Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea

Dokumentuaren akzioak

Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea

2021/10/04 07:25
Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea

Koristak (Degas, 1877)

"Orainaldia ez da existitzen, iraganaren eraikuntza bat da eta etorkizuna hutsune handi bat da". Sinkroniak eta diakroniak elkar gurutzatuz ehuten duten sare hori ulertzeko ahaleginean kokatzen zuen artearen historia Francisco Calvo Serrallerrek (1948-2018). "Artea iragana eta orainaldiaren arteko elkarrizketa da, eta ez zaitzan orainaldiak irentsi beharrezkoa duzu oroimenaren hariari ongi lotzea".

Orainaldia iraganaren eraikuntza da

"Grekoa eta XX. mendeko artea hamar iruditan" hitzaldian (Pradoko Museoa, 2014) Doménikos Theotokópoulos (1541-1614) margolariaren ekarpenek arte modernoan utzitako arrastoak izan zituen hizpide Calvo Serraller arte historialariak. "Eraginak", "bat-egiteak" eta "bat-etortzeak" bereizten ditu Calvo Serrallerrek, baina kopiatze ariketa bera balioan jarriz. Izan ere, kopiatzea gaitzetsi ordez, "eragiketa interesgarri eta konplexua"  delakoan goraipatzen zuen artearen historialariak. Bernardo Atxagaren "Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra eta adibide bat" lanarekin bat eginez, Calvo Serrallerrek besteen lanean zerbait bereizgarria antzeman eta hori bere egiteko hautatzea ariketari guztiz interesgarria zeritzon. 

Grekoa eta Picasso
Orgazeko kondearen hileta (Grekoa, 1587) eta Casagemasen hileta (Picasso, 1901).

"Oraina ulertzeko iraganean gehiago sakondu behar da" dio Calvo Serrallerrek. Izan ere, orainaldia iraganaren eraikuntza dela aldarrikatzen du, eta etorkizuna harrapatzeko modaz kanpo egon behar dela, "modan zaudenean modarekin batera hiltzen baitzara". Ezin saihestu gure maisu Juan Antonio Urbeltzen esandakoen eta egindakoen oihartzuna entzutea Calvo Serrallerren jarioan. "Argia oroitzapen gisa" memoria ariketan eraginak, bat-egiteak eta bat-etortzeak aletzen hasi zen Urbeltz, eta, hain zuzen, Oroimenaren haritik izendatu zuten bere dantza-maisuek lan horri eman zioten segida. Marian Arregiri gorazarre egiteko asmoz egindako hitzaldian ere oroimenaren haria ehuten jarraitzeko borondatea dago.

Kulturaren transmisioa haustura eta jarraiduraren arteko tentsioan bizi da. Tradizioarekin hautsi, tradizioarekin hausteko tradizioarekin segiz. Ni izateko aita hil, eta bere tokia hartzean, ni neu, aita bihurtu. Ukatzen dudana ote naiz? Esaera zaharrak dio “atzeak erakusten duela nola dantzatu aurrea”. Jarraidura eta etenaren arteko tentsio horretan sortu ziren Ez Dok Amairu eta Argia, ezin bestela izan.

Velazquez
Bredako errendizioa (Velazquez 1635)

Abangoardia atzeguardian dago

Irudiz irudi, greziar artistaren ekarpenek ondoko artista nabarmenen (Picasso, Velazquez, Rembrandt, Cezanne, Pollock, e.a.) lanetan izan zuten eraginaren arrastoak agertzen ditu Calvo Serrallerrek. Grekoaren Orgazko kondearen ehorzketan buru-gorputz pilaketa horizontala eta ardatz bertikalaren arteko jokoan arreta jartzen du, eta ideia hori ondoren Velazquez, Courbet, Degas eta Picassok nola kopiatu eta bere egingo duten azaltzen du maisuki.

Courbet
Hileta Ornansen (Courbet, 1850)

Eragin, bat-egiteko ala bat-etortze izan, ardatz horizontalean gorputz-buruen pilaketa eta ardatz bertikala nabarmenaren ideia estetiko hori ezaguna zaigu Argian, Juan Antonio Urbeltzek bere ikuskizunetan bilatu eta dantzarazi baitigu. 

Martin Zalakain (2017)
Martin Zalakain (2017). Argazkia: Iñaki Zugasti.

"Oroimenaren putzuak gure izate propioaren identitatea ematen digu" dio Calvo Serrallerrek. "Abangoardia atzeguardian dago" Urbeltzek. "Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea" dio gure ahozko tradizioak. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.