Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Nork dantzatu zuen Joselitoren aurreskua?

Dokumentuaren akzioak

Nork dantzatu zuen Joselitoren aurreskua?

2021/03/04 08:05
Nork dantzatu zuen Joselitoren aurreskua?

La nueva vida de Pedrito Andía filmeko erromeriko aurreskua. Irudia: La nueva vida de Pedrito Andía (1965)

Mari Karmen Zelaia markinarrak egin zuen Joselito aktorearen dantzari-doblearena La nueva vida de Pedrito Andía (1965) filmean. Joselitok, Pedrito handiaren paperean, aurreskua dantzatu behar zuen. Sokaren buru zela dantza gidatu eta ondoren Isabeli, gustuko neskari, agurra eskaini. Isabeli (Karim Mossberg aktore alemaniarrari) dantzatu ziona, ordea, Mari Karmen Zelaia izan zen. Joselitoren aurpegia aurrez aurre saltoen momentuan bakarrik ikus daiteke; gainerako dantza osoan bizkarrez dantzan ageri den dantzaria Zelaia da.

Joselitoren aurreskua
Joselito aurreskuan sokaren buru dela. Irudia: La nueva vida de Pedrito Andía (1965)

Joselitoren aurreskua
Mari Carmen Zelaia eta Joselito. Argazkia: Garbiñe Arrate. Lea Artibaiko Hitza

Alberto Lopez Echevarrietak 2021eko urtarrileko Bilbao aldizkarian argitaratu duen artikuluari esker izan dugu Joselitoren aurreskuko benetako protagonistaren berri.  Gaur egun Miamin bizi den Mari Karmen Zelaia elkarrizketatu du Alberto Lopez-ek eta Zelaiak azaldu dio orduan 13 urte zituela eta Santiago apaizak zuzentzen zuen Arretxinagako San Migel Dantza taldean aritzen zela dantzan. Suevia Films ekoiztetxeak kontratatu zituen erromeria irudikatzeko, eta, azkenean, Joselitoren papera hartu zuen. Ile luze luzea zuela dio orduan, eta ederki gogoratzen du motz-motz egin ziotela Joselitoren tankera emateko.

Joselitoren aurreskua
San Miguel de Arratxinaga taldeko dantzariak Karin Mossberg aktorearekin. Argazkia: Garbiñe Arrate. Lea Artibaiko Hitza

Eszena famatua da aurreskuarena, hain zuzen ere dantzan ari dela entzuten baitira Joselitoren hitz xelebreak, "Zu baino garaiagoa naiz, garaiagoa" (soy más alto que tú, soy más alto que tú"). Izan ere, filmearen argumentua Pedritok duen konplexuaren ingurukoa da. Bera baino garaiagoa den neskarekin maiteminduta, txikitxo konplexuak lotsagorritzen du protagonista. Filmea Rafael Sánchez Mazas-en nobelan oinarrituta zuzendu zuen Rafael Gil-ek.

Joselitoren aurreskua
Ezkerrean Mari Karmen Zelaia eta eskuinean Joselito.

Aurreskuan, Karim Mossberg aktore alemaniarraren alboetan Arrillaga Arretxinagako San Migel dantza taldeko bi dantzari ageri dira zerbitzari lanetan. Angel Kareaga eta Juan Jose Arrillaga dira Lea Artibaiko Hitzan jaso dutenez. Mari Karmen Zelaiak gogoratzen duenez Angel Kareaga jotalari bikaina zen.

Joselitoren aurreskua
Angel Kareaga eta Juan Jose Arriillaga zerbitzari eta Joselito Karim Mossberg dantzaren ondoren agurtzen. Irudia: La nueva vida de Pedrito Andía (1965)

Joselitoren aurreskua
Joselito eta San Miguel de Arretxinaga dantza taldekoa. Argazkian: Angel Arrate, Kike Gomez de Segura, Maria Jesus Ibarluzea, Antonio Kareaga, Maria Angeles Foruria, Jose Luis Maiztegi, Marcial Mariscal (figurantea), Karin Mossberg (filmeko aktorea), Eduardo Itoiz, Angel Kareaga, Juan Jose Arrillaga, Jose Antonio Jaio, Begoña Juaristi, Garbiñe Arrate, Jabier Larrañaga, Miguel Angel Arriola Mitxel, Mari Karmen Ibarluzea, Mari Karmen Zelaia, Felisin Zenarruzabeitia eta Rafa Garcia. Argazkia: Garbiñe Arrate. Lea Artibaiko Hitza

Filma Gernika, Busturia, Lekeitio eta Bilbon grabatu zela ageri da kredituetan, baina erromeriako irudiak Markin-Xemeindik gertu dagoen Etxebarrikoak omen dira. Erromeria lehenengo Peñafloridatarrena eta ondoren Urkixo kondearen jabetzakoa izan zen Munibe Jauregiaren lurretan grabatu zen. Markinako txistulariek eta dantzariek hartu zuten parte grabazioan, eta erraldoiak ere agertzen dira.

Iturria:

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.