Dokumentuaren akzioak
“Dantza kaosaren eta oroimenaren ondorioa da”
Juan Ignacio de Iztueta y yo irakurri dut, baita haren egile Juan Antonio Urbeltz elkarrizketatu ere. Gogotsu ekin nion liburuari, baita gogotsu irakurraldia amaitu ere. Alabaina, burua zirimola batean bukatu nuen, kaos batean.
Ez naiz etnografian edota paleontologian ikasia, ezta urrik ere. Beraz, “doktoreak ditu elizak” eta haiek balora dezaten liburua. Edonola ere, Urbeltzen “dantza kaosaren da eta oroimenaren ondorioa da” esaldiaren ildoan hona hemen ene aburu xumea: Juan Ignacio de Iztueta y yo liburua gaur egun jendartean bizi dugun kaosaren eta oroimenaren lanketa eskasaren adierazle da, edo izan daiteke.
Juan Antonio Urbeltz eta Juan Ignacio de Iztuetaren arteko “parekotasuna” arrazoibidetara ekartzea ez da erraza, ez samurra hori antzematea ere. Liburuko Sincronicidad, Predestinación y Vínculos acausales atalean aurki dezakezu gai berezi hori, liburu honen berezitasunetako bar. Gipuzkoako dantzak liburuari buruz kritika laburra daukazu ere bai.
Funtsean, liburuaren helburua Iztueta nor izan zen azaltzea da, baita Gipuzkoako dantzak liburuaren funtsa ez zela gipuzkoar folkloristarena argitzea ere. Horiek, nire ezjakintasunerako, “uste, irizpide eta ondare historiko” batzuk apurtu dituzte, eta pentsu dut, dantzaren munduko arizale eta adituen anitzenak ere bai.
Liburuak, bistan da, zer esana eman du eta emanen. Urbeltzek euskal dantza tradizionalari buruz duen iritzia, ez baita dantza munduan ari diren guztien iritzi bera, ezta urrik –hau– ere.
Juan Ignacio de Iztueta y yo irakurtzeaz gain, arestian idatzi bezala, egilearekin solastatu naiz. Liburuaz, Dantza filmaz eta dantzaz orobat mintzatu gara. Elkarrizketara ekarritakoaz gain, horra hemen, beste lerro sorta bat:
“Agurra-z egin den eredu garaikidea lotsagarria eta irringarria da”
Juan Antonio Urbeltzen ibilbidea eta jarduera luzea bezain emankorra da euskal folklorearen ikerkuntzan. Herrien historia eta beren oroimena aztertzen direnean, aztertzaile bakoitzak bere bideak urratzen ditu, baita bere ondorioak atera ere. Urbeltzek bere aburuak ditu, eta beste batzuek bereak. Batzuetan iritzi bestelakoak izaten dira, bestetan bateragarriak: “Gure ekarpenak guk aztertu eta ikasi ditugunaren ildoan eginda daude. ‘Guk’, alegia, ‘Marian emaztea eta biok’, baita gure inguruan jardun duten eta jardunean ari den jende askoren izenean”, erran digu Urbeltzek.
Urbeltzek Euskal Herria 80 urteko desorientazio kulturalean murgilduta ikusten du: “Alpargata ez da euskalduna. Gitarra, alboka eta dultzaina ere ez. Zer arraioa da euskalduna?”, itaundu du sarritan.
Hauxe ere adierazi izan du: “1930eko hamarkadan, Errepublika garaian, batzuentzat noski, Begoñako Batzokia zen euskalduna, bakarra. Euzko Gaztedik Ezpata dantza hondatua dantzan egiten zuen. Aldiz, ni eta beste batzuk, Mediterraneoarekin lotzen den kulturaren ildotik heldu gara eta kultura horren bidean aritu gara. Noski, Batzokietako kulturatik datozenentzat, gu lekuz kanpo gaude”.
Urbeltzek dioenez, iragan mendean batzokietako kulturaren ildoan ez direnak “euskaldun” prototipotik kanpo laga nahi izan zituzten. “Dultzaina, alboka, mandolina edota alpargata” euskalduna ez dela ebatzi zutenek horrela erabaki zutelako. Hartara, horren ondorioak nozitzen ditugu gaur egun. Tira, azken hamarkadetan, Urbeltzek ironiaz dioenez “Txistu eta Txapela hasta Tudela”, izan da lelo nagusia.
Urbeltzek ez du ukatzen, gaur egun dantza alorrean egiten denak balorerik ez duenik –oro har harturik–, baina askotan eskasa dela dio: “Esaterako, Aurresku Txapelketa garaikidea omen da. Zeren garaikidea? Etiketatu ezazu ekitaldi hori nahi duzun bezala, polita egiteko ongi dago, baina horrela segituz gero, gure herri kulturaz ez da ezer geratuko, ezer ez. Ez da kontzientzia nahikorik eta kontzientzia berreskuratu behar da”.
Euskal kontzientziaz hauxe dio ere bai: “Nor ez da abertzale gaur egun? Baina, zein kontzientziarekin, arraioa. Herriek badute berezko identitate zeinua, horiek ezin dira aldatu, aldatuz gero, herri hori desagertzen da”, itauntzen du Urbeltzek.
100 urtetan, dantza klasikoek herri dantzak kutsatu dituztela diosku. Ez du izenik aipatu nahi, ez norbanakoenak ez talderenak: “Akatsa handia da. dantza garaikidearen izenean egiten ari dena. Eredua berantiarra da gainera. berriaren izenean ari dira, eta espresio atzerakoia landu eta eskaintzen dute. Izan ere, gure herriaren dantzek dauzkaten baliabideak aintzat hartuz gero, berez dira modernoak. Agurra-z egin den eredu garaikidea lotsagarria eta irringarria da”.
Dantza filma plazaratu berri da, eta berriz ere, Urbeltzek hauxe adierazi behar izan du bere inguruan: “Ez diet soilik esan, dantzan inoiz aritu ez direnei. Dantzari eta koreografo askok Ezpata dantza, Gerra dantza bezala interpretatzen dute. Durangoko euskalkian, berbarako, ezpatia eztena da. Mandeuliaren eztena. Alegia, gure dantzaren jatorriari buruzko ezjakintasun itzela da, baita mingarria ere, folklorista honen ustez.
Azkenik, Urbeltzek Zaldibiako Iztueta folklorista iruzurgiletzat ekarri du, besteak beste, Danzas de cuenta sistema aztertu ondoren. Hona, elkarrizketaz emandakoaz gaineko argipen batzuk:
“Danzas de cuenta dantza erakusteko sistema bat da. Sistema edo eredua ez da folklorearen barruan kokatu behar, ez strictu sensu-z behintzat. Sistema horren bidez konpasak neurtzen dira, azpi zatitzen dira, dantzatu nahi denaren mudantza eginez. Horregatik dira kaotikoak. Dantzen egitura irregularra da. Dantzaren izaera kaotikoa azaltzeko eredua da”.
Hauxe ere dio Urbeltzek: “Iztuetak ez zuen ikusi bere liburuan deskribatu zituen dantzak inoiz interpretatzen ikusi. Dantzek mila urteko espresioak dira, Kristo garaitik datoz. Cesar Negrik horiei buruz idatzi zituen Errenazimendu garaian, Josuren Lagundikoek jaso zituzten eta Iztuetak bere egin zituen. Gipuzkoako dantzak antigoaletik heldu dira, kaosaren adierazle dira eta oroimenaren bidez gaurkotu izan dira. Baina, arren, ez ditzagun euren historiaren jatorria eta funtsa nahastu”.
Dokumentuaren akzioak