Dokumentuaren akzioak
Urbeltz eta Oihanburu: Euskal dantzaren urrezko aroa
Phillipe Oyhamburu eta Juan Antonio Urbeltz, koreografoak. Sphereres region aldizkaria. Argazkia: Lilian Cazabet
Juan Antonio Urbeltz eta Filipe Oihanburu koreografoek – laurogeita bat eta ehuna urte- euskal dantzarekiko maitasuna partekatzen dute duela hamarkadak. Hala ere, oposatutako ikuskerak dituzte. Bien arteko lehia luze bezain emankorrak eraberritze salbatzailea ekarri dio euskal dantzaren jardunari. Alta, egun, lehia hori ez da guztiz desagertua. Spheres Region aldizkari honen eskariz, elkartzea adostu dute. Testua: Maud Cazabet. Argazkiak: Lilian Cazabet, Sphères Region-endako.
Urbeltz eta Oihanburu
EUSKAL DANTZAREN URREZKO AROA
Bilo xuriak, dotore zizelkatutako mustatxak, masail alegerak eta berezko dotorezia altzairuzko punta ezkutatzen duen euskal makila usadiozkoaren erabilpenean. Juan Antonio Urbeltzek (laurogeita bat urte), Filipe Oyhabururen (ehun urte) Biarritzeko etxeko ataria zeharkatu duenean, anaiak ote diren pentsa genezake. Dantzari edo/eta euskaldun ez denari, seguraski, bi izen hauek ez zaizkio ezagun eginen. Baina gainontzekoek, ulertzen dute bi koreografo erraldoi hauek elkartzearen erronka.
Zeren, sasi-anaia hauek, egiazki aurkariak baitira. Partekatzen duten gauza bakar horrek, haien bizitzen borroka-zelaiak, haien izatearen oinarri den euskal dantzak, piztu die hamarkadetako ezadostasuna. Zoritxarrez, kontrako ikuskera dute. Urbeltz, hasteko, ikertzailea da. Oihanburu, batez ere, sortzailea. Lehena antropologo eta folklorista da. Bizitza eskaini dio bere herriaren adierazpena den euskal dantzaren ikerketari, ez dadin galdu ez urardotu. Bere ikuskizunak entziklopedikoak dira kasik. Bigarrenak, jardun honen ikuspegi estetikoagoa defendatzen du. Berehala, euskal dantza eta dantza garaikidea nahastu zituen, mundu guztian euskal dantza dirdiraraziko zuten ballet ausartak prestatuz. Haien arteko desadostasunetatik, areriotasuna sortu zen.
Zorionez, areriotasun emankorra izan da. “Garaian, koreografo bakoitzak ondokoak baino gorago ezarri nahi zuen bere langa. Horrek sormenezko emulazioa eragiten zuen inguruan". “Euskal Herria!” dio Claude Iruretagoienak, Urbeltzen garai bateko ikasle eta koreografo biarriztarrak. Jakinminez, gaineratu du: “Egitea pentsatzen ari zareten hori, bien arteko hartu-eman bat antolatzea, gertaera handi bat izanen da. Bizi guztian arerio izan dira!”.
Adostasun sinesgaitza
Eta hala ere, Oihanburuk bero hartu du bere alter egoa etxean “Urbeeeltz!” kementsu eta besarkada zintzo batez. Argi da ehun urteak beteta dituen gizonak ez duela indar pindarrik galdu. Berehala, kafe baten aitzinean, aurkariak solasean ari dira berdin euskaraz, gazteleraz edo frantsesez, salako paretak apaintzen dituzten arbasoen begiraden pean. Ederki elkar ulertzen dute. “Inoiz ez gara izugarri lagun izan, onartzen du Oihanburuk, baina berriki, Eibarren antolatu zuten aurresku batean elkarrekin dantzatzea egokitu zitzaigun, eskuz-esku”. Beste zenbait lekukok gogoan dute aurresku famatu hura eta bi dantzari hauek elkar eskutik hartuta ikustean, bertaratutakoen artean zabaldu zen beldur-zurrumurrua. Baina dena ongi bukatu zen. “Momentu hartatik aurrera bakea egin dugu, dio Oihanburuk. Orain lagunak gara. Betiko!”. Bere ondokoak, baietsi, eta memoria pasatzaile ona denez gero, altxa da erakusteko dantza-kate hori nola sortzen den elkar eskutik helduta. Urbeltzek, segi: “Hogei urteko tartea dugu, beraz urruneko ezagutza dugu. Baina Oihanburu oso adoretsua izan zen. Garrantzitsua da ausartzea”. Etxeko jabeak baietz dio: “Egia da berehala emakumezkoak sartu nituela, normalki gizonezkoek ematen zituzten dantzetan”. Urbeltzek jarraitu: ”Interesgarria da, izan ere emakumezkoek haien tokia dute euskal-dantzetan, batzuek sinisten dutenaren kontra. Esaterako, nire emazteak eta biok birsortu genuen Axuri-beltza, neskatikoei bideratutako dantza zen”, azpimarratu du, dantza hori laguntzen duen doinu eztia ahapeka kantatu aitzin. Tarteka, hartu-eman biziak iradokitzen ditu, denboraren joanak apaldu bai, baina guztiz ezabatu ez dituen lehia baten hondarrak. “Orain nire txanda, ezta?” dio Oihanburuk zirikatzaile, Urbeltz turkiar musikari buruzko azalpenetan luzatu delarik.
Autodidaktak
Euskal kulturaren bi erraldoi hauek ezaugarri komunak dituzte. Besteak beste, haien ibilbide autodidakta. Filipe Oihanburu 1921ean sortu zen, Pirinio Garaietako departamenduan, baina bere biziko lehen urteak Uruguain pasa zituen. Han ez zen eskolatua izan eta irakurtzen eta idazten amak erakutsi zion. Berak piztu zion artista-etorria. Askatasunaren maitale, ez du onartzen agindua izatea. Familia Euskal Herrian instalatu zelarik, Poupou —hori du izengoitia— gazteari proposatu zioten Olaeta euskal dantza konpainiako kide izatea… akordeonista gisa! “Hogei urtetan hara joateko alferkeria nuen, dio bere adinagatik ere abots kantariz, baina onartu nuen. Lehenik dantza bat ikasi nuen, gero bi… eta hala bilakatu nintzen dantzari, eta ondotik zuzendari. Txiripak toki garrantzitsua du ene bizian. Izan ere, ustekabean ere bukatu nuen abesbatz zuzendari”. Helduaroan baizik, hasi da euskara ikasten. “Batez ere 1936 eta 1939 artean Pirinioak zeharkatu zituzten Espainiako gerra zibileko errefuxiatuekin” adierazi digu Eneko Bidegainek, dantzariari buruzko biografia baten egile. Oihanburuk berehala bat egin zuen bere euskal nortasunarekin eta militante abertzale sukartsu bilakatu zen. Politikarekiko bere interesak lehenbizi Komunismoruntz bideratu zuen, eta Anarkismoruntz gero. Ez zetorren bat garaiko kultura paisaian. Oraindik ere egun, ehun urteko gizon joriak bere jarrera anarkista asumitu egiten du.
Poupouk bere lehen dantza urratsak ikasten ari zen momentuan, Pirinioen beste aldean, Juan Antonio Urbeltz oinez ikasten ari zen. 1940an Frankoren diktaduraren garaian jaioa, Donostian hazi zen, familia pobre batean. “Haurtzaro bitxia izan nuen. 8 urterekin egunkaria, hasi eta buka irakurtzen nuen. Nazioarteko politikak bereziki interesatzen ninduen”, dio 2022an ere, Donostiako kale alaietan, beti egunkaria eskuan izaten jarraitzen duen gizonak.
Euskal kulturaz ere blaitu zen poliki-poliki eta modu autonomoan. Gogoko izan du hori. Batez ere, Goizaldi dantza taldean Marian Arregirekin amorostu zelako, gerora bere emazte eta lan-bikote izanen zena. Urbeltz berehala hasiko zen tradiziozko dantzen esanahia ulertu nahian. Baina bazen lanik! Probintzia bakoitzak bere dantzak ditu, ehunka daude, sarri, borobilean jauzika ari diren zurigorriz jantzitako gazte txapeladunen irudi sinplistatik oso urrun. Dantza gehienek erlijioarekin dute lotura, edo nekazal munduarekin, edo antzinako lanbideekin, Zapatain dantza kasu.
Tradizioak berrasmatzen
1960ko hamarkadan, Urbeltz-Arregi bikotea herriz-herri aritu zen, dantza hauek ikertzen. Urbeltzek urratsak eta historia biltzen zituen eta Arregik, doinuak. Bien artean Euskal Herri osoko zazpirehun dantza eta doinutik gora biziberritu zituzten. Folklorea ezagutzean, gure ikertzaileak sinboloak aztertu zitzakeen eta bere bizitza eskainiko zion langintza horri. Bere apartamendua da horren lekuko: gela guztietan badira kolore biziz azpimarratutako eta oharrez betetako liburu mendixkak: “hiru milatik gora liburu izanen ditut etxean”, dio antropologoak begi dizdiratsuz. Apaletan, Jung psikoanalistaren obra osoa, intsektuei buruzko liburuekin batera, maitagarriei buruzkoak edo eta greziar hizkuntzari buruzko hiztegiak, “zeintzuetaz Grezian berean alerik geratzen ote den ez bainaiz segur”, dio irakurle ase-ezinak. Metafisika, filosofia, erlijioen historia… esparru horietan guztietan bilatzen du inspirazioa Urbeltzek, bere teoriak eraiki eta euskal-dantzari buruz argi berria ekartzeko. Konparazio baterako: ezpata-dantzak, maiz guda-dantza gisa aurkeztuak, gure ibarretan burrunban ari diren mandeulien kontrako konjuratze errituak lirateke. “Ezpatak, armaren adieraz gain, ‘mandeuli’ ere esan nahi du euskaraz, zehaztu du pedagogoak. Ezpatak, beraz, arma bera baino, intsektuaren ausikia irudikatuko luke. Doinuak eta koreografiak, mandeuliaren hegaldia gogorarazten dute”.
Urbeltzek Euskal Herria kurritzen zuen ber momentuan, Oihanburu munduko beste puntan zen. 1954 eta 1984 artean zuzendu zituen Etorki izeneko koru eta balletekin, euskal kultura esportatu zuen. “Hego Afrikan dantzatu ginen, Apartheid-aren garaian, Iranen, baita Bolibian ere, lau mila metroko alturan, erridauen atzean oxigenoa zain genuela!” dio Jakesa Artola Naudet-ek. Dantzari honek hemeretzi urte zituen Oihanbururen dantza konpainiarekin bat egin zuenean. Garaian, zenbait dantzetan emakume gazteak sarraraztea ausardia hutsa zen. Beraz, nazioarteko antzokietan ariaraztea eta ordainduak izatea, ah ze erokeria! Baina Oihanburu bohemioak erabakia zuen euskal oinordekotzaren berritzea, haren edertasuna partekatzeko. Urbeltz ere ez da sabuespena. Behin folklorea ahanzturatik libratuta, zuzentzen duen Argia konpainiarekin, berriz ere eszenan eman izan du. Zenbait euskaldunek oraindik ere sinisten dute Axuri Beltza antzinako dantza dela. Baina Urbeltz-Arregi senar-emazteak izan ziren, duela berrogeita hamar urte, bizitza itzuli ziotenak.
Euskaldunak dantzaraztea
Oihanburuk eta Urbeltzek euskal dantza ikuskizunerako eta eszenarako-arte bilakaeraren bultzatzaile izan ziren. Jatorrian, herrietako plazetan jokatutako dantza errituak izaten ziren. “1970eko hamarkada aitzin, jadanik jendeak ez zuen dantzarik egiten Ipar Euskal Herriko herrietan”, dio Thierry Truffaut antropologoak. Soilik dantzaldi batzuk eskaintzen zituzten udan, turistendako. Denbora asko behar izan da jendea berriz plazetan dantza dadin”. 70 eta 90. hamarkaden artean, bi aurkarien eta Jean Nesprias, Koldo Zabala edo Betti Betelu bezalako beste koreografo batzuen elkarrekintzak, dantzaren birsortzea ekarri zuen, berdin plazetan nola antzokietan. Claude Iruretagoiena, Urbeltzen aspaldiko ikasleak baietsi: “Haien ikuskizunekin hemengo jendeari eta mundu guztiari amets eragin diete. Euskal gazteei erakutsi diete haien ohiturak ez direla lotsagarri”.
Bidea ez da trabarik gabea izan. Haien eztabaida bideratuta, dantza-maisuek gogoan dituzte haien ibilbidean topatutako arazoak. “Nola fidel izan tradizioari, aldi berean sortzaile izanda? Hori konplikatua da” onartu du Oyhanburuk. Beste oztopo bat: testuinguru politikoa. Puntu honetan behintzat bai, biak ados dira. Dantza politika da! “Behin poterean, Francok gure kulturaren adierazpideak debekatu zituen. Urtetan oso zaila izan zen dantza tradizionalik erakutsi ahal izatea Hego Euskal Herrian”, dio Urbeltzek. “Hain zuzen ere, Espainiako gobernuak debekatu zigun dantzatzea. Ameriketako Estatu Batuetarako bira bat ere bertan behera utzi behar izan genuen, biarriztarrek komunista gisa aurkeztu baikintuzten, sumindu da Oihanburu. Eta gero, arazo ekonomikoak izan genituen, talde profesionala nahi baikenuen, eta beti ez genuen egoera egonkortzeko adina sos irabazten”, atsekabetu da sortzailea. Aldamenekoa, adi: “Tokian-tokiko folklorea biltzeari ekin genionean, gure kabuz moldatu behar izan ginen, inongo laguntzarik gabe”. Haien izatea euskal dantzari eskaini dioten bi lagun hauek, ez dute ulertzen tokiko administrazioen ezaxolagabekeria: “Zergatik ezin dugu egin georgiarrek, mexikarrek edo errusiarrek bezala: dantza konpainia nazional bat sortu, mundu guztiari erakusteko zertarako kapaz diren euskaldunak, penatu da Oihanburu. Eta, hala ere, bada dirurik hori egiteko. Urbeltz izendatu beharko genuke zuzendari!” proposatu du besoak astinduz, bere solaskidearen irria eraginez. Poupou bere onetik irten da: “Gure dantzek behar lukete izan flamenkoa bezain ezagun! Gainera, herri oso bat biltzen dute. Zazpi euskal probintzietako gazteak dantzarazi eta kantarazi nituen. 1940 eta 1950eko hamarkadetan Hego Euskal Herritik gurera zetozen dantzari gehienek ez zekiten euskaraz, baina gure tropan hilabete batzuk pasata, hizkuntza menperatzera heltzen ziren! Eta orduan, senidetasun handia izan zen gure artean. Euskal abertzaletasuna ez zen idea hutsa, errealitatea zen”.
Haien urratsetan
Bi gizonok espero dute belaunaldi berriek jarraituko dutela haiek hasitako bidean. “Euskal dantzak etorkizun oparoa du, uste de Oihanburuk. Dantzari bikainak ditugu egun. Eta Mizel Théret bezalako koreografoen lana miresten dut. Baina ballet gatzdunak espero ditut, esaterako, eszena gainean jarriko dituztenak gure historiako gertaerak: Orreagako gudua edo Karlistaldiak, esaterako”. Ehun urteko gizon sutsuak dantzan egin ezin badu ere, Urbeltzek jarraitzen du ikuskizunak zuzentzen eta bere ezagutza partekatzen. Bere ondarea ezagun da egungo sorkuntzetan ere. Claude Iruretagoienak zuzendutako Biarritzeko Maritzuli konpainiaren baitan, koreografiek eta eskuz egindako bederatzirehunetik gora jantzik, gorazarre egiten diote euskal oinordekotza horri. “Urbeltzekin gurutzatzen naizenero, eskerrak ematen dizkiot”, dio jantzi diseinatzaileak. Oraindik ere euskal koruetan ari den Jakesa Artola Nodet-ek ere, bere dantza maisua eskertzen du. “Neskatiko nintzela dantzari izatea amesten nuen. Oihanbururi esker eszena gainera igo ahal izan nintzen. Bidea eman zidan beti bizitzeko hauspo izan dudan horretan garatzeko, dantzan eta kantuan”. Baionako Bilaka bezala, dantza eta musika lantzen dituzten kolektibo garaikideagoek ere, tradizioa eta sorkuntza uztartzen dituzte eszena gainean. Bi orduko elkartruke gartsuaren buruan, solaskidea zur eta lur utzi du Urbeltzek, ardoaren eta eltxoen sibolismoari buruzko teoria konplexuen azalpenekin: “Hor sobera urrun zoaz!” dio Oihanburuk, jostari. Jadanik, berriz bere Donostiako etxeko liburu artean murgildurik, Urbeltzek begi irribarretsuz, bota du: “Elkarrizketa interesgarria izan da. Baina ni ez naute balletek interesatzen, sinboloek baizik! Adiskideturik noski, baina inoiz ez iritzi bereko!
Dokumentuaren akzioak