Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Oihanburu eta Urbeltz, euskal dantzaren bi eraberritzaile

Dokumentuaren akzioak

Oihanburu eta Urbeltz, euskal dantzaren bi eraberritzaile

2023/09/15 07:10
Oihanburu eta Urbeltz, euskal dantzaren bi eraberritzaile

Juan Antonio Urbeltz eta Filipe Oihanburu, Eibar, Biharamuneko soka-dantza, 2012-04-21. Argazkia: Iñaki Zugasti.

XX. mendeko euskal dantzaren eraberritzearen arduradun nagusietako bi dira Juan Antonio Urbeltz eta Filipe Oihanburu. Gaurdaino indarrean diren bi korronte nagusi gidatu eta elikatu dituzte. Urbeltzek herri jakintza bildu, aztertu eta forma berriz eszenaratu izan du tradizio hori. Oihanburuk aldiz gehiago erreparatu izan dio formari, estetikari, euskal dantza beste hizkuntza koreografiko batzuekin uztartuz. Spheres régions frantziar aldizkariaren 2022ko udazkeneko zenbakian elkarrizketa sakona egin diete biei.

Dantza politika da!

Distantziak —fisikoak zein adinari dagokionak— halako urruntasuna eragin die urtetan. Ez dira bat etorri izan dantzen berritze koreografikoa egiteko moduari dagokionean, baina elkarrizketan ageri da euskal dantzaren ikuskeran badituztela partekatzen dituzten irizpideak ere. Dantzaren balio politikoa esaterako. Dantza politika da, diote biek ala biek!

"Behin poterean, Francok gure kulturaren adierazpideak debekatu zituen. Urtetan oso zaila izan zen dantza tradizionalik erakutsi ahal izatea Hego Euskal Herrian”, dio Urbeltzek. “Hain zuzen ere, Espainiako gobernuak debekatu zigun dantzatzea. (...) Zergatik ezin dugu egin georgiarrek, mexikarrek edo errusiarrek bezala: dantza konpainia nazional bat sortu, mundu guztiari erakusteko zertarako kapaz diren euskaldunak. Eta, hala ere, bada dirurik hori egiteko. Urbeltz izendatu beharko genuke zuzendari!".  Gaineratu du Oihanburuk.

Euskal dantzaren garrantzia

Euskal dantzari eskaini diote haien bizi-jarduna. Hartara, biek partekatzen dute adierazpen koreografiko honek duen garrantziari buruzko iritzia ere. Oihanburuk egin du adierazpena, baina Urbeltzena ere izan zitekeen berdin, hamarkadengatik ez balitz: 

Gure dantzek behar lukete izan flamenkoa bezain ezagun! Gainera, herri oso bat biltzen dute. Zazpi euskal probintzietako gazteak dantzarazi eta kantarazi nituen. 1940 eta 1950eko hamarkadetan Hego Euskal Herritik gurera zetozen dantzari gehienek ez zekiten euskaraz, baina gure tropan hilabete batzuk pasata, hizkuntza menperatzera heltzen ziren! Eta orduan, senidetasun handia izan zen gure artean. Euskal abertzaletasuna ez zen idea hutsa, errealitatea zen”. 

Filipe Oihanburu eta Juan Antonio Urbeltz 2012 Eibar
Filipe Oihanburu eta Juan Antonio Urbeltz elkarri eskutik helduta soka-dantzan, Eibar, Biharamuneko soka-dantza, 2012-04-21. Argazkia: Felix Morquecho.

Dantzari buruzko ikuskerak urrundu zituen, baina dantzak elkartu ditu berriz: 

“Inoiz ez gara izugarri lagun izan, baina berriki, Eibarren antolatu zuten aurresku batean elkarrekin dantzatzea egokitu zitzaigun, eskuz-esku. “Momentu hartatik aurrera bakea egin dugu. Orain lagunak gara. Betiko!”, adierazi du Oihanburuk eta Urbeltzek, baietsi.

Erreportajea: Urbeltz eta Oihanburu: Euskal dantzaren urrezko aroa (Sphères Region, Maud Cazabet, 2022ko udazkena)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.