantza taldea, kaleko nahiz plazako dantza saioetan, musikariekin ateratzen den taldea da.

  • Ez dakit nola arrazoitu ezaugarri hau, nahiz eta garbi ikusten dudan dantza taldeen indargune nabarmenetakoa dela –seguru asko, grabatutako musikaren airean eskainitako dantza saio pare bat ikustea egokitu zaidalako izango da–. Bereizten gaituen ezaugarrietako bat da, beste dantza-diziplina gehienek galdu duten ezaugarria baita; esaterako, noizean behin kalera ateratzen diren tango taldeek, edo Kontxako dantza-klasiko emanaldiek.

Danbolinteroen espiritua berreskuratu behar dugu.3

3. Dantza taldea herriko folklorean integratua dagoen taldea da (edo “dantza taldeak tradizioa berritzen du etengabe”).

  • Tradizioz egiten diren folklore-ekitaldietan parte hartzen du dantza taldeak; izan daiteke aspalditik datorrena –eta egiten den bakoitzean berritzen dena–, edo berria samarra izanagatik, tradizioa sortu duena.

  • Bertako –herriko, auzoko…– folklorean integratzeko, bi gauza ezagutu behar dira oso ondo: herria eta folklorea. Hori urte askotako lanaren poderioz besterik ez da lortzen.

  • Kalea eta plaza dira dantza taldearen berezko lekuak.

Beti gauza bera egitearen grazia berreskuratu behar dugu.4



4. Konklusio gisa

Erreferentzi-sistema finkatuta, bukatzeko eta konklusio gisa, horren inguruko komentario batzuk egingo ditut. Izan ere, jakitun nahiz taula horrek hutsuneak badituela: batez ere, hain eredu jenerala izatean, ezer gutxi esaten duela taldeen errealitatearen inguruan. Baina kontuan hartu bedi nire asmo nagusia ereduaren inguruko gogoeta dela, eta abiapuntu nagusia dantza taldeen oinarriak finkatzea dela, eta ez hainbeste haiek ondo finkatuta dituzten dantza taldeen beste problema batzuren inguruan jardutea: esaterako, jantziak –nola jantzi ekitaldi bakoitzerako? –; mutil eta neskak nola parte hartu dantza talde berean; dantza taldearen korpusa nola finkatu –zer dantza ikasi behar dira dantza talde batean? –; nola orekatu herriko edo auzoko ekitaldiak, oholtzarako prestatzen direnekin... Interes handiko kontuak denak, dudarik gabe. Dena dela, nik uste premia badagoela oraindik oinarria finkatzekoa, dantzaren desestrukturazio galantaren seinale, dudarik gabe, eta horretara mugatuko naiz.

Aurreneko puntuak ez luke komentario askorik behar: nekez uler daiteke dantza-irakaslerik gabeko dantza talderik. Eta, hala ere, nork ez du azken urteetan ikusi gidaritza garbirik gabeko dantza talderik? Erabakirik txikiena ere behin eta berriro eztabaidatuz, dantza-irakaslea etengabe kuestionatuz, inertzia hutsez funtzionatuz... Gainera, iruditzen zait fenomeno hau are eta gehiago eman dela azken urteetan, batik bat, diktadura bukaeran dantza taldeak sortu zituzten dantza-irakasle haiek taldeak uzten hasi zirenean, oinordekorik utzi gabe. Talde horietako asko eta asko, pixkanaka, helduen talde izatetik haurren talde izatera pasa dira, eta haiek bete dute helduen hutsunea.

Inportantea iruditzen zait dantza taldeak bere lekua izatea eta ez nahastea, esaterako, ikastaroak medio, dantzak ikasteko sortzen ari diren taldeekin. Problemak hasten dira azken hauei dantza talde izateko tentazioa sortzen zaienean. Biak inportanteak izanik ere, bataren eta bestearen funtzioa ez litzateke nahastu behar; konparazio bat jartze aldera, kantu-jiran elkartzen diren taldeak, herrietako koroek duten funtzioekin parekatu ezin diren moduan. Labur esanda, dantza taldeek beti epe luzeagora begira lan egiten dutelako.

Bigarren puntuaren inguruan, zenbat eta zenbat gorabehera eta eztabaida ez ote da izan dantza taldeetan? Musikariak nola formatu, nola lortu, nola taldean integratu? Soluziorik emateko intentziorik gabe, taldeak lortu behar duena da musikarien lana taldearen programazioan presente izatea. Izango dira dantza taldeak beren musikariak izango dituztenak, izango dira kanpotik ekarri beharko dituztenak, izango dira Udalaren bitartez egindako akordioz lortuko dituztenak... Talde bakoitzak ikusi beharko du hori, baina lotura bat behar-beharrezkoa da, eta lotura hori, nola edo hala, kontuan hartu eta landu egin beharko da.

Dantza talde baten kaleko jarduna ezin liteke ulertu, niretzat behinik behin, musika grabatuarekin: musikariak, dantza tradizionalaren parte direlako. Gure tradizioan eredu eder askoak badauzkagu musikari eta dantzarien arteko lotura hori erakusten dutenak: Baztango mutil-dantzetan, danbolinteroa dantzariek osatutako sokaren erdian jartzen denean, dantza gidatzen, plaza betetzen, eta bera ere dantzan, mugimenduan; berdin, gure inguruan hain zabalduak dauden soka-dantzetan. Horri esaten diot nik dantzaren parte izatea. Batzuetan iruditzen zaigu megafonia on batek mesede egiten diola plazako ikuskizunari baina, sarritan, lortzen duguna da musikak dantza jatea, batetik, eta txistulariak dantzaren erdigunetik baztertzea, bestetik.

Hirugarren puntua: dantza taldea herriko folklorean integratzearena, edo tradizioa etengabe berritzearena. Mikel Sarriegiren idatzi zor diot ondoko zita5, hitzez hitz jartzea merezi duena:

TRADICIÓN E INNOVACIÓN EN EL USO DE LAS PLANTAS. –Es curioso, cómo en la actualidad la tradición y la innovación se ponen como dos elementos contrapuestos, en el mundo de los usos de las plantas, cuando la tradición popular recogida en múltiples entrevistas, siempre habla de lo viejo y de lo nuevo. La tradición vasca y otras tradiciones, están impregnadas de actos y liturgias de renovación (semana santa, fiestas de San Juan, carnavales, navidades...), donde lo nuevo sustituye en diversos actos anuales a lo viejo. La innovación y lo nuevo, no es visto por nuestra tradición como algo negativo, sino al contrario como algo necesario, pero siempre lo viejo se considera como lo experimentado, lo probado y efectivo, sin embargo lo nuevo e innovador, es algo que hay que poner en cuarentena, que tiene que demostrar que es mejor que lo viejo, si lo demuestra sustituye a lo viejo. Esto es lo tradicional en el uso de las plantas, por eso es curioso observar cómo en nuestra tradición vasca se mezcla lo viejo con lo nuevo e innovador. En el fondo de todo subyace un pensamiento, lo que es útil y nos vale para vivir y poder renovarnos es lo que hay que utilizar ya sea viejo o nuevo. No se trata en la tradición de conservar lo viejo, contra lo nuevo, sino de innovar cosas nuevas útiles que superen en utilidad a lo viejo. Nuestra tradición nos enseña que una cosa por ser nueva no tiene que sustituir a lo viejo, sólo si es mejor que lo viejo.” Daniel María Pérez Altamira, 2010-07-08.

Nabarmena da, zita irakurrita, puntu honetan adierazi nahi dena: batetik, folklorean, berriaren eta zaharraren arteko eztabaida zeinen antzua izan daitekeen; bestetik, tradizioaren inportantzia, beti gauza bera egitea aspergarri ez, baizik gero eta gustukoago izan daitekeen ustea. Hain justu, gure aitona zenak, hil arteraino, zortzi urterekin soinu-txikiarekin jotzen ikasitako Andre Madalen harekin nola disfrutatzen zuen konturatzea.

Hori da nabarmendu nahi izan dudana eta, baita ere, sentsazio horrek, dantza taldeen kasuan, estrategia bat behar duela; inguruko folklorearen ezagutza sakona, beti berria den produktu hori nola egin, nola agertu jendaurrean, eta nola iraunarazi behar den irakatsiko diguna. Horretan, badaukagu artikulu hasieran aitatu dudan Antton Lukuren diziplinak bateratzeko behar hori; alegia, geuk dena egiterik ez daukagu, baina seguru asko tokatuko zaigu beste ajente batzuekin lan egitea, haiekin harremanak lantzea, eta iraunkorrak izango diren loturak sendotzea. Hori ere bada folklorea ezagutzea: harreman-sareak sortzea deitzen diot nik horri. Milaka adibide jar ditzakegu: har dezagun dantza taldeak parte hartzen duen kale-ekitaldi bat, dela prozesioa, dela buruhandien konpartsa, dela Ihauterietako desfilea, eta begiratu ekitaldi hori aurrera eraman ahal izateko zenbat talde edo instituzio koordinatu beharra dagoen.

Dantza talde batek klase askotako ekitaldiak egin ditzake; baina, definitu dudan erreferentzi-sisteman gauzaren bat garbi esatekotan, hauxe da: kalea eta plaza dira dantza taldearen berezko lekuak. Oholtza gainean ere egingo ditu saioak dantza taldeak, jakina, eta, akaso, antzokietarako prestatuta dauden espektakuluak prestatuko dituzte bakarren batzuk. Baina, dantza taldearen ezaugarri inportanteenetakoa, bere jatorria eta helburua, kalera eta plazara begira dago. Dantza klasikoaren berezko lekua antzokia den modu berean, nahiz eta noiz edo noiz haiek ere kalera atera.

Hirugarren puntu honetan inplizituki legokeen beste kontu bat, dantza taldearen beraren osaketa da. Kanpora begira funtsezkoa da, esan dugun moduan, inguruko errealitatea ondo ezagutzea; eta, barrukoa? Ez ote gara gehiegitan jardun ezinean, kanpoko dantza taldeei laguntza eskatzen, mutilen falta edo musikariena beti faboreak eskatuz bete nahian? Ikasi beharko du dantza taldeak daukan jendearekin lan egiten. Hobe da dagoen jendearekin helburu xumeagoak jartzea, eta ez jardutea beti ezinean, beti fabore-eske, helburu handiagoak bete nahian.

Eta, bukatzeko: ez dut gehiegi hitz egin, herriko folklorean baino gehiago, euskal dantzak, oro har, herriz herri erakusten aritzen diren dantza taldeen inguruan. Aitortu behar da bide hori dantza talde gehienek jorratu dutena: Euskal Herrian barrena sakabanatuta dauden dantzen korpusa ikasi, eta horiek, ahalik eta ondoen, gure inguruan nahiz kanpoan erakutsi, sarri probintziaka sailkatuta: Bizkaiko dantzak; Gipuzkoakoak; Lapurdiko Ihauteria; Nafarroako Ingurutxoak, Larrain Dantza eta Otsagiko dantzak; Baxenafarroako Bolantak eta Zuberoako Maskaradako pausuak –hau izan liteke emanaldi baten programa–. Nahiz eta indarra lekuko tradizioan jarri dudan, dantza horiek ikasteari, eta noizbehinka erakusteari, ez nioke biderik itxi nahi. Aberasgarria da, dudarik ez; baina honek ere badu bere buelta.

Kontua orekan dago. Nik uste dut pasa zirela dantza horiek estimazio handiagoa zuten garaiak; dantza taldeek urteko programazioa dantza horiek erakusten pasa zezaketen, eta gainera, noizbehinka kanporako bidaiak egiten. Azken urteetan, eta zer esanik ez krisia gainean dugunetik, estilo horri segitzen dioten dantza taldeak oso nekez programatzen dituzte Udaletan, eta jendearen interesa ere ez zait iruditzen handiegia denik. Hori izan da motiboetako bat hainbat dantza-irakasle koreografiak sortzera bultzatu dituena, pentsatuz, jendeari zerbait berria eta ona eskainiz, sortuko dela eskaria. Eta, kontu honekin gehiegi luzatu gabe, gertatzen dena hauxe da: oso talde gutxi dagoela Euskal Herrian klase horretako eskaintza erakargarriak sortzeko moduan, eta talde gehiegitxo, bere neurriz kanpoko ekitaldiak sortzeko ahaleginean; izan ere, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula hainbeste baliabide juntatzea: dantzari eta musikari talde sendoa behar da, oholtzarako prestatutako koreografiak eta eszenografia, jantziak, propaganda egokia eta aurrekontua. Gauzak horrela, erritmo horri eutsi ezinda, dantza talde horietako gehientsuenek beste bideren bat pentsatu beharko dute etorkizunean ere dantza talde izaten segitu nahi badute.

Xabier Etxabe Zulaika

2013ko abuztuan



1 Hegats literatur aldizkaria, 45. zenbakia, 188. orrialdea. (Lorea Agirrek egindako elkarrizketa).

2 “Dantza-maisu” izena, aski ezaguna eta erabilia delako aipatu dut laburpen-esaldia osatzeko. Badaezpada esan egingo dut, “maisu” edo “maistra” izan, ez dudala bereizketarik egiten.

3 Ez dut esan nahi musikariak, derrigor, txistulari edo danbolinteroa izan behar duenik. Baina tradizioz dantzariekin lotura estua izan duten haiek egindako lana nahi izan dut nabarmendu.

4 Gure folklorearen aberastasuna ez dut gutxietsi nahi, eta ez dezala inork pentsa dantzen ikasketa-formazioari mugak jarri nahi dizkiodala. "Beti gauza bera egitea aspergarria da" eta antzeko esanei eman nahi diet buelta, urteak pasa ahala gauza bera egiteari izan bedi musika-pieza jakin bat jotzeari, edo dantza jakin bat egiteari zerbait berria bilatzen dioten horiek ditut eredu.

5 2012. urteko “Sortutakoak tradizionala” proiektua irabazi zuen Mikel Sarriegik aurkeztutako txostenetik hartua, “Sanjoanetako Neskatxen sokadantza Beasainen” izenarekin.

Dokumentuaren akzioak

2014/06/13 10:28
Bikain, Xabier. Hausnarketa zabala eta ederki egituratuta. Gure betiko galderak, zer garen, zer izan beharko ginateken, zer izan nahi dugun, eta nola, eztabaidarako gai ugari aportatuz. Mila esker.
2014/06/16 10:29
Oso interesgarria Xabier! Oso gustora irakurri dut zure hausnarketa. Eta Perez Altamiraren pasarte hori ez nuen ezagutzen eta ezin egokiagoa iruditzen zait.
2014/06/16 11:46
Oso ona. Gehiena gustatu zaidana, taula da. Oso garbi sintetizatzen du proposamena, eta check-list bikaina iruditzen zait noberak bere taldea erkatzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Etxabe

Xabier Etxabe

Zarautz (1974).

Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.

Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).