Dokumentuaren akzioak
Oroimenaren haritik
Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea, 2005/10/21.
Agian, ARGIA eta IKERFOLKeko proiektuetan sartuta gabiltzan zenbaitzuon kezkak eta ahaleginak, proiektu hauek sorrarazten dituzten ikasketa, saiakera, sormen eta hedatze lanen bidetik joan izan dira nagusiki, aldiz, sustapen eta administrazio lanak ez dira gure ardura nagusienak izan eta alor horietan zerbait egin izan dugunean premiazko beharrak eraginda izan da gehienetan.
Guzti honen ondorioz, esan daiteke, gutxitan kezkatu garela egindako ekarpenak aldarrikatzeaz, eta besteen eskuetan erabiliak (oker erabiliak askotan) ikusi ditugunean isildu egin gara, beharbada kontu hauek erreibindikatzea gure artean ondo ikusia ez dagoelako eta egia esan horretarako energia asko erabili beharra denez, nahiago izan dugulako aurrera jo, atzera begira egon beharrean.
Azkenaldi honetan halaere, dantzari belaunaldi berrien zenbait jardueretan batipat, informazio hutsune nabarmenak antzeman ditugu, eta irudipena daukagu, batek baino gehiagok, egun dauden zenbait koreografia, eszenaratze, urrats, doinu, aldaira eta abar besterik gabe eta betidanik hor daudela pentsatzen dutela.
Irudipen honek bultzatuta, oraingo honetan denbora pixka bat hartu eta memoriaren hariari tiratuaz, ARGIA eta IKERFOLKetik egindako ekarpenen idatzizko arrastoa uztera animatu gara.
Oroimen jarduera honek euskal dantza tradizionalen eremuan zenbait mugarri edo data nagusi dakartza gogora, bertan guk egindako ekarpenek izan duten hedapen eta erabilpen zabala ikusirik, esanguratsuak eta garrantzizkoak iruditzen zaizkigunak.
URTEZ URTEKO ZERRENDA
- 1967
Dantzari dantza: Berriz herrian egindako landa-lanen ondorioz egin genuen berreskuraketa hau, non Alejandro Aldekoa txistulariaren eta berak zuzendutako San Lorenzo auzoko dantzarien laguntza estimagarria izan genuen. Garai herrian ere izan ginen, Santio egun batez, bertako Idazkaria zen Jose Luis Lizundiak gonbidatuta. Lehen aldiz, dantza hauen forma koreografiko eta urrats originalak (txingoa saltoaren ordez esate baterako) eszenaratu genituen, Bilboko Eusko Gaztedikoek hogeitamargarren hamarkadan aldatu zituztenez geroztik. Berrizko dantzen ziklo osoa ikasi genuen (Agintariena, Zortzinango, Ezpata-txikiak, Banango, Biñango, Launango, Banango zarra, Ezpata-joko-nagusia, Makil-jokoa eta Txotxongillo) eta hari dantza bat gehiago erantsi genion: Biñango zarra, Alejandro Aldekoaren aurrean Gorrotxategi jaunak erakutsita. (Berrizko dantzari ospetsua, 1928 urtean Paris eta Londonen dantzatu zuena). Berreskuraketan, jantziak funtsezko osagarri bat izan ziren: Agintariarena dantzarako, merindadeko herrien jatorrizko bandera gehitu genuen, jatorrizko ereduetan oinarritutako ezpata eta makilak egin genituen, betibiziaz ornitutako txalekoak paratu genituen, lihoz egindako jantziakin, etabar.
Miarritzeko Alardea. Urte horretan, Miarritzeko Agilera Estadioan ARGIAk dantzatu zituen dantza hauek lehen aldiz. Emanaldi hark oihartzun handia izan zuen eta harrezkero talde asko hasi ziren forma koreografiko eta jantziak aldatzen guk plazaratutako eredu tradizionaletara atxikitzeko. ARGIA eta bere lana, erreferentzi puntu bat bihurtzen hasten da dantza talde askorentzat ordutik hona. Emanaldi horretan Maurizio Elizalderengandik ikasitako Arizkungo Sagar-dantza ere aurkeztu genuen. Ordurarte, dantzari eta ikusle askorentzat Sagar-dantza neskek burututako dantza bat zen, jakin gabe koreografi horrek ez ziola inongo jatorrizko ereduri jarraitzen.
Lesakako dantzak. Mañolo Igoa (orduko Lesakako dantzarien buruzagia), Gillermo Sarobe eta Gillermo Agararengandik ikasi genituen. Geroago, 1974ean Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko ziren dantza programa baten barruan. Emanaldi hura zela eta Lesakako bandera berregin genuen, orduan erabiltzen zenarena baino eredu zaharrago batean oinarriturik. Urte hartan alkate zen Gillermo Agarak, egindakoaren berdin bat errepikatzeko eskatu zigun. Gaur egun berau da Lesakako Udaletxean agertzen dena.
Oñatiko dantzak. Madina jaunarengandik ikasi genituen, eta lehen aldiz urte askoren ondoren, Oñatiko dantzak herritik kanpo dantzatuak izan ziren.
- 1968
Gipuzkoako Ezpata dantzaren Ezpaten Arkua eta Middlesbrougheko (Ingalaterra) Nazioarteko Jaialdia. Lesakako dantzen makil-kurutze-dantza ikasterakoan jasotako ezaguerari esker, Juan Inazio Iztuetak bere liburuan deskribatzen duen ezpaten arkua prestatu ahal izan genuen, Middlesbrougheko Jaialdiari begira. Zabaldua dagoen ustearen kontra, ezpaten irudi hau ez zen guganaino tradizioaren bidez etorri, aitzitik ARGIA taldetik bideratutako birsortze lan baten emaitza izan zen. Jaialdi horretan taldeak Nazio arteko Lehen Saria eskuratu zuen.
- 1969
Baztango mutil dantzak, Leitza eta Iribasko ingurutxoak eta Erronkariko ttun-ttuna: dantza hauen iturburu ezberdinetan egindako landa-lan zabal baten ondorioz eskuratutako ezaguerari esker, non Maurizio Elizalde txistularia, Mariano Izeta dantzaria eta Aita Jorge Riezukoaren languntza izan genuen, dantza hauen koreografia originalak aurkeztu genituen.
Leitza eta Iribasko ingurutxoak. Dantza bakoitza bere jatorrizko herrian ikasi ahal izan genuen. Lehena Gaztelu familiak irakatsia izan zen eta bigarrena, 1936. urtetik dantzatu gabe egon ondoren, Juan Bautista Lasarterengandik jaso genuen. Iribaseko ingurutxoaren berezitasuna, kaskaineten erabilpena zen, garai hartan ezezaguna zena dantza mota horietan. Gerora informazioa iritsi zaigu Leitza, Gorriti eta beste leku batzuetan erabiltzen zela azaltzen. Ingurutxo hau talde askori irakatsi ahal izan genion, hedapen haundia lortuz.
Erronkariko ttun-ttuna. Estornes Lasa familiak utzitako argazki zaharrak, Erronkariko gaia aurkezten zuten Sorollaren margoak, Donostiako San Telmo museoan zeuden piezak eta haraneko Juntetxean ikusgai zeuden jantziak eredu bezala hartuta, Erronkariko jantzien prestaketa hasi genuen. Ttun-ttuna, Uztarrotzen ikasi genuen, Sastre etxeko Ricarda Pérez eta Leonides Mayok erakutsita. Isabakoa, Justa Labayruk, garai haietan Iruñean bizi zenak, erakutsi zigun. Gerora, jasotako guzti hau berriztatua izan zen Iruñeako Maxi Aranbururen aholkuak jarraituz.
Eaurta(Jaurrieta)ko neska dantza: Jaurrieta herriari lotua eta Azkuek bere kantutegian jasotako doinu batean oinarrituta, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik, koreografi berri bat sortu zuten. Gaur egun, dantza hau, dantza talde askoren errepertorioan dago eta Jaurrietako herrian bertan ere dantzatzen dute.
- 1970
Behenafarroako Ihauteria: Uharte-Garazin, Faustin Bentaberrirekin Behenafarroako jauzi eta kontradantzen urrats eta koreografia ezberdinak ikasi ondoren, Gaiarre Antzokiko eszenatokian ziklo osoaren aurkezpen bat egin genuen. Jantzien ekarpena garrantzi haundikoa izan zen: loredun kaskak, alkandoren paparrak, bolanten janzkera oro har eta nesken jantziaren birsortze lana Donostiako San Telmo Museoko eta Baionako Euskal Museoko fondoetako grabatu pirinearretan oinarrotuta berregin genuen. Geroztik, nesken jantzi hau tradiziozkoa bezala gelditu da gure herriko zenbait taldek egiten dituzten Behenafarroako ihauteriko antzezpenetan. Guzti honekin batera garrantzi berezia hartzen du dantzak laguntzeko erabiliko den musika taldearen osaketa: Behenafarroako fanfarrietan inspiratuta, eskusoinua hartzen du musika tresnen oinarri bezala, klarinetea, bonbardinoa, kaixa militarra, bonboa eta txindatarekin betetzeko, eta azkenik xirularen gehigarria erabiltzen da taldeari artzai aire bat emateko.
Imotzeko Esku dantza: Ingurutxoaren ohiko bukaerari (fandango eta porrusaldarena alegia) aire berri bat emate aldera eskudantza hau sortu genuen, Eaurtako neska dantzarekin egin zen modura. Era honetan galduta zegoen dantzatzeko modu batek bere lekua hartzen du. Gaur egun ia derrigorrezko bukaera bat da zenbait taldek dantzatzen dituzten Ingurutxoetan.
Otsagiko dantzak: Pedro Esarte, Faustino Rekalde eta 1967ko Otsagiko dantza taldeko gazteekin dantza hauek ikasi ondoren, jatorrizko jantzien moduko jazkerak egin eta ziklo osoa eszenara eraman genuen.
- 1972
Victoria Eugenia antzokian, Gipuzkoako dantzei eskeinitako emanaldiaren estreinaldia. Brokel dantza zikloa aurkeztu genuen, 12 dantzariz osatutako talde batekin. Bertan buruzagiaren eginkizuna azpimarratzen da, taldearen aurretik egiten duen konposizio libreko dantzaren bidez. Agian berrogei urteren ondoren, lehen aldia zen, non brokeldantzarien agintaria usadiozko buruzagi makilarekin ateratzen zen. Ikuskizun honetarako, Iztuetak Gipuzkoako Dantzak liburuan azaltzen dituen oharretan oinarrituta lan handi bat egin ondoren, Soinu Zarrak bezala ezagunak diren konposizio libreko dozena bat baino gehiago dantza prestatu genituen, 21 dantzariz osatutako talde batekin. Aurreko urtean, Jesus Elosegirekin izandako hizketaldi batek garrantzi haundia izan zuen lan honen sorreran (Elosegi jauna, Tolosako herritarra, Aranzadi Natur Zientzietako sortzailetako bat izan zen). Lan honen ondorioz, Iztuetaren liburuan azaltzen diren eta ia desagerturik zeuden zenbait urrats egiteko lehen proposamena aurkeztu genuen: lauarin zaharra, zorrotzak, atzerako muriskak, etabar. Proiektu honetan esker haundiko laguntzak izan genituen: Jose Lorenzo Pujanaren ikasle izan zen Simon Setien, Añorgako dantzariarena eta Iñaki Gordejuelarena, zein Urbeltzen dantza maisu izan zen Goizaldiko garaietan. Antzinako grabatu eta erreferentzietan oinarrituta, horietako asko San Telmo Museoko Gonzalo Manso de Zuñigak emanak, mutilen jantzi osoa birsortu genuen, jantzi zuri erritualaren inguruan: lihoz egindako alkandora eta galtza motzak, zapi marraduna buruan eta ordurarte ezezagunak ziren lokarri naparrak galtzerdiak eusteko. Txaleko gorria, J.L.Pujanak zuzentzen zuen Añorgako dantzari taldeko jazkeratik hartu genuen.
Lizartzako Ihauteria: Zubeldia txistulariaren laguntzaz eta bertako zenbait dantzari gazterekin ikasi ondoren dantza hau bere sorterritik kanpo lehen aldiz aurkeztu genuen, Errenteriako herriko festetan. Horretarako berezko jazkerak eskatzen zituen Manilako mantoiak erosi genituen.
- 1974
Lapurdiko Ihauteria: dantza tradizional batzuei buruzko oroimena bakarrik gelditzen zen lekuan, erabateko bersortze lan bat egin genuen, bertan galdutako Makea herriko dantza-luzearen muntaia osatuz. Koreografiak, eszenaratzea eta jazkera berrituak, lehen aldiz aurkezten dira. Jantziak, Donostiako San Telmo Museoko eta Baionako Euskal Museoko fondoetako akuarela bildumetan azaltzen diren Lapurdiko ihauterietako eta jazkera zibileko zenbait irudietatik berreraikiak izan ziren. ARGIAk berreskuratutako eredu hau erreferentzia izan zen bertako zenbait taldeek beraien ihauteria errekuperatzeko lanetan.
Urdiaingo dantzak: José M. Satrustegiren laguntzaz, Urdiaingo dantzen erabateko berreskuratze lana egin genuen: musika, urrats, koreografia eta jantziak. Lan hau bukatu berritan, Joxe Migel Barandiaranen omenez aurkeztua izan zen lehen aldiz Ataungo parrokian.
Larrain dantza: dantza hau, urrats eta jantzien aldetik berplanteatu genuen. Maxi Aranbururen laguntza oinarrizkoa izan zen urratsen berreskuraketan eta doinuak Perez Lazarraga dultzainariek joak izan ziren.
- 1978
Zuberoako Maskarada: lehen aldiz, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Zuberoako maskarada osoaren antzezpena egin genuen: erritual osoaren aurkezpena, zati ezberdinen deskribapenarekin, segizio edo kortejoak, maskarada gorria eta beltzarekin, kantuak, etabar. Jende askoren laguntza oinarrizkoa izan zen guzti honetan: Etxahun Iruri, Gath Arane, Eguiaphal familia, Jean Mixel Bedaxagar. Jantziak egiterakoan, Atharratzeko Gaztelu-Etxegorri familiaren laguntza jaso genuen eta Baionako Euskal Museoko, Lourdeseko eta Pabeko Museotako fondoak aztertu genituen. Musika taldeak egituraketa berri bat izango du xirularen inguruan, zuberotar doinu eta musika jasotzeko baliogarri izateko ideiarekin. Tresna berriak sartu ziren: arpa, gaita eta zarrabetea, eta gaitaren kasuan, berreraiketa lan oso bat egin behar izan genuen.
- 1987
Irradaka: sorkuntza honekin, ziklo berri bati hasiera formala eman genion, hau da, dantza tradizionaletan oinarrituta, proposamen berritzaileak egin nahi dituen zikloari. Eskema minimalista baten inguruan egindako koreografia honek, neskez osatutako bi korroen eboluzio dantzatuak azaltzen ditu, zenbait kopla kantatzen dituzten bitartean. Oraingo honetan Argíatik, beste taldeekin lankidetza aro bat irekiaz, ekoizpen modu berri bati emango zaio hasiera. Hau izango da, gerora etorriko diren espektakuloen garapenerako hastapena.
- 1988
Zortziko eta Alakiketan: Zortziko ikuskizunean, talde ezberdinetako berrehun dantzarik eta musikarik hartu zuten parte. Garai haietan ohikoa ez zen planteamendu bat eginez, proiektu bakar baten inguruan elkarlanean honako talde hauek bilduko dira: Argia, Goizaldi, Harkaitz, Haritz, Lapurtarrak, Antigua, Añorga eta Astigarragako haur taldeak eta Iturengo Zanpantzarrak. Antolamentu hau, gerora egingo diren beste proiektuetan, ohikoa izango da. Frantziako Confolens herrian ospatu zen nazioarteko jaialdian izan zuen bere estreinaldia. Erritmo bizi baten pean, konposaketa koreografiko ezberdinak gertatzen dira, herensuge, maskara, zalditxo, zanpanzar eta abarren artean. Espektakuluak, iturri ezberdineko tradizioak lotzen zituen, hasi
Gipuzkoako Ezpata dantzatik eta Bizkaiko Arratiako jotak, Dantzari dantza, Soinu zarrak eta abarrekin jarraituz, Lapurdi eta Behenafarroako ihauterien fusio batean bukatzeko. Dantzari gazte eta beteranoekin batera, dantzari txikiek ere hartu zuten parte.
Muriska deituriko koreografi berri batekin ikuskizuna osatu genuen. Bertan pastoralek eskaintzen duten eskema dramatikoan oinarriturik, ongiaren eta gaizkiaren (gure alegorian, “kristauak” eta “turkoak”) arteko borroka bukaezina antzezten da. Ikuskizunak koreografia berri hau eta beste zenbait aldaera izan zituenean Alakiketan izena hartu zuen.
- 1997
Kondharian: sorkuntza honekin urrats bat haratago joan nahi izan genuen. Koldo Ameztoik kontatutako ipuinen haritik, hartza, ijito, ahuntza, itzaina eta hirulearen inguruan metafora ezberdinak irudikatzen joango dira. Guzti honen zerbitzuan tradizio eta disziplina ezberdinetako dantzak jarriko dira martxan, eta hartara gure herriko dantzen inguruan habanerak, perikoiak, horoak eta dantza garaikideko koreografiak osatzen joango dira. Ikuskizun honekin formato txikiagoko emanaldietara itzultzen gara. Espektakulu honen testuinguruan, gure herriko dantza preklasikoen lengoaiaren berrinterpretazio prozesu bat gorpuzten hasi ginen, Gipuzkoako Goierrin kokatuko genukeen Galaiena deituko den koreografi berri batera iritsi arte. Prozesu honen gakoa, legoaia koreografikoaren berezko logika bilatzean datza; hartara dantzaren etengabeko berritze bat lortzen da, berezko originaltasuna galduko ez duena eta dantzariaren interpretazio pertsonalari eta azken finean dantzatzearen plazerrari ateak irekiko dizkiona.
- 2003
Pas de Basque: gure herriko dantza preklasiko eta barrokoen birsorkuntza honetan (gure artean “vizcainoguipuzcoanosuletino” bezala ezagutua izan dena) Galaienakin hasitako esperimentua isten dugu, Almute dantzaren bidez Bizkaiko dantzetara zabalduaz eta Karakoiltziaren bidez Zuberoakotara. Ikuskizun honeta, Zortzikotik datozen guztietan bezala, talde ezberdinen elkarlanarekin jarraitzen da. Oraingo honetan Argia, Harkaitz, Haritz eta Kezka taldeetako dantzariak osatzen dute ikuskizuneko dantzarien oinarria.
BESTE ZENBAIT JARDUERA
Ikerketa eta sormen koreografikoekin batera, beste zenbait ekintza ere burutu izan ditugu, osagarri moduan, ondoren agertzen ditugun tankerakoak.
"La danza, función en la sociedad", artikuluaren argitalpena (DANTZARI aldizkarian, 1967.go hirugarren hiruhilekoan), egin zen garaiean kontutan hartuta, garrantzi berezia duela iruditzen zaigu, bere gaurkotasunarengatik batipat. Bertan zenbait funtsezko gaien oinarriak proposatzen ziren, hala nola:
- Dantza folklorikoaren ikasketa heltzeko modua zenbait diziplina ezberdinen elkarlanetik egin behar da, hala nola: antropologia, musika, linguistika, historia, soziologia, etabar. Eta hori egiten saiatu gara ordutik gaur arte doazen ia 40 urteetan.
- Dantza tradizionalak hizkuntza artistiko bezala duen berezko balioa eta hortik abiaturik irtenbide berri eta originalak bilatzeko beharra, iraungo badu. Horretarako nahitaezkoak dira bi gauza lantzea: sentiberatasuna eta ezagukera.
Hitzaldiak, diska sortak... Batetik bestera emandako hitzaldi askorekin batera, diska sorta bereziak argitaratu genituen. Hauen artean bik, isla itzela izan zuten. Lehenak, 1969an grabatutakoa, Herri Gogoa zigilupean, Eaurtako neska dantzaren doinuak jasotzen zituen: bigarrenak Philips etxearekin ekoiztua, Behenafarroako jauziak hartzen zituen. Bi diska hauetako doinu ezberdinak askotan jarriak izan ziren garai hartako irratietan, ez bait zen erreza hura bezalako gai berriak aurkitzea. Geroago, Gipuzkoako Beterriko doinuak, Euskalerriko musika militarra nola dantzena eta Hondarribiko doinu tradizionalak jasotzen zituzten hiru diska-kaxa argitaratu genituen. Argitarapen hauek bi CDkin osatu ziren, bata Mikel Urbeltzek, biolin tradizionalaren berreskuratze proposamen baten inguruan jotako doinu batzuekin eta bestea, Fonti Musicali belgiar zigiluarekin, zuberotar tradizioari eskeinia, urdiñarbetar Jean Mixel Bedaxagarren eskutik eta Mikel Urbeltzen biolinaren laguntzaz.
Biolin tradizionalaren berreskuraketari helduaz, Argiak alor honetan egin dituen zenbait berreskuraketak ulertzeko eredu adierazgarria denez gero, Mikel Urbeltzek tresna honekin landutako bidean, ezaugarri zenbait azpimarratu ditzakegu:
- Aukeratutako bidea: galdutako tradizio batean oso garrantzitsua da iturrietara itzultzea. Bidai horretan aukeratutako musika tresna oinarrizkoa izan zen: Alboka eta harek finkatzen zuen doinuen eremua.
- Musika tresna biziarazteko trebetasun landu baten jabe izatea.
- Berreskuratutakoari izena ematea: zenbait kulturetan biolinak erabiltzen den eremuaren arabera (orkesta klasikoa edo herrikoia) izen ezberdinak hartzen ditu. Guk, biolin tradizionalari buruz aritzerakoan Arrabita hitza aukeratu genuen.
Dantza Ganbara ereduaren bidez, dantzatzearen plazerra bilatu nahi da beste edozein helbururen gainetik. 1999. urtean hasi eta gaur egun ere egiten den ekitaldi hauetara biltzen den jendea jatorri askotarikoa da eta gehienetan, hasiera batean dantzatzen ez dakiena. Zuzenean jotako musikarekin bi ordu inguruko saioak egiten dira, Behenafarroako jauziak nagusiki eta beste dantza batzuen inguruan. Badira zenbait urte proiektu hau Bilboko Kafe Antzokian egiten dela, bataz besteko hirurogei bat partehartzailerekin.
Gipuzkoako alkategoen protokolo koreografikoa: 1996tik, 1998ra, Juan Ignacio Iztuetak jaso zuen ohitura hau berreskuratu eta Gipuzkoako zenbait herritan bideratua izan da Ikerfolken eskutik: Oiartzun, Elgoibar, Arama, Itsasondo, Zegama, Beasain, Idiazabal, Andoain, etab. Ikerfolkek Argiako dantza maisuekin, soka-dantzaren inguruan eginiko ekimen bat da hau, Udaletako alkate eta zinegotziei dantza erakutsi eta bertako jai egunean, ia galdurik zegoen protokolo bat berpiztuz, dantza egin zezaten. Goierriko herrietan, proiektu honen hasiera Goieki (Goierriko Ekimena S.A.) erakundearen bidez, eskualdeko alkate eta zinegotzi guztiei egindako proposamena onartu ondoren, herriz herri zabaldutako lana dugu. Hastapenetan eta gerora egin diren zabaltze eta laguntza lanetan Mikel Sarriegi eta bere kolaboratzaileen lana ezinbestekoa izan da.
Jira Galdua, Euskalerriko Dantza Maisuen aldizkaria: Dantza Maisuen eta dantzarien erreferentzi izatea du helburu, orain arte argitaratutako hiru aleak hauek dira:
- Lehenengoa: Gipuzkoako Dantza Maisuen taula gimnastiko koreografikoa. 1998ko Abenduan argitaratua. Dantza Maisuaren profila zehazte aldera, sistema pedagogiko baten hastapena da. Urratsak, aldairak eta doinu ezberdinen lotura finkatu ondoren bi prestaketa maila proposatzen dira: Prebosta eta Dantza Maisua.
- Bigarrena: Panderoa. Historia eta metodoa. 1999ko Abenduan argitaratu zen, Imanol Urkizu gure kolaboratzaile eta pandero joleak sortutako metodoa aurkezteko.
- Hirugarrena: Aitzineko Püntiak (“Points de principe”). 2002ko Martxoan argitaratu zen, Zuberoako maskaradetan erabiltzen diren urratsak ikasteko modu bat azalduaz, lehenengo Jira Galduaren jarraipen eta gehigarria. Lan hau, Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzen laguntzarekin, hau izenpetzen dugunon eskutik bideratua izan zen.
Atondu: Ane Albisuren gidaritzapean, 1991ean, Ikerfolken aktibitateen barruan sortzen den sail honek, jantzi tradizionalaren garapen, birsortze eta edatzeari ekiten dio. Bere jomuga, dantza ezberdinen jantzi eremutik haratago joanez, norbanakoaren jantziaren garapenari lotzen zaio, Argia taldeak urtetan metatutako ezaguera proiektatu eta aplikatuz. Bere jardueraren barruan eskeintzen diren zerbitzuak ezberdinak dira: aholkularitza, hitzaldiak, maileguak, jantzi diseinua eta abar. Sortu zenetik hona egindako lan batzu aipatzekotan, 1992an Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako andereño talde bati Eguberritarako egindako jantziak eta geroztik, Renoko Unibertsitateko Zenbat Gara taldearekin urte luzez mantentzen den kolaboraketa, dantzari talde ezberdinei egindako jantzi diseinu eta emandako aholkuak (Astigarraga, Ermua, Durango, Irun, Bera, Eibar), beste erakunde batzuekin egindako lanak (Udalak, Ikastolak, Kofradiak, eta abar).
AZKEN OHARRAK
Bukatu aurretik, ohar moduan bizpahiru gogoeta egin nahi genituzke.
Etnografikoa deitu dezakegun berreskuratze lan garbi baten eta sormen lan baten artean muga argi bat ipintzea, ez da batere erreza. Lehenak ezingo genituzke eszeneratu ekarpen sortzailerik gabe; eta bigarrenak garbi da oinarri etnografiko argi batzuetatik abiatzen direla berez eta izatez. Guzti hau horrela ulerturik bakarrik, esan dezakegu bada 1967tik 1978ra bitarteko lanak lehenengo multzoan sartzen diren bitartean, hortik aurrerakoak bigarrenean sartzen direla.
Nahiz eta planteamentu koreografiko eta proposamen osagarri guzti hauek atzean dutenari buruz nahikoa adierazten duten, ez genuke bukatu nahi lan horiek egiterakoan murgilduta ibili garen mundu oroitarazle, sinboliko eta metaforiko aberatsaz eta parte hartu izan dugun prozesu sortzaile interesgarri eta ziraragarriaz, zertxobait gehiago adierazi gabe.
Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean eta bistan denez, lehen hamarkadetako landa lanetatik hasi eta azken urteetako proposamen sortzaileetan bukatuaz, mota ezberdinetako lanak gertatzen joan dira urte guzti hauetan. Zaila da azkenak hasieran egindako horiek gabe ulertzea. Era berean garrantzi haundikoa izan da gure tradizio edo folkloreaz jabetzerakoan erabili izan dugun ikuspuntu zentrokidea. Honi esker ulerterrezagoa egin zaigu besteen ikuspegitik gurea eta alderantziz. Agian ez da dokumentu hau bitartekorik egokiena guzti honetaz jarduteko, baina azaldutako gertakarien segida bere testuinguruan kokatzen lagunduko digun zenbait ideia eta ausnarketa azaltzen diren idatzi bat aipatu eta gomendatuko dugu. Idatzi hau Juan Antonio Urbeltzek idatzitako “Euskal dantza. Sinboloen inguruan” liburuko azken kapituluari dagokio. Liburu hau 2001.go Abenduan atera zen argitara, Etor Ostoaren eskutik, “Euskaldunak” bildumaren barruan.
Azkenik, ezin ahaztu, ibilbide guzti honetan lankide eta lagun izan ditugun guztiak. Hastapenetatik gaur egunera proiektu honetan elkarrekin jardun diren dantzari, musikari eta era askotako laguntzaileei gure aitormen eta eskerrik beroena joan bekie.
Besterik ez gure aldetik. Idatzi honek, gai hauei buruz jakin mina duen edonori informazio pittin bat gehiago eta argi bide batzuk ematea lortu badu, helburua erdietsia luke. Gu esperantza horretan geundeke.
Agur t’erdi
Donostia 2005.go Uztailean
Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea
ARGIAko Dantza Maisuak
Dokumentuaren akzioak