Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Akademizismora konbertituak, kolonialismo kulturalaren borreroak

Dokumentuaren akzioak

Akademizismora konbertituak, kolonialismo kulturalaren borreroak

2019/02/14 08:20
Akademizismora konbertituak, kolonialismo kulturalaren borreroak

Juan Antonio Mogelen "Peru Abarka" liburuaren azala. J Bringas-en litografia.

Tradiziozko dantza, musika eta kantua maite ditugunak kultura akademikoarekiko gutxitasun konplexuarekin etengabe borrokatzera behartuta gaude. Gutxietsi eta mugatzen gaituen, eta gure kultur tradizioa deuseztatu dezakeen menpekotasun hori salatzeko enegarren oihua da sarrera hau. Konbertitu berriek kultur adierazpen tradizionalak suntsitzen dihardute kolonialismo kulturalaren mesedetan

Lizartzako dantzariak 1928
Lizartzako dantzariak, 1928.

Gorteko dantza eta folklore dantza

Dantza ikastaro harrigarria izan dugu asteburuan. XV. mendeko dantza ereduetara hurbildu gaitu Carles Mas dantza eta musika maisu bikainak. Bisita oparo horren testuinguruan, Beasaingo Igartzan izan dugun mintegian, Carles Masek egin digun ohar batek piztu du sarrera hau idazteko txinparta. Gorteko dantza mota jasoak eta folklorean identifikatzen ditugun tradizio koreografikoen arteko lotura izan da mintegiaren funtsa. Gipuzkoako dantza-sistema zaharra hobeto ezagutu nahian, Juan Antonio Urbeltzek eta Ikerfolkek ireki zuen bidean sakonduz, Erdi Aro bukaerako eta Berpizkunde garaiko dantza sistemetara jo du oraingoan Mikel Sarriegik.

Bi mundu horiek dantzaren bidez lotzean, Europako hirietako gorteetan humanistikaren gailurrean garatutako dantza sistema kultuak batetik eta Europako bazterretan herri txiki eta xumeetan gutxietsita eta itzalean bildutako folklore adierazpenak bestetik, elkarrekin lotura dutela ikustean, bata bestearen aurrean, gutxitasunetik baloratzeko arriskuaz ohartarazi gintuen Carles Masek. "Gorteko dantza kultua ez da konplexuagoa, teknikoagoa, aberatsagoa, garatuagoa eta jasoagoa folklorean aurki daitekeena baino" gaztigatu zigun. "Osagai eta oinarri asko konpartitzen dituzte, eta badituzte bereizten dituzten irizpide eta ezaugarriak, baina jasoaren aberastasun eta konplexutasun osoa aurki daiteke folklorean dagoen horretan". 

Izurtzako dantzariak 1916
Izurtzako dantzariak, 1916. Argazkia: Jose Maria Gorrotxategi

Gutxitasun konplexua

Zaila da ordea gutxitasun konplexu horretatik askatzea. Euskal dantzan eta euskal kultura tradizionalean azken urteotan areagotzen ari den konplexua da gainera. Euskal dantza tradizionalaren gaitasun, baliabide eta sistemaren xehetasunak ezagutu gabe, nazioarteko bermea duten beste hizkuntza koreografiko batzuekin "nahastu", "konbinatu", "osatu" beharrarekin tematuta dira hainbat sortzaile, talde eta erakunde. Tokian tokiko dantza tradizionalek dantza klasikoarekiko garatu duten menpekotasun eta gutxitasun konplexuari belarrondoko galanta eman zion bere garaian Joann Kealiinohomokuk, ballet akademikoa tokian tokiko dantza etniko bat bailitzan aztertuz, eta balleta gainontzeko dantza motak balioztatzeko edo gutxiesteko neurgailu absolutotzat onartu izanaz kritika birrintzailea eginez. 

Dantza klasikoari dantzaren hizkuntza nagusitzat aitortu zaion gailentasun makurraren eta horrekiko menpekotasun konplexuaren ondorioz, balletaren estandar idealizatua bihurtu da horrekin zerikusirik ez duen euskal dantza balioztatzeko neurgailu absolutua. Euskal dantza ontzat ematen da balletaren gorputz eredu eta estetikara hurbiltzen den neurrian eta balio gabekoa bihurtzean da hortik urruntzen den tamainan. Dantza klasikoaren ondora dantza garaikidearen paradigma etorri da gainera, eta beraz, orain euskal dantzak baditu bere neurria emateko begiratu beharreko bi ispilu, behin eta berriz imitatu beharrekoak: bata estetiko-formalagoa, bestea kontzeptualagoa. Lehen morrontza bat bagenuen, orain bi.

Etorki taldearen dantza errepetizioa Launey-ko gazteluan (Loira eskualdea). Filipe Oihanburu gidari. Barran, J.-L. Aranguren, Daniel Darrouzes eta Fito Ziordia
Etorki taldearen dantza errepetizioa Launey-ko gazteluan (Loira eskualdea). Filipe Oihanburu gidari. Barran, J.-L. Aranguren, Daniel Darrouzes eta Fito Ziordia.

Xumetasun hau gu gara

Artedramaren, alegia, ikusizko zein entzunezko gorputz adierazpenaren sekzio atal gehienetan ―dantzan, antzerkian, musikan,...― ageri zaigu akademizismoarekiko morrontza eta euskal adierazpide tradizionalen gutxitasun konplexua. Bere burua "goi-kulturatzat" izendatu duenarekiko gutxitasun konplexutik, maskaradak eta libertimenduak ez dira iristen letra larriz idazten den Antzerkia izatera; ez dira Scene Nationalek edo DFeriak akreditatzen duten sektore profesional eta homologatu baten emaria, herritar arrunt amateur eta ikasi gabekoon olgeta ergela baizik. 

Txistulariak, albokariak edo trikitilariak, eta haiek egiten duten musika, musika etnikoa, folklorikoa da, pretensiorik gabekoa, eta jakina, berme akademikorik gabekoa. Errekonozimendu eta akreditazio horren bila emanak dira zenbait musikari, inoiz bukaerarik ez duen froga eta eskakizun karrera amaigabean eroriz. Eta aldi berean, beren iraganari uko eginez, bide horretan sartu ez diren musikari kideak, estandar akademikoak betetzeko beharrarekin kezkarik agertzen ez dutenak gutxiesten eta iraintzen dituzte. 

1934 Sohüta Maskaradak
Sohüta (1934), maskaradak.

Menpekotasun kulturala

"Desafinatu egiten duzu", "tranpa egiten duzu", "ez daukazu teknikarik", "ez dakizu musikarik",... Nagusitasun konplexuaren indarkeriaz irainekin umiliatu dituzte euskal tradiziozko musikari eta kantari zoragarri eta bikainak. Orain gutxiesten dituztenen habi berean sortu eta haziak dira konbertitu berriakbaina ezkutatu nahi duten jatorriaz lotsagorrituta, bere kultura propioa ukatu eta haren suntsitzaile oldarkorrenak bihurtzen dira.

Eraso horien aurrean ohartarazi behar da tradiziozko adierazpen kulturalek ez dituztela akademizismoaren arauak betetzen, sistema propioa dutela. Bai, antzerkian, dantzan, musikan... nazioarteko estandar homologatu eta akademizistatik kanpo sistema tradizional bereizia izan da, eta oraindik da. Euskaldunok kultur adierazpen sistema propioa izan dugu: aberatsa, konplexua, teknikoa, artistikoa, komunikatiboa, sinbolikoa, soziala, kulturala. Magnitude eta eskala propioekin hornitua zegoen eta ez zuen beste sistema baten irizpide eta neurgailuaren beharrik bere emaria balioan jartzeko.

Kantuari dagokionez, sistema horren berezitasun baten berri eman du Agustin Mendizabalek "Euskal kantuaren intonazio berezia" hitzaldian. Akademizismoak desafinatzea zela ebatzita gaitzetsi eta ia-desagertaraztea lortu duen ezaugarri propioa, Mendizabalek "intonazio neutro edo erdibidekoa" deitzen duen euskal kantagintza tradizionalaren ezaugarria aztertzen du hizaldian. 

Maskaradak Mendikotan 1972
Maskaradak Mendikotan 1972. urtean. Etxahun Iruri eta Garat Arhan ageri dira musikari lanetan. Argazkia: Javier Garaialde Guregipuzkoa.net.

Salatu nahi dut akademizismotik sistema tradizionalaren adierazpenak erasotzen dituzten konbertitu berriek euskal kultur sistema tradizionala deusezten ari den kolonialismo kulturalaren zerbitzura dihardutela borrero lanetan.

Dokumentuaren akzioak

2019/02/18 22:32
Halaxe da, bai.
Beti azalpenak ematera behartuak, beti geurea defendatu nahian.
Badago dikotomia bat: "Cultura" versus "euskal kultura (tradizionala)". Alegia, gure kultura ez da aintzakotzat hartzen, ez du "Cultura" handi horren zantzurik. Eta, tristeena da, gaitz hori ez dela beti kanpotik etorria: nire lagun batek, Donostiako ezkontza batean, bertso batzuk kantatu zituen, eta berehala esan zion batek, "luego bailarás el Aurresku, ¿no?". Jakina, bertsotan baldin badaki, dantzari ere izango da! Andoni Egaña eta Joseba Tapia, gure inguruko jende askok eta askok, guk uste baino gehiagok, ez ditu ezagutzen.
Eta euskal dantza, eta dantzariak? Horiek, are gutxiago. Izugarrizko ezagutza falta dago. "Korrikalari" esaten badugu, ondo bereizten ditugu maratoi korrikalaria eta ehun metrokoa. "Dantzari" esaten badugu, badirudi dantzari guztiak zaku berean daudela; eta, zer esanik ez, dantza tradizionalaz ari garenean.
Egoera kaskarrean gaude. A zer panorama, gurea!
Xabier.
2019/03/20 00:00
Aupa, Oier eta Xabier. Ederra artikulua, eta ongi esana; baita erantzuna ere. Jatorrizko bere forman behintzat, herri-kultura, oro har, zuzenean praktikatuz ikasten da. Baina gainera, kultura akademikoarekiko barne-arau eta funtzionamendu erabat ezberdinak ditu. Eta ez hori bakarrik: balore-sistema ezberdinak dituzte biak eta beraz, helburuak ere ezin dira izan akademikoaren berdinak. Ondorioz, erabat zentzugabea da bata bestearen parametroetatik begiratzea, baina zoritxarrez hori oso barneratua dago jende gehienaren baitan. Modu horretan, kultura “ikasia” herrikoiaren gainetik jarri besterik ez da egiten, imitatu beharreko eredu gisa, bestea azpiratuz eta konplexuz betez. Niri, biak gustatzen zaizkit, baina bakoitza bere lekuan eta behar den bezala ulertuta, bereak ez dituen ezaugarriak itsatsi gabe. Bata ez baita bestearen bertsio perfekzionatua.
Nik uste dut folklore adierazpenetan bilatzen dena, alde batetik, parte-hartzailearen plazera eta satisfazio pertsonala dela, baina jasotzaileekin komunikazio etengabean eta betiere sartua dagoeneko tradizioan txertaturik; eta aldi berean, aurrekoengandik jasotako kultura horri, modu berrituan beti, jarraipena ematea, hots, hurren datozenei transmititzea. Hala, ongi pasatze horrek, “libertimendu” horrek, aldi berean komunitate osoaren talde-lotura indartu egiten du. Eta ez hori bakarrik, horrekin bizitzaren, historiaren, giza-harremanen… ikuspegi bat transmititzen dela uste dut, norberak bere baitan bizitzen duenak berebiziko garrantzia duelarik. Ez luke, beraz, inoiz ere inpostura izan behar, erraietatik ateratzen den zerbait baizik.
Giro akademikoan, berriz (musikan behintzat, hori baita hobekien ezagutzen dudana) nik uste hauek baloratzen direla gehien: teknika menperatzea, egituraren eta formaren perfekzioa, adierazkortasuna, Akademiak finkatutako edertasun estetiko ideiaren bilaketa… aski balio ezberdinak, beraz.
Hain zaila ote da hau ulertzea?
Auxtin
2019/03/21 08:57
Mila esker zuen erantzunengatik Xabier eta Agustin. Azken aldian bi musikari gazteren berri izan dut, bata jazzaren munduan murgildua, bestea musika experimentazioan ari dena, eta biek ala biek herri-musika eta kantak ongi ezagutu eta maite dituztenak, haietan murgilduta bere sormenerako baliatzen dituztenak. Gutxiespenik gabe, baizik eta tradiziozko musika gozatuz, beren ezaugarri bereizleak balioan jarriz eta haietatik edanez beren ekarpenak egiteko. Beraz, akademizismotik kanpo bada itxaropenik!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.