Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Teknikaren gailurra eta dantzariaren linea

Dokumentuaren akzioak

Teknikaren gailurra eta dantzariaren linea

Roger Salas
2013/07/09 12:15
Teknikaren gailurra eta dantzariaren linea

Lucia Lakarra airean, Grand Jete bat egiten. Argazkia: Gene Schiavone

Etengabe ikusten ditut blogetan, Youtuben, Facebooken eta bestelako sare sozialetan, “balentriak” egiten dituzten dantzarien argazkiak, edo hobe, entusiasmoak (gehienetan zientifikoa baino balletomanoagoa denak) gorputzaren lorpentzat hartzen dituenak egiten dituztenak, hau da: jauzi handiak, luzapen handiak, akrobazia askoko bideoak, oinbular miragarriko oinak eta gero eta gorputz-lerro luzeagoak. Sentitzen dut, baina berriz esan beharrean nago horrek ez duela zerikusirik balletarekin, emaitza artistiko bezala.

Esan beharra dago, “balentria” horiek, bere horretan, ez dutela arterik islatzen, eta ez dietela dantzako formei eta dantzatzeko moduari aurrera pauso esanguratsurik ekartzen. Dantzatzea mugimenduaren ezaugarriak musikarengan batzea da, zenbat eta landuago, hobe, baina betiere dantzatzen den dantzari dagozkion estiloak eta estetikak markatzen dituzten kanonen eta mugen barruan. Balletaren teknika lasterketa ero batean sartu da, eta kirol lehiakorretara modu arriskutsuan ari da hurbiltzen; gero eta arranditsuagoa da bere exijentzian eta mugak behar baino gehiago luzatzen ari da, arteaz ari bagara. Orain dela mende laurden inguru hasi zen hau guztia, gero eta pausu zailago eta figura muturrekoagoak marrazteko asmoa. Edozein irudi koreografiko diskrezioz aurkeztea lotsa zantzutzat hartzen da gaur, eta interpretearen izena gutxiesten du.

Silvie Guilem - Grand battementGaur egun, oinarrizko figuren mugak, “arabesque”-tik “attitude”ra edo “arabesque penchée”-ra (eskematikoki hitz eginda, aldaera eta konbinaketekin) ez ditu estetikak baldintzatzen, luzeerak eta muturreko izateak baizik. Zenbat eta altuago, hobeto; hori hondamendiaren parte da. Zergatik ikutu behar du dantzariak belarria oin puntarekin hanka altxatzen duen bakoitzean, lehen zoragarria eta armonikoa eta orain “luzeera” baino esan nahi ez duen marrazki baten bila? Logelan Sylvie Guillem-en poster bat zutela hazi dira, gutxienez, hiru belaunalditako, dantzari guztiak.

Orain Svetlana Zajarovak ordeztu du Guillem ikonostasio horretan. Baina efektua bera da, kaltegarria izaten jarraitzen du. San Petersburgoko Vaganova Akademia eta Mariinski Antzokia orain 20 urte dantzari berriak esportatzen hasi zirenean, askoz argal eta uniformeagoak eta hanka luzeak beti zerura begira dituztenak, hala ikuslegoak, nola kritikak, artista-profil berri baten etorrera agurtu zuten; estilizazio prozesu motel bat zen ordura artekoa, baina norabide egokian zihoana, betiere; eragin-amerikarraz ere hitz egiten zen, Balanchinen araberako dantzariaren idealizazioaz. Hori sagarrak eta legarrak nahastea da.

Parisko Balletaren Opera eta bere eskola zentzu berean joan ziren hamarkada luzez, emaitza plastiko berberen bila. Gillem orduan ere ez zen bakartutako “salbuespen frantsesa”, izan ere kontserbatorioetan naturaren aurka lan egiten zen, etorkizuneko “ballerina” guztiek (bai taldeka, bai eta bakarlari aritzeko zirenek) profil ihar eta zinez bertikala izan zezaten. Nola konbinatzen da linea bortxatu hori obren estiloarekin, musikalitatearekin eta beharrezko potentziarekin? Dirudienez maisu eta konpainia handietako zuzendariei ez zitzaien batere axola izan; eta koreografoek ere interesa zuten kontu horretan. Orduan (eta orain) lineak agintzen zuen. Linea hori, era berean, dantzako beste elementu formal batzuen agonia da. Klonaren ideia izugarria nabariago egin zen, bapatean, talde handien audizioetara sartu ahal izateko baldintzetan, beharrezko gutxieneko altuera zenbait zentimetro igo zenean, mutil zein neskentzat.

Didaktikako metodoek entrenamendu saioak finkatu zituzten, eta benetan mendekotasunezkoa den jarrera batetara iritsi gara, helburua linea luzeagoak eta Facebookeko argazki baterako edo lehiaketa baterako modukoak diren oinak lortzea da; aldi berean, dieten kontrola galdutako borroka bat da nonahi. Orain urte _Thais_Gala Dance Open-3 Abril 2010.-FOTO GENE SCHIAVONE.jpgbatzuk, kritiko ingeles batek zihoen, balletaren teknikan beti egon izan direla xelebrekeriak, baina kezkatzekoa eta serioa dela, trikimailu fisiko horiek ballet handiaren baitan korronte nagusi bihurtzen ari direla (balletomaniak txalotuta) eta horrek estetikari nabarmen eragiten diola. Dantzariaren gorputzaren morfologia kontu delikatu eta berezia da, abileziaz betetako konbinaketa, ikasten pasatako urteetan malgutasuna eta muskuluen tentsiorako aukerak konbinatuta lortzen dena. Baina artea da, denaren gainetik, artearen bilaketa. Ezin da fanatismoz hornitu giza irudia estilizatzeko saiakera batean, artea hutsaldu egiten duen fotogenia artifizial eta gaixoti bat. Handitzen ari den kutsadura bat dago, pasarelako modeloen ideal estetikoaren eta balleteko dantzarienaren artean: horra beste drama bat.

Argazkilariek modu arduragabean ematen dizkiete ukituak argazkiei. Edonola ere, gai hauetan aditua den mediku batek esan didanez, dantzari batentzat erabilgarria, eta neurri batean beharrezkoa da, gantz kantitate jakin bat izatea, gorputz osoaren erabilera egiten den momentuetan, gastu fisikoko momentuetan, hornitzaile lana egiten duelako. Gizon ihar eta bertikalen modak ere kaltetzen ditu belaunaldi berriak, nahiz eta zorionez, mutilak indarra landu beharrean dauden (gero eta gutxiago pisatzen duten) neskak altxatu ahal izateko, eta horrek gimnasioko lanera eramaten ditu. Arazoa larri eta nabarmenagoa da emakumeetan, noski, baina gizonek ere badute zer esana. Egoera larria da eta tul harrabots batean bilduta dago, distira, txalo merke eta dependentzia emozional zein fisiologikoen zoru irristakorrean.

Errepertorio akademiko eta klasikoa salbu gordetzeko beharra azpimarratu ohi da, baina aldi berea, dantzariak salbatzen ere ikasi behar dugu, ziurrenik iragankorra izango den moda horren estetikaren balorazioa berritu beharra dago; ezin dugu utzi dantzaren artea (idearioa) behin betiko zikindu eta bere bidean okerreko ispiluan begiratzen diren artista asko sakrifikatzen.

 

Roger Salas, El Pais, 2013ko martxoan.
Itzulpena: Amaia Rodriguez / dantzan.com

Dokumentuaren akzioak

2013/07/09 12:30
Ondo kontuan hartzeko gauzak esaten ditu Roger Salas-ek artikulu honetan. Esango nuke, zenbaitetan euskal dantzan ere dantza klasikoaren "eredu" hori imitatu nahian ibiltzen garela, eta Salas-ek esaten duenean "Balletaren teknika lasterketa ero batean sartu da, eta kirol lehiakorretara modu arriskutsuan ari da hurbiltzen" nik ezinbestez "gure" ingurura begiratzen dut, eta horren zantzuak ikusten ditut gure dantzetan ere bai. Eta ezin ba saihestu Beoteko Bitxoriz akordatzea. Utziko al genioke gaur egun Bitxoriri Artzayaren kontrako desafioa jokatzen? Sumatzen dut ezetz...
2013/07/09 15:10
Niri ere iruditzen zait nire birramona Bittori zenak eta "Artzaya"k egindako dantza-apustuak ez lukeela gaur lekurik izango; edo, izatekotan, xelebrekeria moduan. Eta ez dira hainbeste urte pasa: 90 urte baino ez. Dantza, gero eta gehiago, kirol parametroetan neurtzeko grina horrek ez dut uste batere onik egiten digunik, batik bat, kirolaren espektakulu alderdia neurri gabe goratzen denean. Beste esaldi hau etorri zait gogora niri, ez dakit non irakurria: "Lehen, jendea antzerkia ikustera joaten zen mezetara doana bezala (ulertu begi, arreta eta seriotasun ikuspegitik); orain, aldiz, joaten dira zirkora doana bezala".

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.