Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa "Dantza tradizionalen lengoaia modernoa da berez, ez du modernizatu behar"

Dokumentuaren akzioak

"Dantza tradizionalen lengoaia modernoa da berez, ez du modernizatu behar"

2018/11/23 08:15
"Dantza tradizionalen lengoaia modernoa da berez, ez du modernizatu behar"

Argazkia: Dani Blanco / Argia

Juan Antonio Urbeltzek Juan Inazio Iztuetaren bizitza eta lana “garbitu” nahi izan ditu Juan Ignacio de Iztueta y yo liburuan, "bere gogoak, aldarteak eta munduan egoteko bere modu erabatekoak azterketa historiko zorrotzaren galbahetik pasa behar zuten". Azken liburuaren harira, Mikel Asurmendik Urbeltz elkarrizketatu du Argian. 1959. urtean hasi zen dantzan, laster,  hirurogei urte beteko ditu dantzaren ikerkuntzan. Lan honekin folklorista bezala egin duen ibilbidea itxiko luke, "ziklo bat bete dut, espero dut beste ikerlari eta adituek osatua izatea".

Urbeltzek dio aparteko balorea duela Iztuetaren Gipuzkoako dantzak liburuak, "Iztuetaren edizio hori gabe, metodoa galdua zatekeen. Baina, esan bezala, liburuaren ondarea ez da berea". Urbeltzen arabera, Iztuetak doinu zaharrei buruz egiten duen azalpena ez dagokio Gipuzkoan behiala dantzan egiten zen ondareari. Bere ekarpenak haren aurreko Danzas de cuenta-ko maisu batenak izan litezke Urbeltzen iritziz, ziur aski, Jesusen Lagundiko ikastetxe batean irakatsi zuen maisu batenak.

Elkarrizketan pluralean aritu da Urbeltz, bere eta martxoan hil den Marian Arregi emaztearen izenean. Hirurogei urteko ibilbidea elkarrekin egin dute, "joana den arren, berarekin bizitzen jarraitzen dut egunero". Sortzeko aparteko gaitasuna zeukala dio, musika intuiziorako tenperamentu eta jenialtasuna, "Euskal musika tradizionalaren alorrean Mariaren ekarpena bere-berezkoa da, ez du parekorik". Bere bizitza luzean doinu sorta zehatzak sortzeko gai izan zela azaldu du Urbeltzek, dantzagarriak ziren une berezitarako destinatuta.

Dantzaren egoera kezkagarria dela dio Urbeltzek, "ezin  dugu ezerezkeria sorkuntza eredutzat hartu. Dantza tradizionalaren alorrean badakit zer den sortzea; ordea, ez dut ulertzen zer den eboluzionatzea”. Urbeltzen ustez, gure dantza tradizionalen funts sinbolikoak, ez dirudi gaur egun interes handia sorrarazten duenik. Horrek jendartean nolabaiteko ardura sortu beharko luke, eta batez ere, gure agintariei kezka modukoren bat eragin beharko lieke. Hungaria edota Kaukasoko nazioak eredutzat hartu beharko genituzkeela dio.

100 urtetan, dantza klasikoek herri dantzak kutsatu dituztela esaten du: “Akatsa handia da. dantza garaikidearen izenean egiten ari dena. Eredua berantiarra da gainera, dantza berrien izenean ari dira, eta espresio atzerakoia landu eta eskaintzen dute. Izan ere, gure herriaren dantzek dauzkaten baliabideak aintzat hartuz gero, berez dira modernoak. Agurra-z egin den eredu garaikidea lotsagarria eta irringarria da”. Dantza tradizionalen lengoaia ibilbide luzekoa dela dio, "modernoa da berez, ez du modernizatu behar".

Informazio: "Euskalduntasuna noraezean dago" (Argia, 2018-11-18)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.