Dokumentuaren akzioak
Ez Dok Amairu eta dantza*
Ez Dok Amairu: Baga, Biga, Higa sentikaria. Donostia, Trinitate plaza, 1971-09-07. Argazkia: Javier Garayalde - guregipuzkoa.net CC BY-SA
Ez dok Amairuren garaiko eta pareko dantzaren mugimenduak Argia dauka izena. Ez dok Amairuk euskal musikari egin zion tamainako ekarpena egin zion Argiak euskal dantzari. Eta gainera, biak bateratsu aritu ziren. Izan ere, mugimendu bereko bi adierazpen izan zirela esan genezake, Ez dok Amairu musikan, Argia dantzan. Are gehiago, elkarren berri izanez, elkarri eraginez, elkarrekin bidea eginez.
Musika eta dantza, dantza eta musika, gaur egun bi diziplina bereizitzat baditugu ere, ez dirudi beti hala izan denik. Mousike, zientzia eta arteen babesle ziren bederatzi Musei erreferentzia egiten dien Antzinateko Mousike greziar hartan musika eta dantza gauza bera ziren, kantua, musika tresnen soinua eta dantza, hori guztia adierazpen mota bakarra zen, Mousikea.
Platon choreaz (χορεία) aritzen denean, taldean egiten diren musika, dantza eta ahozko adierazpen konbinatuetaz ari da. Hitz bakarrarekin izendatzen du kantu, dantza eta antzerkiaren bidez mitoa eta erritoa uztartzen dituen jarduera, iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituena. Ideia honi tiraka, pentsa genezake opera, pastoral, maskarada, paloteado eta libertimendutan ez direla musika, dantza eta antzerkia elkartzen, ez, hor bere ekosisteman eroso ageri zaizkigu.
Agian musika, dantza edo antzerkia, bakarka, besteengandik bananduta aurkezten ditugunean ari gara osoa zen arte baten parteak erauzten, artedrama zatikatzen. Ezinezko eta alperrikako ahalegina bestalde, musika dantza baita eta dantza antzerkia. Soinu eta dantzan hasi gara gaur, hitzez ari gara orain eta musikaz jarraituko dugu laster, Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen laguntzarekin.
1965eko udazkenean Ez dok Amairuren sorrerako bilera irekiak egin ziren Donostian. Ondoren Ez dok Amairun, talde bezala jarraipenik izan ez bazuten ere, bilera haietako batzuetan, hiru neska gaztek parte hartu zuten. 20 urteko hiru neska ziren, Marian Murgiondo, Encarna Uriarte eta Marian Arregi. Trio Kemen osatzen zuten hiruren artean, kantuan egiten zuten Murgiondok eta Uriartek, eta akordeoiarekin eta ahotsarekin osatzen zuen Marian Arregik.
Pepe Andoain-ekin ikasi zuen akordeoia Marian Arregik. Andoain-ek berak bere ikasleekin sortuta zuen akordeoi orkestrarekin ere aritu zen emanaldiak eskaintzen. Dantzari aritzen zen Goizaldin, eta oso gazte zirela, 16 urte ingurukin Murgiondo eta Uriartekin hirukotea osatu, eta Kemen izenarekin emanaldiak eskaintzen hasi ziren. Bellas Artes-eko kantari berrien lehiaketan parte hartu zuten, Donostiako Nautikoan emanaldiak egin zituzten, Ondarroan herritarren berotasuna jaso zuten euskaraz kantatuta, telebistan, Espainiako telebistan, garai hartan hegoaldean zegoen bakar hartan kantatu zuten 1962an. Goizaldi dantza taldeak 1964an Txekian egin zuen biran Trio Kemen-ek ere parte hartu zuen, dantzarien emanaldiak osatuz.
Horrela kontatuta musikari ibilbidea dirudi Marian-enak, baina herri tradizioko beste hainbat musikari handi bezala, Marian zerbaitetan nabarmentzen bazen dantzan zen. Dantzari trebe eta arina izanik, dantza eta musika maisuki uztartu dituzten Alejandro Aldekoa, Etxahun Iruri edo Jean Mixel Bedaxagarren modura, dantzan hasitakoa musika eginez jarraitu du Marianek.
Esan dugu Goizaldiren emanaldietan jotzen hasi zela, adibidez 1965ean Lefkas-en, Grezian, jo zuen. Eta han, besteak beste gaur arte lagun izan dituen doinuak eta aireak ezagutzen hasi zen. Nazioarteko dantza eta musika tradizionala, musika eta dantza egiteko eta bizitzeko modu zahar bezain indartsu bat, sustraiak lurrean ongi errotuak dituena eta adarrak mundura zabalik, haizeak ekartzen dituen euriekin bustitzeko prest dagoena. Horrela jaso eta barneratutako musika ederra eskainiko digute Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek jarraian. Galitzianer, Polonia-Ukrainiako Galitzia eskualdeari erreferentzia egiten dion doinua eta Gurea, doinu judua, Hevenu shalom aleichem edo bakea dakargu zuentzat.
- Musika: San Telmo Museoan Morris Handkhersief eskaini zuten Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek, Tabakaleran eta Biarritzen Galitzianer Polonia-Ukrainako Galitzia eskualdeari erreferentzia egiten dion doinua eta Gurea edo Hevenu Shalom aleichem doinu judua.
1965. urtea da. Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea Ama Lur filma grabatzen hasi dira. Hondarribiko Armen plazan, dantzari talde bat soka-dantzan dabil, eta inguruan kamerak errodatzeko prest. Filmeen grabaketan ohikoa denez, etenak ugariak dira, eta toma batetik bestera zain egon beharra tokatzen da. Dantzarietako bat bazterretik begira dagoen gizon batekin elkarrizketa beroan sumatu dezakegu. Dantzariak 25 urte ditu, keinuka eta imintzioka etorri amaitezinean ari den gizonak 57. Jorge Oteiza da gizona, Larrukert eta Basterretxea egiten ari diren filmaren grabaketa bertatik bertara jarraitzen ari da. Juan Antonio Urbeltz da dantzari gaztea: pelikulako itxaron uneak urregorri bihurtu zaizkio, eskultore eta pentsalari entzutetsuari galderak jaurti eta haren erretolikaz ur-bitsetan ari da gozatzen. Akuilua ongi dantzatzen zekien Oteizak, eta handik gutxira konbentzitu zuen Urbeltz dantzari buruzko hitzaldia eskain zezan Arte Garaikidearen Euskal Eskolan. Bultzada horrekin murgildu zen Urbeltz dantzaren ezagutza sakontzeko bidaian.
Kulturaren transmisioa haustura eta jarraiduraren arteko tentsioan bizi da. Tradizioarekin hautsi, tradizioarekin hausteko tradizioarekin segiz. Ni izateko aita hil, eta bere tokia hartzean, ni neu, aita bihurtu. Ukatzen dudana ote naiz? Esaera zaharrak dio “atzeak erakusten duela nola dantzatu aurrea”. Jarraidura eta etenaren arteko tentsio horretan sortu ziren Ez Dok Amairu eta Argia, ezin bestela izan.
Oteizak arraunlariaren metaforarekin adierazi zuen ideia, hitzetan eta ekintzetan antzematen da bai Ez dok Amairun eta bai Argian. Traineruetan bezala, atzera begira egiten du arraun sortzaileak, traineruak berak aurrera egiten du ordea. Lana eginez goaz aurrera idatzi zuen Xabier Letek.
Lourdes Iriondok, 1966. urtean Zeruko Argian egin zioten elkarrizketan honela azaltzen zuen:
"Guk, antziñako abesti jatorrak berpiztu egin nai ditugu: eta, era berean, abesti berriak sortu, era guzitakoak".
Handik bi hilabetera, Zeruko Argian bertan, Ricardo Arregi zenak elkarrizketatu zuen Juan Antonio Urbeltz. Argia dantzari taldearen zuzendaritza hartua zuen ordurako eta hara zer zioen:
"Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu".
Oteizaren arraunlaria sumatzen dut nik hor ere, atzera begira arraun egin beharra, trainerua aurrera eramateko. Jarraidura eta etenaren arteko aurkaketa faltsu horri erantzuten dio baita ere Joxean Artzek deklamatzen zuen eta deklamatzen duen poema dagoeneko-klasikoan: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”. Hain zuzen ere, atzera begiratuz sortuz eta sortuz aurrera jotzeko jarrera horretan, tradizioan jasotako formula aplikatu du bere sorkuntza lanean Argia dantzari taldeak: Ahaire zahar huntan, bi berset berririk.
Aurrekoan oinarrituta aurrera egin, horixe izan zen 60ko hamarkadako euskal sortzaileek, artean, zineman, musikan, dantzan, antzerkian zein literaturan egin nahi izan zutena. Kontua da, jakitun zirela etena gertatua zegoela, aurreko belaunaldiari, gerra-osteko belaunaldiari kultur transmisioa errotik eten ziotela, eta beraz, gerra aurreko iturrietan, bazterreko nekazal inguruetan, kantutegi eta bildumetan eta ahozko tradizioak bizirik zirauen periferiako musikari, kantari eta dantzarietan bilatu zituzten erreferentziak.
Argia taldeak aurretik funtzionatzen zuen, baina 1966tik aurrera taldean sartu eta lan-eredu berriak bultzatu zituzten Juan Antonio Urbeltzek eta Mariangeles Arregik. Argiaren lanak dantzan zeukan fokoa, baina dantzaren ikuspegi koreologiko estua planteatu ordez dantzarekin lotutako beste zenbait alor, janzkera, musika edo artisautza adibidez, interes handiz jorratzeari ekin zioten. Horretarako bilketa lan zabala abian jarri zuen Argiak. Batetik euskal musika eta dantzaren alorreko ikertzaile eta adituekin harremanak abiatu zituen: Julio Caro Baroja, Lucillle Armstrong, Jorge de Riezu, Javier Bello Portu, Enrique Jorda de Gallastegi,... Euskal eta nazioarteko kultura, folklorea eta etnografia irakurketa sistematikoetan barneratu ziren, antropologia, musikologia, historia eta etnokoreologia alorretako lan teorikoekin uztartuz.
Tokian-tokiko ondare koreografiko-musikala jasotzeko landa-lan sistematikoan aritu ziren, kasu askotan gerra zibilaren aurretik dantzan ari ziren adineko dantzari eta dantza-maisuekin galduta edo galtzear zeuden musika eta dantzak jasoz. Horrela Berriz, Lesaka, Oñati, Baztan, Leitza, Iribas, Erronkari, Jaurrieta, Uharte-Garazi, Otsagabia, Lizartza, Makea, Urdiain edo Atharratzen, eta besteak beste Alejandro Aldekoa, Manolo Igoa, Maurizio Elizalde, Mariano Izeta, Juan Bautista Lasarte, Ricarda Perez, Justa Labayru, Faustin Bentaberri, Pedro Esarte, Iñaki Gordejuela, Simon Setien, Maxi Aranburu, Etxahun Iruri eta Gath Arane izan zituzten lan horretan iturri eta irakasle. Horietan eta horiekin jasotakoak Euskal Herri osora zabaldu eta ezagutzera eman zituen Argia dantzari taldeak bere emanaldi eta beste dantza taldeei erakutsi eta emandako materialaren bidez.
Ez dok Amairun bezala, musikari, dantzari, kantari eta sortzaile asko aritu ziren Argian urte horietan. Bixente Beltran, Juan Mari Beltran eta Joxe Mari Irastorza musikariak, edo kulturaren beste alor batzuetan bidea egin duten Imanol Larzabal, Arantza Urretabizkaia edo Joxean Lizarribar, besteak beste. Musika tradizionala modu zabal eta sistematikoan entzuteko ohitura zuten, eta doinuei kolorea ematen trebeak ziren Argiako musikariak. 1970ean Herrikoi Musika Sorta izenarekin diska argitaratu zuen Argiak eta 1974an Euskal dantza doiñuak izeneko beste diska bat argitaratu zuen. 1970eko lehen diska horretan, belatzarenak irekitzen du diska. Maurizio Elizaldekin ikasitako Baztango dantzen artetik Arizkungo sagar-dantza grabatu zuten. Axuri-beltza edo Zuberoako bralia ere entzun daitezke bertan, eta baita jarraian entzungo dugun pieza ere, Iturengo soka-dantza. Orain 45 urte Iturenen ikasi ondoren jotzen eta dantzatzen hasi ziren Argiako dantzari eta musikariak, eta bazterrean ahaztuta genuen herri txiki bateko dantza doinuaren edertasunaz gozatzeko aukera eman digute Marian-ek akordeoiarekin eta Mikel Urbeltzek arrabitarekin. Iturengo soka-dantza.
- Musika: Iturengo soka-dantza Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen eskutik.
1970ean Baga, Biga, Higa sentikaria aurkeztu zuen Ez Dok Amairuk. Talde-emanaldia zen Baga, Biga, Higa. Joxan Artze eta Jose Angel Irigarairen zuzendaritzapean, antzerkia, musika, kantuak, poesia irakurketak eta dantza baliatuz hari bati lotutako ikuskizuna osatzen zuten denen artean. Choreos grekoa edo Libertimendu nafarra, sakabanatutako arte-atalak artedramaren magalera biltzeko ahalegina dirudi gaurtik begiratuta Ez Dok Amairuren sentikariak.
Argiaren diskan bezala hemen ere belatzarena lehen partean eskaintzen zuen Jose Mari Zabalak, baina aurretik Argiakoek Maurizio Elizalderekin ikasitako dantzak izaten ziren. Izan ere, dantzan hasi eta dantza bukatzen zen Baga, Biga, Higa. Ikuskizunean parte hartzen zuten guztiek dantzatzen zuten: Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Jose Mari Zabala, Jesus Artze, Joxan Artze, Jose Angel Irigarai, Juan Migel Irigarai... Juan Antonio Urbeltz aritu zitzaien irakasten, eta Argiako txistularia zen Joxe Mari Irastorzak jotzen zuen txistua.
Billantzikoa eta hiru puntukoa ziren dantzatzen ziren mutil-dantzak. Sentikariaren hasieran taldeko kideek dantzatzen zuten. Bukaeran, Mikel Laboak Baga, biga, higa kantatu ondoren, Artze anaiek txalaparta jo eta berriz ere Joxe Mari Irastorzaren txistua mutil-dantzak jotzen hasten zen. Parte hartzaile guztiak ateratzen ziren berriz dantzara, baita idazkari lanetan aritzen zen Nekane Oiarbide ere, eta Nekanek esan digunez ikuskizuneko argi eta soinu teknikaria ere, Julian Beraetxe ateratzen zen dantzara. Publikoari parte hartzeko gonbidapena egiten zitzaion azken dantza honetan, baina ikusle gehienek dantza ez zekitenez ez zen erraza izaten inor ateratzea, eta horregatik inguruan izaten ziren Argiako dantzariak ateratzen ziren, Fernando Aristizabal, Joxean Lizarribar, eta abar. Gaur egun duten modu berean, izan ere horixe izan da hasieran egin dugun mutil-dantza, Baga-Biga-Higa sentikarian dantzatzen zen mutil-dantza bera.
Ahaire zahar huntan bi berset berri jartzeko ahaire zaharrak ezagutzera jo zuten Urbeltzek eta Arregik, eta beraz, nazioarteko musika eta dantza tradizionalak gertutik jarraitu eta ezagutzen ahalegindu da Argia, eta hainbat erreferentzia argigarri gertatu zaizkie ibilbidean. Goizaldirekin eta Argiarekin folklore jaialdietan egindako dantza-biretan hainbat nazioarteko talde ezagutzeko aukera izan zuten eta horietako zenbaitek arrasto sakona utzi zien. Adibidez, 1965ean Jerusalem-eko Unibertsitate Hebreoko dantza taldea, eta talde honek musika eta dantza juduaren gainean egiten ari ziren berritze-lana ezagutu zuten. Hurrengo urtean, Igor Moiseyev-en ballet errusiar entzutetsuak ikusi zituzten Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik.
Maiz erreferentziak ere konpartitzen zituzten Argiako eta Ez Dok Amairuko kideek. Adibidez, Brenda Wootton, Cornwall-eko kantaria Bretainian, Nantes-en ezagutu zuten. Argiako musikariak eta Ez Dok Amairuko kide batzuk joanak ziren bertara elkarrekin. Nantes-eko emanaldi hartan bertan Marian Angeles Arregik akordeoiarekin lagundu zuen Xabier Lete bere emanaldian eta 1974an Xabier Letek grabatutako diskan parte hartu zuen soinuarekin. Gero Benito Lertxundiren emanaldietan akordeoiarekin laguntzen hasi zen Marian Arregi.
Zuberoako dantza, musika eta kantuek liluratuta, Etxahun Iruri, Gath Arane, Eguiaphal familia, Jean Mixel Bedaxagar eta Gastellu-Etchegorry familiarekin ikasten aritu zen Argia luzaroan. 1977an hemeretzi maskaradetan izan ziren. Jasotako doinuak zabaltzeko, musika-formazio berriak antolatu zituzten. Adibidez, Zuberoako errepertorioa lantzeko txirula erdian jarrita, arpa, gaita eta zarrabetearekin osatu zuten formazioa. Urte horretan bertan argitaratu zuen Benito Lertxundik Zuberoa diska. Bertan, Jokin Melarak jo zuen biolina, Joxe Mari Irastorzak kornamusa eta danborra, Ramon Berazak pianoa, Humberto Astibiak xirula, flauta eta txanbela, eta Maria Angeles Arregik harpa eta akordeoia. Musika formazioa horrekin Zuberoa ikuskizuna estreinatu zuen Argiak 1978an eta urte berean Fernando Larrukert-ek filmatu zuen Euskal Herri Musika pelikulan parte hartu zuten.
Urrundik heldu naiz luze ibiliz idatzi zuen Urbeltzek eta kantatu digu Benitok. Lana eginez goaz aurrera Kate honetan denok batera idatzi zuen Letek eta kantatu zigun Mikel Laboak. Ihauteri, bizitzaren soka-dantzan lehenbiziko jauzi idatzi zuen Urbeltzek eta kantatu Benitok. Eta soka horri lotuta, zuberoako soka-dantzari lotuta bukatuko dugu.
Mila esker Marian, Mikel eta Juanan. Zuberoako bralia. Lau xinple kontrapasa!!!
Musika: Bralea Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen eskutik.
--------------
*Honako hau 2015eko abenduaren 10an Donostiako San Telmo Museoan, 2016ko urtarrilaren 29an Tabakaleran eta 2016ko martxoaren 17a Biarritzeko Mediatekan, Mikel Laboa katedrak antolatutako Ez Dok Amairu oroituz jardunaldien baitan aurkeztutakoaren idatzizko hitzaldia da. Jardunaldi horietan Ana Gandarak kultura-ideien ikuspegitik egindako hurbilketa aurkeztu du bertan, Enrike Hurtadok Iruñeko musika garaikideko topaketetan txalapartaren presentzia eta horrek ekarri zion nazioarteko zabalkundearen inguruan jardun du, Imanol Artolak Benito Lertxundiren kantagintza atzertu du nazio-eraikuntzaren ikuspegitik, eta nik Ez dok Amairu eta dantzaren arteko harremanez jardun dut, Marian Arregi eta Mikel Urbeltz-en laguntzarekin, soinu eta biolinez musika jantzi baitute nire hitz bidezko jarduna. Iñar Sastre pianojolearen emanaldiek eta Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Murua-ren Itzal zaunka proiektuak osatu du jardunaldien egitaraua, eta “Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” erakusketaren testuinguruan kokatu da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?