Dokumentuaren akzioak
Askatuko ote da ehun urteko sokaren korapiloa?
Larunbat honetan, azaroaren 24an, Eusko Ikaskuntzaren sorreraren 100. urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko da Oñatin. 1918. urtean egindakoa gogoan, mendeurrenerako antolatutako programaren azken ekitaldia egingo da, erakunde horren jaiotzaren testigu izan zen herri eta plaza berean. Orain 100 urte Eusko Ikasketen lehen kongresu hura euskal munduarentzat hito fundazionala izan zen. Garaiko pentsalari eta agintarien ordezkaritza nabarmena bildu zen Oñatin, eta mende betez euskal kultura, ekonomia eta identitatearen garapenerako oinarriak ezarri ziren: Eusko Ikaskuntza sortu zen, Euskaltzaindiaren sorrera proposatu zen, ikastolen beharra adierazi zen, euskal unibertsitatearen premia azpimarratu zen, euskaldunok mundu kapitalistari egindako ekarpen berdinzaleenetako bat, kooperatiben ideia zirriborrotzen hasi zen...
Herri-, edo esan dezagun konplexurik gabe, nazio-proiektua, euskaldunon XX. menderako plan estrategikoa jorratu zen beraz, eta horren adierazpen erritual-koreografikoa Oñatiko plaza ikusgarrian dantzatu zen. Pentsalariak, intelektualak eta agintariak, denak elkarri eskuak eman, eta esku-dantza, soka-dantza edo aurreskua (deitu ezazue nahi duzuen modura, gauza bera baitira) dantzatu zuten denek batera Oñatiko plazan.
Talde dantza bat, herri-proiektu baten sinbolo
Mendeurrena hurbildu ahala, ekitaldi eta urteurren horrek daukan garrantzia sinbolikoaz konsziente, bere errepresentazio koreografikoa, bere adierazpen sinbolikoa berriz ere dantza kolektibo eta parte-hartzaile baten bidez agertzeko borondatea adierazi dugu zenbaitek. Orain hiru urte Mikel Irizarrek bere blogean "Begirada luzea" izeneko sarrera idatzi zuen, 1918ko Oñatiko Kongresuak ezarritako oinarriak azpimarratuz eta urteurrenari begira euskaldunok aurrean genuen erronka agerian jarriz.
Orain 100 urte izan zen begirada luzearen falta eta horren premia aldarrikatu zuen Irizarrek, eta bere blogean utzitako erantzunean hori dantzaren bidez nola irudikatzen zen idatzi nuen nik. Izan ere, euskal munduarentzat orain ehun urte pentsatu zen proiektu komun eta bateratua nola zatikatzen joan den ikusi dugun bitartean, elkarrekin dantza egitetik, indibidualki dantza egiten den zerbaiti begira egotera pasa gara. Hauxe da Mikel Irizarri jarri nion erantzuna ideia hori azalduz:
"Mundua dantzaren betaurrekoekin ikusten dut eta, ezin izan diot jarri duzun argazkiak eskaintzen didan hariari muzin egin. Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko 1918ko kongresu hartan aurreskua edo soka-dantza dantzatu zuten partaideek; irudian ikusten den unea da hori. Elkarri eskuak eman eta plazara atera ziren dantzara. Nekez asma daiteke hori baino irudi indartsuagorik herri baten asmo eta jakiteak adostu eta batzeko elkartu zirenen aldetik. Herriaren aurrean, elkarrekin dantzan, eskuz esku. Gaur egun ezinezkoa da irudi hori, zerorrek ongi azaldu dituzun arrazoiengatik, baina baita ere, gaur aurreskua dantzari batek jaun-andere agurgarriak ohoratzeko egiten duen erakustaldi indibidualtzat daukagulako. Gaurko “inportanteek” ez dute elkarrekin dantza egiten, bere tokian geldi egoten dira aurrean plantatu denak pleitesia agertu diezaion. Horixe da aurreskua gaur. Zeuk hitzez kontatu duzuna bat dator dantzak bisualki kontatzen digunarekin."
Mikel Irizarren gogoetarekin bat eginez Aingeru Epaltzak Diario de Noticias de Navarran argitaratu duen Soka-dantzan izeneko artikuluan hauxe kontatu du:
Agintarien soka-dantza da Eusko Ikaskuntzaren 1. kongresutik gelditu zaigun irudirik ezagunena: galaz jantzirik, gizon andana -guztiak ziren gizonezko-, serio demonio, eskuz esku ibilian. “Asmoz eta jakitez” goiburuari men, ukaezina da erakunde honek Euskal Herriko jakin-tzari mende batean egin dion ekarpena. Asmatu, ez zuen beti asmatuko 1918tik hona, baina bai behar izan denetan. Euskaltzaindia sortu zuelarik, abiatu eta urtebetera. Gerla ondoan, Iparraldean lanari berriz ere lotu zitzaiolarik. 1954an, ohartarazi zuelarik: “Erne euskaldunok: euskara hiltzeko arriskuan dago”. Eusko Ikaskuntza sortu zeneko Euskal Herriak ikusteko guti du mende bat geroagokoarekin, ez ekonomiaren, ez politikaren, ez egitura administratiboen aldetik. Kezka intelektualak bulkaturik sortu zutenek ez zuten amestuko jakintzaren eragintzak gure herrian egun duen ikuspegi askotarikoa. 2018an, jakitez nor aritu ez dugu hemen falta. Asmoz dihardutenak, berriz, ez dira hainbertze. Jakitea, berez, deus gutitarako baita, asmatzeko balio ez badigu, aditzaren adiera zabalean. Zazpi probintzietan jakintzan ari zirenei elkartzeko plaza eskaintzeko sortu zenak izan du euskal izaera urardotzeko eta jakintsuendako klub pribatua bilakatzeko arriskua. Horri uko eginik, inoiz baino (euskal) herritarrago antolatu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurreneko kongresua. Geroa elkar-ekin lelo adierazgarria hautatuta, etorkizunean ezarri du begia, asmatzen ez dena eraikitzen zaila dela jakitun. Gure 5 hiriburuetan bere aztarna utzi ondoan, bere sorlekura itzuliko da heldu den asteburuan, Oñatira. Duela mende bat, Alfontso XIII.a izan zen han, Baionako, Gasteizko eta Iruñeko apezpikuekin batera. Oraingoan, ez da erregerik ez gotzairik izanen Oñatin. Bai, ordea, euskal agintari eta kargudunak, gizon eta emakume. Eusko Ikaskuntzak esku-dantzan jarriko ditu berriz. Argazkirako bakarrik ez, agian.
Aingeru Epaltza, Diario de Noticias de Navarra, 2018-11-20.
Agintariak izango ote dira sokan?
Eusko Ikaskuntzaren kudeatzaileek eta mendeurrenaren antolatzaileek bat egin zuten Oñatin aurreskua sokan dantzatzeko ideiarekin eta Oñatiko Oñatz dantza taldearekin elkarlanean soka-dantza prestatzen aritu dira luzaroan. Larunbatean Oñatin ospatuko den ekitaldian euskal erakundeetako ordezkari gorenak parte hartuko dute: EAEko eta Nafarroako Lehendakariak, Eusko eta Nafar Legebiltzarretako presidenteak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Batzar Nagusietako presidenteak, Espainiako Gobernuko Ordezkaria, hainbat herritako alkateak, eta jakina Eusko Ikaskuntzako presidente eta batzordekideak, beste hainbat pertsonalitateren artean.
Sokaren korapiloa
Urteurreneko ekitaldi nagusirako aurreikusitako plana Eusko Ikaskuntzako ordezkariek eta agintari nagusiek aurreskuan parte hartzea zen, orain 100 urte egin zuten bezala. Azken unean zalantzak sortu dira ordea. Ez dago argi euskal agintari nagusiek sokan parte hartuko ote duten. Oñatin Eusko Ikaskuntzaren ibilbideari eskerrona adierazi eta urteurrena ospatzeko udaletxe aurrean argazkia egiteko prest agertu dira euskal erakundeetako hainbat agintari nagusi. Orain ehun urte bezala dantzan, aurreskuan, sokan parte hartzeko (ez dute dantzarik egin beharko, sokan ibili baino, Oñatiko dantzariek dantzatuko dituzte desafio eta agurrak) zalantzak daude ordea.
Zer gertatuko ote da larunbatean Oñatin? Euskal agintari gorenek parte hartuko ote dute soka-dantzan? Ala beren buruan dantzatik kanpo kokatuko dute eta politikoki eta kulturalki herri honetan gertatzen ari den zatiketa islatuko da dantzan? Gizartean bezala dantzaren alorrean XX. mendean izan dugun bilakaera, elkarren eskutik taldean jardutetik nor bere kasa ibiltzera, protagonistek elkarrekin sokan dantzatzetik ertz batean geldi egon eta aurreskulari indibidualak dantzan ikustera egin dugun ibilbidea negargarria berretsiko ote da larunbatean? Azaroaren 24an, Oñatiko plazan, goizeko 11:30ean argituko dira zalantzak.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?