Dokumentuaren akzioak
Amerikara goaz geure borondatez
Josu Garate eta Oier Araolaza, Dantzanen egoitzan, Eibar. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Minnesotara euskal dantza irakastera goaz Josu Garate eta Oier Araolaza Dantzan, Dantzerti, Argia eta Kezkako dantzari eta dantza-irakasleak. Minneapolis ondoan dagoen St. Olaf unibertsitatean euskal dantza ikastaroak eskainiko ditugu astebetez. Bigarren astean Idahora, Boisera joango gara, bertako euskal komunitate eta dantzarientzat ikastaro eta hitzaldi-dantzatuak eskaintzera.
St. Olaf Collegen unibertsitate mailako hainbat ikasketa eskaintzen dira eta tartean Dantza ikasketak, gradu mailakoak. Bertako irakasle Anne Von Bibra-ren eskariz euskal dantza ikastaroak eskainiko ditugu bertan otsailaren 16tik 22ra bitartean.
Unibertsitatean Dantza ikasketak egiten dituzten ikasleei euskal dantzaren oinarrizko ezagutzak eskaintzea da ikastaldiaren helburua. St. Olaf Collegean ikasle diren dantzarietako batzuk Veselica dantza konpainia unibertsitarioan parte hartzeko aukera izaten dute eta talde horrek euskal dantzetan oinarritutako emanaldi bat eskainiko du udaberrian, beraz, horixe izango dugu egin beharretako bat, konpainia horri zenbait euskal dantza irakatsi eta emanaldi batean eskaintzeko moduan prestatzen laguntzea. Horrez gain, Dantza unibertsitate ikasketetan hainbat ikasgaitan arituko gara euskal dantzaren hainbat ikuspegi lantzen: Dantza Modernoa, Dantza komunitarioak, Balleta edo Bikote Dantzak ikasgaietan, besteak beste.
Euskal dantzari buruz Minnesotan eskainiko ditugun ikastaldien osagarri, John Ysursa, Boiseko euskal dantzari, kultura sustatzaile eta unibertsitate irakasleak Euskal Dantzari buruzko hitzaldia eskainiko du St. Olaf Collegeko dantza ikasle eta irakasleentzat.
Boise, euskal dantzaren hiri
Otsailaren 22tik 26ra Idahon, Boisen izango gara, bertako Oinkari dantza taldeak eta Basque Center & Museum-en eskutik euskal dantzaren inguruko hainbat saio praktiko eta teoriko eskainiz bertan. Oinkariko dantzariekin ikastaldiak egingo ditugu 22an eta 24an, eta 23an, ostegunez, Euskal Dantzaren Historia Dantzatu bat hitzaldi-dantzatua eskainiko dugu Basque Museum-ek antolatuta Oinkari dantza taldearen parte-hartzearekin.
Otsailaren 25ean, larunbatez, Ameriketako Mendebaldeko euskal dantza talde guztiei streaming bidez eskainiko zaien ikastaldia eskainiko dugu Boisetik, eta bertatik bertara Idaho, Ontario eta Utahko euskal dantzariak izango dira ikastaldia zuzenean jasotzen.
Amerikar Unibertsitateetatik Euskal Dantzari begira
Euskal Herriko unibertsitateetan ez dago dantza ikasketarik eta dauden ikasketetatik ez da interes handirik erakusten euskal dantzekiko. Bitxia da Ameriketako unibertsitateetatik euskal dantzarekiko interesa dagoela ikustea. Ez baita lehen aldia jakin-min hau sumatzen duguna. Aurretik Utahko Unibertsitatetik jaso izan dugu euskal dantzan ikastaldiak egiteko interesa. Birritan izan dira (2008 eta 2017) Utahko Unibertsitateko Dantza ikasleak Euskal Herrian euskal dantzan trebakuntza intentsiboa jasotzen. Bidaia horietako baten ondoren, Richard Wacko unibertsitateko dantza irakasle kanadarrak gutuna idatzi zuen Eusko Jaurlaritzara bere harridura agertuz Euskal Herrian ez zegoelako euskal dantzaren ikerketa eta irakaskuntzan jarduten zen unibertsitate sailik edo instituturik.
Minnesotarako bidaia hau Dantza unibertsitate munduan nola dagoen antolatuta ikusi eta eredu hori Euskal Herrian sustatzeko ilusioarekin abiatzen dugu. Amerikarrei euskal dantzari buruz zerbait irakasteko asmoz bai, baina aldi berean gurerako lezioak ikasteko gogotsu goaz.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?