Dokumentuaren akzioak
Oñati 1918: 100 urte dantzaz betetako Eusko Ikaskuntzaren I. kongresua ospatu zela
Aurten Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu; Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru-aldundiek sortu zuten Eusko Ikaskuntza 1918ko abenduan. Haren sorrera euskal kultura-modernitatearen hasiera izan zen. Erakunde zientifiko-kulturalaren helburua euskal kultura garatzeko tresna egonkorra eta iraunkorra izatea zen.
1918ko abenduaren 22an sortu bazen ere ofizialki erakundea, irailean izan zen Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarra. Iruñeko, Baionako eta Gasteizko gotzainek eta lau euskal Aldundietako lehendakariek osatutako Patronatuko Batzordeak antolatutako biltzarrak astebeteko iraupena izan zuen, Alfonso XIII. erregea ere bertan izan zen. 1918ko irailaren 1etik 8ra bitartean, euskal kultura hedatu, ikertu eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideak topatzeko abiapuntuak ezarri nahian aritu ziren.
Etorkizuna eraikitzeko hausnarketez gain, festa eta hainbat kultur ekitaldik eta erakustaldik ere izan zuten lekua Oñatin. Kontzertuak, antzerki emanaldiak, herri kirolak... izan ziren egunero, eta nola ez, baita dantzak ere. Bizkaiko ezpata-dantzariak eta gorulariak, Errenteriako eta Oñatiko dantzarien emanaldiak, Baztango mutil-dantzak, maiatzeko erreginak... ikusteko aukera izan zen zortzi egun horietan. Horrez gain, kongresua ohorezko aurreskuarekin amaitu zen. Azken egunean, erakundeetako ordezkariak, antolatzaileak eta hizlariak elkarri eskuak eman eta plazara atera ziren dantzara. Herriaren aurrean, elkarrekin dantzan, eskuz esku. Aurreskua dantza kolektiboa izanik sokan parte hartzea, soka-ko kide izatean zetzan ohoreak.
Esan bezala, jardun intelektualaz gain, beste hainbat eta hainbat ekintza izan ziren Oñatin. Hemen dituzue, biltzarreko liburuko kronikatik, egunez egun jaso ditugun festa giroko hainbat ekitaldiren inguruko kontuak.
Irailak 1: ongi-etorria
Biltzarrean parte hartu behar zutenez gain, jende piloa heldu zen Oñatira, kotxe ilara luzeak ziren kaleetan eta jende multzo handiak plazan. Arratsaldeko 17:00etan Alfonso XIII. iritsi zen, gainerako autoritateekin batera mezetara joan zen. Elizatik irten eta Garairen fabrikako saloira abiatu ziren kongresuari hasiera emateko. Alkateak, aldundietako presidenteek, Gasteizko eta Baionako obispoek eta erregeak hartu zuten hitza, besteak beste. Gaueko festan suzko zezena eta irrintzilariak izan ziren.
Irailak 2: Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak
Goizeko ekitaldien ondoren, 14:30ean plazan sartu ziren Bilboko Eusko Gaztediko ezpata-dantzariak eta gorulariak. Ezpata-dantzariek Bizkaiko ezpata-dantza egin zuten eta gorulariek hainbat abesti kantatuaz lihoa landu zuten. Ondoren, Errenteriako dantzariek Gipuzkoako dantzak dantzatu zituzten eta oñatiarrek herriko Korpus dantzak. Arratsaldeko ikastaroen ondoren, biltzarkideen omenezko kontzertua eskaini zuen "Paulino" seikoteak, saioa bordon-dantza abestuaz amaitu zuten.
Irailak 3: herri kirolak eta antzerkia
Aurreko egunean bezala, goizean eta arratsaldean izan ziren ikasgaiak. Egun honetan nabarmentzekoak, ordea, kirol erakustaldiak eta antzerkia izan ziren. Eguerdian Gipuzkoako eta Bizkaiko palankariak aritu ziren barrak jaurtitzeko duten abilezia erakusten. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako Atletismoko Federazioak atletismo jaialdia antolatu zuen. Iluntzeko, 21:00etan, Euskal Antzerkiaren Komisioak bi antzerki obra aurkeztu zituen: V. Garitaonandiaren Itziartxo eta Catalina Elizegiren Garbiñe.
Irailak 4: mutil-dantzak
Baztango udalak bertako dantzariak bidali zituen Oñatira eta mutil-dantzen erakustaldia egin zuten. Ondoren, plazan bildu zirenek, lokotx-biltzeaz gozatzeko aukera ere izan zuten. Aurreko egunean bezala, iluntzeko 21:00etan beste bi antzerki obra eskaini zituzten: Jose de Olaizolaren Oleskari zarra eta Abelino Barriolaren Gai dagonaren indarra.
Irailak 5: maiatzeko erreginak
Goizeko 8:30ean, biltzarraren antolakuntzan gogor aritu zen Felix Landaburu Bizkaiko Diputatuaren arimaren omenezko meza ospatu zuten. Arratsaldean, aurreikusita zegoen modura, ez zen izan ikastarorik, bilerarik edo hitzaldirik. Oñatiko plazan, Maiatzeko Erreginen ohitura erakutsi zen, horretarako prestatu zituzten Oñatiko hainbat neskato. Tradiziozko ezkontza baten irudikapena ere egin zuten, segizioan karro batean ezkongaiaren arreoa eraman zuten, baita janzki guztiak kontatu ere. Arratsaldeko 18:00etan kontzertu inprobisatua eskaini zuen Aita Donostiak beste hainbat musikarirekin batera.
Irailak 6 eta 7: herri kirolak, musika eta poesia
Lan intelektualez gain, bi egun hauetan kirol erakustaldiak, musika kontzertuak edota poesia emanaldiak izan ziren. Irailaren 6an nafarrak etorri ziren Oñatira propio pilotan aritzera. Harri zulatzaileak ere aritu ziren, plazan elkartu zirenen harridurarako. Arratsaldean, berriz, musika emanaldia zian zen. Hurrengo egunean, erreboteko partiduak ikusmira handia sortu zuen plazan. Iluntzean, kongresuaren antolatzaileek Oñatiko herria eskertzeko, Oñatiko ospitalearen aldeko festa antolatu zuen. Euskal Poesiaren festa izena eman zioten ekitaldiari.
Irailak 8: aurreskua eta kongresuaren itxiera
Goizero moduan txistularien dianarekin hasi zen eguna. 9:00etan Bergarako musika banda iritsi zen eta kaleak alaitu zituen pasodobleekin. Ordurako Oñati Euskal Herri osotik etorritako jendez betetzen hasi zen. Musika, kanpaiak, suziriak... Parrokiako ate nagusitik prozesioa irten zen eta segidan meza izan zen. Meza Nagusiaren ondoren, Bergarako bandak kontzertua eskaini zuen plazan.
15:00etarako iragarrita zegoen biltzarraren itxiera, ordurako jendez gainezka zegoen ekitaldietarako saloia. Esteban Bilbao biltzarreko idazkariak hartu zuen hitza eta besteak beste nabarmendu zuen Euskal Herriko arazoez aktiboki arduratzen den jendearen artean zegoen elkartasun eta batasun egarria eta Euskal Herriarentzako garai garrantzitsua zela oso, abiapuntua markatuko zuen garaia. Ondoren, Julian Elorza altxatu zen kongresuaren itxiera adieraztera, eskerrak eman nahi izan zizkien lanean aritu diren guztiei, "Gora Euskal Herria" ohituarekin amaitu zuen hitzartzea. Bergarako banda Gernikako arbola abestia jotzen hasi zen, denak altxa ziren txaloka, kantuan.
Ohorezko aurreskua
Itxiera ekitaldiaren ondoren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuek aurreskua dantzatu zuten plazan, 27 gizon sokan. Pedro Laskibar diputatua izan zen aurreskua eta Jorge Satrustegi aritu zen atzesku. Zerbitzari lanetan, berriz, aldundietako hiru presidenteak eta Ladislao Zabala. Maria Gordoa, Oñatiko alkatearen alaba gonbidatu zuten aurreskulariak dantzatzeko eta Bizkaiko Aldundiko presidentearen emaztea, atzeskuaren dantza jasotzeko. Ondoren, beste 25 emakume sartu ziren sokara. Ikusleek gogo biziz txalotu zuten soka-dantza eta dantzarien lana. Dantzaren ondoren, musika bandak eta bertsolariek hartu zuten lekukoa.
Horrela amaitu zen Euskal Herriaren eta euskal kulturaren XX. mendeko ibilbidean zerikusi handia izan zuen 1918ko Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua. 2018 honetan 100 urte betetzen dira eta berriz ere kongresua antolatzen ari da Eusko Ikaskuntza, oraingoan hiriburuetan eta azken ekitaldiak, orain mende bete bezala, Oñatin izango dira.
Dokumentuaren akzioak