Dokumentuaren akzioak
Elkarrizketa Dantzariak 65 aldizkarian
Arrate (Eibar), 2012-09-08. Ezkerretik hasita Oier Araolaza, Soiartze Artetxe, Fernando Rojo eta Xabier Etxabe. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka dantza taldea CC by-sa.
Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratzen duen Dantzariak aldizkariaren 65. zenbakian Xabier Etxabe adiskideak egindako elkarrizketa argitaratu da. Hemen elkarrizketa bera:
Oier Araolazarekin hizketan, dantza eta genero-identitatea aztertzen dituen doktore-tesia aurkeztu berritan
Xabier Etxabe Zulaika
Oier Araolaza Arrieta Elgoibarren jaio zen 1972an, baina txikitatik Eibarren bizi izan da. Dantza du pasio, kezka eta bizibide: Eibarko Kezka eta Donostiako Argiarekin aritzen da, eta Elgoibarko Haritzen ere dantzatu da. Dantzari ez ezik dantzaren ikertzaile, dibulgatzaile eta dantzarekin lotutako talde edo erakunde zenbaiten ordezkari ere bada; esaterako, Kulturaren Euskal Kontseiluan.
Bere ibilbidean funtsezkoa izan da Dantzan elkartea, jokaleku horretatik aritu baita Oier Araolaza azken ia hogei urteotan. Elkartearen tresna izan den web gunearen bitartez (lehen “dantzan.com”, orain “dantzan.eus”) hainbat eta hainbat gai plazaratu, gogoeta eragin eta ereduak ezagutzera emateko aukera eskaini da; gainera, dantzaren sektorean diharduten eragileei elkar ezagutzeko aukera eman die eta harreman sareak eraiki ahal izan dira. Ez da ahaztu behar, bestalde, bai Oierri eta bai beste dantzari batzuri ere profesionalki lan egiteko aukera eman diela elkarteak eta, horri eskerrak, hainbat proiektu eta jarduera burutu ahal izan direla.
Mikel Laboa Katedrarekin (UPV/EHU) egin berri du doktore-tesia Oier Araolazak. Martxoaren 20rako iragarrita zegoen aurkezpena COVID-19ak atzeratu zuen apirilaren 30era; bideo-konferentziaz aurkeztu zuen doktore-tesia: “Genero identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan”. Leire Ituarte eta Nerea Aresti izan zituen zuzendari; epaimahaiko kideak, ostera, hauetxek: Melania Moscoso (CCHS), Xabier Itzaina (Sciences Po Bordeaux) eta Miren Llona (UPV/EHU). Tesia aitzakia hartuta elkartu gara berarekin, gai horietaz ez ezik, oro har euskal dantzaren egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteko.
"Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan". Hitz bakoitzak badu esanahia. Alde batetik, "euskal dantza tradizionala"; bestetik, tradizionala izanagatik, "eraikuntza" bat dena. Eta, gainera, "genero-identitatea"rekin zerikusia duen eraikuntza. Nonbaitetik, hasteko, Oier, zer dela-eta hiru elementu horiek uztartzen dituen tesia egiteko interesa?
Azken orduan aldaketa txiki baina esanguratsua egin genuen tesiaren izenburuan. Lana egin bitartean jarrita neukan izenburua hauxe zen: "Genero-identitatearen eraikuntza euskal dantza tradizionalean". Baina Leire Ituarte eta Nerea Aresti zuzendariekin hizketan ohartu ginen nire lanak ez zuela "genero-identitatearen eraikuntza" aztertzen, baizik eta nola agertu, baliatu, erabili eta proiektatu zen genero-identitatea euskal dantzan zehazki euskal dantza tradizionala bera eraiki zen aroan. Izan ere, euskal dantza tradizionala, edo gutxienez horren formulazio ezagunena, "eraiki" egin zen XX. mendearen lehen herenean. Xabier Alberdik eta zeuk Zarauzko folkloreaz egindako ikerketan ere azaleratu zenuten Hobsbawmek ongi seinalatu zuen XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako tradizio berrien sorkuntza aro hori: Zarautz Berria deitzen diozuen horretan, Festa Berriak, Euskal Festak eta horien ondotik dantza taldeen eredu berria, alegia, tradizio berria sortu ziren.
Hortaz, dantzaren “eraikuntza” kokatu dugu; eta, kokatu ere, aldaketa sozial, politiko eta erlijioso nabarmenak eman ziren garaian. Zer diozu “euskal dantza tradizionala” eta “genero-identitatea” kontzeptuez?
Nire pasioa Euskal Dantza da. Luzaroan "tradizionala" bigarren abizena gehitu diot "euskal dantza"ri, baina orain gero eta gehiago abizen bakarrarekin, "euskal"ekin bakarrik izendatzea gustatzen zait. Aspaldi ari naiz defendatzen berbazko komunikazioan gure hizkuntza euskara den moduan, berbarik gabeko komunikazioan, gure gorputz hizkuntza euskal dantza dela. Generoa zeharkako ardatza da. Dantzan egindako ibilbideari atzera begiratuz gero kontraesanez beteta ageri zait. Badirudi burbuila batean sartuta izan garela euskal dantzan, gizarteko beste alor batzuetan defendatu ditugun berdintasun irizpideak ez baititugu aplikatu dantzan. Gogoan dut 1998. urtean, Goizaldi dantza taldearen 50. urteurrena zela eta ehun dantzarik osatutako ezpata-dantzan parte hartu genuela. Ehun gizonezko ginen. Ekitaldiaren bukaeran, ezpata-dantzarien kapitain aritu zenak Irungo alardean emakumeen parte hartzea babestera animatu gintuen. Aldameneko espaloian emakumeen parte hartzea defendatzen genuen bitartean gure espaloian emakumerik gabeko tradizioak bultzatzen jarraitzeko gai izan gara. Inkoherentzian bizitzeko giza gaitasunak ez dauka mugarik.
Gure dantza-ibilbideetan, batik bat dantza taldeetan egina, hainbat aldaketa bizi izan ditugu, eta geronek probokatu ere bai batzuk; eta beti tradizioaren baitan aritu garen sentsazioarekin, hortik ihes egiteko asmorik gabe. Aldaketa horiek modu egokian gauzatzeko erreferenteak behar izaten dira, eta nik uste falta izan zaizkigula askotan. Zuk non aurkitu dituzu?
Nik zorte handia izan dut. Gure taldearen, Kezka dantza taldearen ardura oso gazterik hartzea egokitu zitzaigun Aresatz Usobiagari eta bioi. Gero ohartu naiz oso ohikoa dela hori dantza taldeetan. Gure aurrekoek irakatsi zigutenarekin konforme geunden, ez genuen uste askoz gehiago geneukanik ikasteko. Asko jota dantza ezezagunen bat. Eta horixe, ezagutzen ez genuen dantza berri bat ikasteko asmoz, aldameneko herriko dantza taldera hurbildu ginen, dantza hori ikasita dena eginda genuelakoan. Hogeita hamar urte pasata oraindik bizi-bizi ditut Elgoibarko Haritz dantzari taldearen entsegu gelan sartu ginen egun hartako irudiak. Dantzarako gela handi eta egoki bat, lur, ispilu, barrarekin, eta irakasle bat, Lourdes Odriozola, serio demonio beroketak eta klasea ematen. Gela erraldoi hura betetzen hirurogei dantzari, janzkera uniformatuta entsegurako eta diziplina harrigarriz klasea jarraitzen. Eta halako batean gizon bat, serioa baina adeitsua, dotore jantzita, enpresa handi bateko zuzendari tankeran hitz egiten zuena hurbildu zitzaigun, dantzarako txapin berriak eman eta txistua eta danbolina hartuta dantzari guztiak gorputz bakarra moduan dantzan jarri zituen: Jose Inazio Sarasua. Gure anfora egun hartan hautsi zen. Mundu berri bat ireki zen gure aurrean. Dantza bat ikasteko asmoz entsegu batera joan ginen eta urtebetean laurogei entsegu egin genituen. Eta berehala, Sarasuaren eskutik Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta oro har Argia dantzari taldea ezagutzeko aukera izan genuen. Mundu berri bat ireki zitzaigun. Sarasuak prentsako errekorteak ekartzen zizkigun, eraman gintuen maskaradetara, batera eta bestera dantza ekitaldiak ikustera, Iruñera ttun-ttuneroen nazioarteko jardunaldietara,... Musikaren eta dantzaren alorreko hainbat erreferente ezagutzen zituen eta oso gertuko harremana zuen denekin, beraz, haren eskutik joan nintzen ni ere hainbat ezagutzen. Berari esker sartu nintzen dantzaren munduan buru-belarri. Hiru urte dira Jose Inazio hil zela. Ez dakit zauri hau inoiz orbanduko den.
Zorte handia izan dut beraz, ezustean bidera agertu baitzaizkit nire bidea markatu duten erreferenteak. Adibidez, 1998-1999an, antropologia ikasten ari nintzela EHUn, euskarazko taldean hainbat ikasgai irakasle berberak, Mari Luz Estebanek ematea egokitu zitzaigun. Bera lanez gainezka zegoen, hainbat ikasgai aldi berean prestatu beharra zuen eta ahalegin handia egin behar izan zuen, baina guk izugarrizko aukera izan genuen, irakasle bikaina izateaz gain feminismoaren betaurrekoak oparitu baitzizkigun. Une horretan nire baitan nituen kontraesanak lehertu ziren eta errefuxa erreakzioa izan nuen. Ni ez nintzen konturatu, baina arroka gogorrenakin bezala, zailena, lehen pitzadura, egina zegoen. Denbora bakarrik behar zen arrakalatik ura sartzen hasi eta halako batean etena eragiteko.
Eta erreferenteak bidera nola atera zaizkidan ikusteko, hirugarren bat. Gogoratzen dituzu Zarauzko Yubio tabernan Fernando Rojo, zeuk eta hirurok egindako ostiraletako bazkari-tertulia haiek, ezta? Tolosar bat, zarauztar bat eta eibartar bat, hiru dantzari, dantza-talde tradizio desberdinetakoak baina dantza-mundua ikusteko frekuentzia bera sintonizatzen genuenak, dantzaren mundua konpontzen. Gure tertulietan ez dut uste generoaz asko hitz egin genuenik, baina 1999an idatzi zuen Fernando Rojok "Emakumea euskal dantza tradizionalean" artikulua mugarria izan da, aro berri bat ireki zuen euskal dantza eta generoa ikusteko moduan. Beraz, zorte itzela nirea berriz ere!
Gutako askoren ibilbidean gertatu den prozesua aipatu duzu, Oier: dantzak eta dantza-pausoak ikasten hasi, eta noiz edo noiz konturatu inportanteena dantza eta haren unibertso osoa ezagutzea zela. Emilio Xabier Dueñas-ek orain gutxi oso ondo laburtu du, Dantza, festa eta kultur ondarea izeneko Jardunaldietan: “Dantzaren testuingurua interesatzen zaigu”. Zuk aipatzen duzun garaitsu horretan izan ginen gu biok EDBk antolatutako folklore-ikastaro batean. Ikastaro haren bukaeran norbere herrian ikerketa bat martxan jartzea proposatu zuten, eta niretzat hura abiapuntua izan zen herriko dantzari eta danbolintero zaharrei elkarrizketak egiten hasteko, eta artxiboetan begiratzen hasteko ere bai. Badakizu zer den harrigarriena? Urteen poderioz konturatu nintzela erreferente nagusiena etxean bertan nuela: gure aitona trikitilaria, Jexux Zulaika “Beote”, eta haren erromerietako soinuaren unibertsoak bat egiten zuela nirearekin. Batzuetan erreferenteak begien bistan dauzkagu, baina kosta egiten zaigu ezagutzea begiratua beste leku batean dugulako. Ez al zaizu iruditzen?
Bai, ados nago dantzaren testuingurua interesatzen zaigu, baina ez bakarrik hori. Dantzaren hizkuntzarekin berarekin ere, alegia, formarekin, interes handia daukagu. Agian aurreko belaunaldiarekin konparatuta semantikarekin, sinbologiarekin ez dirudi jakinmin bera dugunik, baina testuinguru kulturalean dantzak jokatzen duten funtzioekin badugu interesa, eta hori izan daiteke semantikara hurbiltzeko gure modua.
Hizkuntzaren formari, morfologiari dagokionez, uste dut horrekiko interesa badagoela gaur egun ere. Hor daude azken urteotan Jon Iruretagoienak Zuberoako sistema koreologikoaren edo Mikel Sarriegik Gipuzkoako dantza sistemaren deskribapen eta horren bilakaera historikoaren ezagutzan egindako aurrerapausoak. Ikerfolkeko lantaldeak Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean 1990eko hamarkadan ezarritako oinarrietan sakontzen dihardute, bai belaunaldi horrek, bai ondotik etorritakoek ere, eta frogatzen ari dira hazka egiten jakinez gero, beti agertzen direla ahozko zein idatzizko iturri berriak. Eta hain zuzen, bai aurreko belaunaldiak, bai oraingoak, etxe-bueltako, gertuko erreferenteak balioan jartzen dizkigu.
Zuk, Xabier, Lurtarra da begiratua liburu ederrean jorratu zenuen aitona Jexux Zulaika “Beote”ren erromeriaren unibertsoa, Zarauzko folklorearen inguruan Xabier Alberdirekin batera egin zenuten ikerketa lan sistematikoaren osagarri literario bikaina da. Datu eta testigantza bilketa ordenatuaren ondoan, era horretako lanetan transmititzea zailagoak gertatzen diren usainak, soinuak, giroak, eszenak bizi-bizi, koloretako ilustrazioak bailiran margotu zenizkigun aitona trikitilariaren erromeria-munduaren narrazio horiekin. Ezin irudikatu bestela Patxi Beitia dantza-maisu eibartarra “sasiko” aurreskua dantzatzen edo zuen birramama Beoteko Bitxori soltean, Artzayari dantza-desafioa jokatzen orain ia ehun urte. Erreferente horien gorputz hizkuntza, dantza-lengoaia interesatzen zaigu, gehiegitan handi-mandi superioritate konplexuz gutxietsi ditugun, eta oraindik hainbat dantza-testuingurutan baztertuak diren dantza-molde zaporetsu horiek balioan jarri behar ditugu. Horien morfologia, testuingurua eta semantika, dena zaigu gozagarri. Eskolan ikasitakoa hobea delakoan aiton-amonei euskara zuzentzen aritu gara euskal dantzan luzaroan eta badugu garaia egindako akats larriaz ohartu eta eskolan ikasi duguna, uniformeegia eta grisa nahiko genukeen bezain adierazkorra izateko, aiton-amonen ahoskera eta joskerekin zipriztindu eta koloreztatzeko.
Oier, nik ere somatzen dut badabilela jendea bilaketa horretan. Ez dakit, ordea, hortik kanpora ez ote dabiltzan gehientsuenak. Folklorearen ikuspegi zabal horren lanketan hainbat pauso eman dira. Euskal Herrian barrena, Neguko festak izenarekin azken urteetan ematen ari zaren hitzaldiek badute folklorea edo tradizioa osotasunean ikusteko bokazioa: hasi kalabazen tradiziotik, segi Olentzerorekin, eta Iñauteriak bitarte ospatzen diren erritu, eskeko festa eta mozorroak. Zuberoako Maskaraden eredua ere sarri goraipatzen da orain, edo Libertimenduarena, festa-egutegian ondo finkatutako ereduak izateaz aparte, integratu egiten dituztelako hainbat kultur adierazpen: dantza, musika, antzerkia, bertsoak… Nik esango nuke jendeak euskaldunen eta euskararen elkargune sentitzen dituen leku eta taldeetan maizago ematen dela orain fenomeno hori; gure inguruan ere hala zen 1960 eta 1970 hamarkadetan, baina asko galdu dugu bide horretan. Galdetu nahi nizuke, Oier, hitzaldietan eta dantza taldeetako jendearekin izan duzun harremanetan oinarrituz, ea zuk zer joera nabaritzen duzun bi gai horien inguruan (dantzaren hizkuntza eta dantzaren testuingurua), eta baita joera horiek zer nolako babesa izan dezaketen erakunde nahiz komunikabideen aldetik; kontuan hartuz dantzaren inguruan beste proposamen franko badela gaur egun.
Euskal dantzaren ezagutza oso azalekoa daukagu oro har, eta horixe da nik sumatzen dudan arrisku larriena. Euskal dantza, gure gorputz-euskara, dantza taldeetan eta dantza-eskola batzuetan egiten den lanari esker transmititzen da. Horrela gazte batzuk ozta-ozta euskaraz dantzatzen ikasten dute, baina hizkuntzaren oinarrizko ezagutza hori oso motz geratzen da sorkuntzan eta hizkuntzaren beraren berritze eta eguneratzean aritu ahal izateko. Hiztegi murritza, sintaxiaren arrastorik ez, fonetika desitxuratua, eta euskal dantzaren tradizio estetiko eta metaforen ezezagutza nagusi da euskal dantzaren alorrean. Balletaren hiper-extentsio, zuzentasun eta zurruntasun estetizista teknika onarekin nahasten da, baina aldiz, ez da baloratzen ―ez baita ezagutzen― estilo hanpaturik gabe azentuekin eta apaindura erritmikoekin jolastuz tradizioz hain oparoa gertatu den sortze-bidea. Sektore batzuetan, txapelketa eta ikuskizunetan adibidez, dantza klasikoaren kanona erabiltzen da euskal dantzaren kalitatea neurtzeko eta horrek esan nahi du koreologikoki guztiz kolonizatuta gaudela, gure gorputz-hizkuntzaren teknika eta estetika guztiz desitxuratuta.
Euskal dantzan lehenetsi den ikasketa maila, dantza taldeetako monitore edo begirale agiriekin aitortu dena, oso apala da, ez da dantza ikasketarik eskaini eta ez da euskal dantzaren ezagutzan sakontzea sustatu. Jaurlaritzak goi mailako dantza ikasketak eskaintzeko eskola bat ireki du Bilbon [Dantzerti], ez dago euskal dantza ikasketen eskaintzarik bertan, eta ahots batzuk altxatu ditugun arren, oro har sektorea ixilik geratu da, gurekin zerikusia ez balu moduan kontu honek. Eztabaidatu genezakeen euskal dantza ikasketak majisteritza, filologia, heziketa fisikoa edo goi mailako dantza eta musika ikasketen eredura bultzatu behar genituen, baina gora begiratu beharrean, behera begiratu da, aisialdiko begiraleen eredua nahikoa dela defendatu du EDBk eta hori aplikatzerakoan ez da iritsi horren hamarrenera ere. Eta hori ere alperrik, ze bitartean Musika eta Dantza Eskoletan euskal dantza irakasteko habilitazioak oparitu ditu Eusko Jaurlaritzak EDBren konplizitatearekin. Gure buruari harakiria egin diogu, ikasketarik eskaini ez, aldarrikatu ere ez eta gainera euskal dantza irakasteko habilitazio ofizialen oparitzea baimendu da.
Buka dezagun elkarrizketa hau hasi dugun lekuan, Oier: dantzaren eta generoaren arteko erlazioan. Elkarrizketa batzuetan aipatu duzu gaur bizi dugun kontraesana: gizonezkoak oraindik ere protagonista dira, baina haietako gutxi dabil dantzan; batez ere, dantza gero eta markatuagoa dagoelako nesken aktibitate moduan. Gainera, oraindik hondoa ez dugula jo esan izan duzu, eta ni konforme nago horrekin. Begiratu besterik ez dago, esaterako, abesbatzei; edo beste dantza diziplina batzuei: ni Oporton izan nintzenean, Pirmin Treku zenaren akademian, orain hogei urte, bertan ehun neska zebiltzan dantzan, eta mutil bakarra. Eta, galdera da, zer egin? Etsi egin behar ote dugu, eta pentsatu neskez osatutako taldeak izango direla etorkizunean, mutilak ez direlako eroso sentitzen? Instituzioetan jarri behar ote dugu indarra, jakinda orain arte inor gutxik hartu duela serio errealitate hau?
Uste dut gizarte moduan erronka handia dugula aurretik genero ikuspegiei dagokienez. Genero-identitateak eta horiei lotutako rol estereotipatuak oso indartsu ageri zaizkigu gizartean, eta niretzat kezkagarriena da ikustea horiek lausotu beharrean eremu batzuetan sendotzen ari direla. Adibidez, haurtzaroan ikusten dugu genero-identitateen adierazpena oso goiztiarra dela eta praktikak erabat baldintzatzen dituela. Iruditzen zait orain hogeita hamar urte baino zailagoa dela gaur egun hamar urteko mutil batentzat dantza egitea eta dantza gustatzen zaiola sozialki erakustea. Kokoteraino nago umeari dantza egitea gustatzen ez bazaio ezin dela behartu entzuteaz. Eta nola dakite ez zaiola gustatzen? Hiru-lau urte bete arte ume guzti-guztiei gustatzen zaie dantza egitea. Hortik aurrera, jarduerak generoaren arabera sailkatuta daudela ikasten dute eta dantza nesken kontua dela. Beraz, mutil rola asignatuta duela ohartu orduko, mutil gehienek dantza erauzten dute beren bizitzatik. Ikaragarria da. Milaka urtetan euskal, eta munduko kultura guztietan, dantza oinarrizko jarduera izan da, komunikatzeko, sozializatzeko, gozamenerako, lehiarako, sortzeko, adierazteko, osasuntsu izateko funtsezko praktika. Eta orain gizartearen erdiak uko egin dio gure kulturaren zutabe horri. Honen ondorioak trajikoak dira, gure kulturarentzat desastre bat da. Dantzarik ez duen jendea anputatuta dago. Imajinatzen dugu gizonezko guztiek erabakiko balute euskara ez dela beraien hizkuntza? Galera handiena dantzarik gabe hazten ari diren gizonezkoentzat da, baina dantzan ari direnei ere kalte larriak eragiten dizkie mutilazio sozial honek. Bik ezin dute dantzatu batek nahi ez badu eta ezagutzen ez dena ez da baloratzen.
Uste dut hainbat eremutan batera jokatu behar dela partida gainbehera honi balazta jarri nahi badiogu. Dantza tresna garrantzitsua da hainbat alorretan, kulturan jakina, baina baita osasunean, turismoan edo ekonomian ere, nahiz eta ezkutukoa den gehienetan sektore oparoa eta dinamikoa baita. Eta hezkuntzan zer esanik ez. Hezkuntzarako izugarrizko baliabide eraginkorra da dantza. Ez dut ulertzen nola oraindik ez den dantza integratu hezkuntza sisteman, baina ez bere horretan dantzan ikasteko helburuarekin, baizik eta dantzan ikasteak beste alor guztietan eta ikasleen garapen eta ikasketa prozesuan onura harrigarriak eragiten dituelako. Hezkuntzak dantza behar du bere lana egin ahal izateko eta dantzaren sektoretik ahalegina egin behar dugu horretaz ohartarazteko.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?