Dokumentuaren akzioak
"Danzadores y danzaderas", gizon eta emakume dantzariak Fiteroko XVI. mendeko festetan
Fiteron XVI-XVIII. mendeetan ospatzen zituzten jaietan oso ohikoak ziren dantzak. San Bernardo, Amabirjinaren eta Korpus egunean izaten ziren ospakizunetan egun paloteado izenez ezagutzen ditugun dantza eta antzerki ikuskizunen erakoak egiten zituztela jaso da dokumentuetan. Nabarmentzekoa da, XVII. mendeko Korpus jaietan emakume dantzariak ere bazirela Fiteron. Urte batetik bestera, ordea, desagertu egin ziren Fiteroko dantza zeremonialak.
Fiteroko dantza zeremonial desagertuei buruz Eduardo Aznarrek egindako ikerketa lana argitaratu da Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra (CEEN) aldizkariaren azken alean. Aznar bere lana egiteko Fiteroko udal artxiboan gordetako zenbait dokumentutan oinarritu da. Dokumentu horiei esker frogatu du ospakizun zeremonialak inguruko herrietan bezain estimatuak izan zirela Fiteron eta jaiegun nagusiak beti dantza zeremonialekin ospatzen zirela. Dantza horien galera-prozesua ere aztertu du arakatutako informazioari esker eta XVIII. mendean desagertu zirela erakutsi du. Ikertu dituen dokumentuetako informazioa hiru garai nagusitan bereizi du Aznarrek: errenazentista, barrokoa eta gainbehera.
Garai errenazentista: XVI. mende eta XVII. mendeko lehenengo hamarkadak
Udaletxeko kontuei erreparatuta Fiteroko ospakizun handiena abuztuaren 20koa dela ikusten da, San Bernardo egunekoa. Herrira juglareak, dantzariak eta komedianteak eramaten zituzten; jaia zezenketekin osatzen zuten. Korpus egunak ere garrantzi handia zuela ikusten da, dokumentuetan irakur daiteke San Bernardo egunaren antzeko festa egiten zutela juglare, dantzari eta antzezleekin. "Danzadores y danzaderas" aipatzen da testuan, beraz, korpus dantzak gizon zein emakumeek dantzatzen zituzten.
XVI. eta XVII. mendeko Fiteroko dantzak guztiz lotuta zeuden komedia eta antzerkiekin. Testuetan jantzi, mozorro eta maskara egokiak lortzeko udalak egiten zuen ahalegin ikus daiteke. Ez du ematen herrian bertako dantzari eta antzezle talderik zegoenik, dokumentu batzuetan jantziak eta musikariak inguruko herrietatik ekarriak zirela agertzen baita. Musika instrumentuei dagokionez, juglareak bakarrik agertzen dira hasierako dokumentuetan. XVI. mendeko azken urteetako dokumentuetan, berriz, xaramelaria-ak agertzen hasten dira.
Garai barrokoa: XVII. mende erdialdera
XVII. mende erdi aldera Fiteroko jaien errepertorioan berrikuntza bat gertatu zen. San Bernardo eguneko ospakizunak Korpus egunean txertatu zituzten. Erabakia palaire-en gremioak edo artilea kardatzen zutenek bultzatu zuten gehienbat eta beraien zaindaria Pelaire-en Ama Birjina bezala izendatu zuten. Horrela, ospakizun, dantza eta musikari lotutako egun handiak Korpus eguna eta Ama Birjinaren eguna izatera pasa ziren.
XVII. mendean "xaramelaria", "gaiteroarekin" ordezkatu zen. Korpusetako dantzak, kantuak eta ikuskizunak, berriz, eliza barruan egiten zirela jakin dezakegu. Korpusetako kaskabilodun dantzariei, gaiteroei, oholtzei eta beste zenbait elementuri erreparatuta, egun ezagutzen ditugun Erriberako paloteadoen antzekotasunak soma daitezke.
Garai honetako dantzei dagokionez azpimarratzekoak dira, eliza barruan egiten zen bakarkako dantzari buruzko aipamenak. Ama Birjinaren egunean dantzatzen zen, pentsatzen da, Ama Birjinari berari dantzatuko zitzaiola.
Gainbehera garaia: XVIII. mendea
1746an Ama Birjinaren jaietan musika eta dantzen azken ospakizuna egin zen. Ordutik Ama Birjin jaietako gastuak desagertu egin ziren, Korpus jaietako gastuak bakarrik mantendu ziren.
XVIII. mendeko dokumentuetan ikusten da udalak gutxienez lau dantzari kontratatzen zituela gaiteroarekin batera. Horrek, herriko pregoilariari laguntzen zion bere danborraren erritmoarekin. Kontratatutako lau dantzariekin batera deboziozko beste dantzari batzuk irteten ziren, dantzari horien kopurua urtearen arabera aldatu egiten zen. Ez da ageri deboziozko dantzarien inguruko xehetasunik, baina uste da herriko jendea irteten zela dantzara, iniziatiba propioz, jainkoari egindako promesa, erregu edo eskaintza pertsonalen bat tarteko. Bestalde, garai hartako Korpus jaietan erraldoiak eta herensugeak aipatzen dira. 1775ean, bat-batean deboziozko dantzarien erreferentziak desagertu egin ziren.
Fiteroko dantzen gainbeheraren arrazoi nagusia 1773an herriak abadiaren boteretik banantzeko egindako ahaleginaren porrota eta orokorrean aurreko mendeetatik zetozen Elizaren debekuak izan ziren. Herri bakoitzak modu batera jokatu zuen arau horien aurrean, baina Fiteron badirudi kolpetik eten zela zeremonietako dantzen tradizio lokala.
Ondorioak
Eduardo Aznarrek ondorioztatzen du, dokumentu asko ez badago ere, Fiteroko udaletxeko kontuei erreparatuta esan dezakegula Fiteron zenbait garaitan errotuta egon direla zeremonietako dantzak; inguruetako zonalde eta herritan bezala folklore lokalaren parte izan direla. Horrela, zonaldeko herrien eta probintzien arteko continuum folkloriko bat ikusten du.
Iturria: Eduardo Aznar: Documentación acerca de las desaparecidas danzas ceremoniales de Fitero (CEEN) PDF (1,4 MB )
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23