Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Plazara Dantzara: 30 urte San Andresak dantzan jartzen

Dokumentuaren akzioak

Plazara Dantzara: 30 urte San Andresak dantzan jartzen

2023/11/29 11:55
Plazara Dantzara: 30 urte San Andresak dantzan jartzen

Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

2023 honetan 30 urte beteko dira Eibarko San Andres jaietan Plazara Dantzara erromeria lehen aldiz egin genuenetik. 1993ko azaroaren 26an, larunbata, izan zen lehen aldia. Jainaga eta Narbaiza izan genituen musikari lehen hartan Elgoibarko udalaren txistulariekin batera. Elgoibarko Haritz eta Debako Gure-Kai dantza taldeetako dantzariak etorri ziren Eibarrera Kezkako dantzariokin batera Untzaga plaza dantzan jartzera.

Dantzaren ludikotasuna

Plazara Dantzarak dantza taldeen jardunean hain ohikoa ez zen alderdi bat bultzatu nahi izan zuen. Ikuskizunak ematen ibili beharrik gabe, dantza eginez gozatzea eta gozamen hori plazan partekatzea, nahi duten guztiei dantzan aritzeko aukera emanez. Dantza ikuspegi parte-hartzailearekin bultzatzeko eredu horik nondik etorri zitzaigun? Argia, Flageldarrak, Gasteizko Udal Folklore Eskola eta Haritz dantzari taldeak osatutako sokatik.

1970ko hamarkadan, Argia dantzari taldeak Lou eta Claude Flagel dantza-maisu eta musikari belgiarrak ezagutu zituzten eta dantza tradizionala ulertzeko eta bizitzeko hainbat gako ikasi zituzten haiekin. Hurrengo hamarkadan, Errenteriako Musikaste jaialdira ekarri zituen Urbeltzek Flageldarrak. Musikasten ezagutu zituen Pedro Elosegi txistulari eta dantzari gasteiztarrak Belgikako dantza-adituak. Gasteiz moduko hiri baterako eredu egokia ikusi zuen hor, ikuskizunaren ordez parte hartzea bultzatzeko bide bat. 1990ean hasi zen Gasteizko Udal Folklore Eskola Dantza Plazan erromeriak antolatzen eta formato hori ekarri zuen Debabarrenara Haritz dantzari taldeko Jose Ignazio Sarasuak. Horrelaxe Eibarrera 1993ko San Andres egunera iritsi zen Plazara Dantzara. Elgoibartik eta Debatik etorritako dantzariak batu zitzaizkien Eibarko Kezkakoei eta 30 urtez errepikatu den formatoa martxan jarri zen.

Plazara Dantzara 1993 - 005
Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Larunbatetik aste barrura eta buelta

Elgoibarren Gabon Zahar ferian eta Deban Soro Ferian plaza hartu eta dantza soltean, lotuan, bakarka, binaka ala taldean, jauzi, polka, kontra-dantza, balts, korrido, arin-arin eta fandango, zortziko eta ingurutxu, plazan dantzan aritzeko aukera plazaratzen hasi ziren herri bakoitzeko neguko festen inguruan. Lehen hamarkada osoan larunbatez ospatu genuen Plazara Dantzara. Halako batean azaroaren 30ean, San Andres egunera aldatu genuen eta azken urteotan azokarekin batera ospatu dugu.

Plazara Dantzara 2011
Plazara Dantzara, 2011-11-30. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Egunean bertan ospatzea ederra da, baina bi arazo izan ditugu urte hauetan. Batetik, Elgoibarko eta Debako dantzariak ezin parte hartzea. Ez bakarrik herri horietakoak. Eibarko dantzari askok ere ezinezkoa izaten dute parte hartzea San Andres eguna aste barruan tokatu izan denean, Eibartik kanpo lan edo ikasketak egiterakoan ez baita beti posible gertatzen egun hori jai hartzea. Bigarren arazoa euria da. Euria berdin egiten du 30ean edo inguruko larunbatean ―eta hori azaro-abenduan sarri da―, baina 30ean bertan azokak aterpeko espazio guztiak bereganatzen dituenez, euriak gogotik egin duenean dantzaldia bertan behera geratu izan da. Larunbatetan ordea aterpeak baliatzeko aukera izaten da.

Plazara Dantzara 1993 - 046
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey

Abenduak 2, larunbata

Aurten larunbatez egingo dugu Plazara Dantzara. San Andres egunerako, azaroaren 30erako, Greba Feminista Orokorraren deialdia egin du mugimendu feministak. Hasieran aztertu genuen greba deialdia eta dantzaldia batera egiteko aukera. Baina ikusi genuen ezinezkoa zela eta elkarri traba egiteko eta bietan ― dantzaldian eta aldarrikapen feministan― parte hartu nahiko luketenek horretarako aukera izan dezaten onena dantzaldia larunbatera aldatzea zela. Horren ondorioz, lehen urteetan bezala, Deba eta Elgoibarko dantzari-lagunak gurekin izateko aukera izango dute, bai eta greba deialdiarekin bat egiten dutenek ere, zein arrazoi batengatik edo bestearengatik 30ean Eibarren egoterik ez dutenek ere.

Plazara Dantzara

  • Abenduak 2, larunbata, Untzaga plaza
  • Musikariak: Jainaga eta Narbaiza eta Eneritz
  • Dantza taldeak: Haritz (Elgoibar) Gure-Kai (Deba) eta Kezka (Eibar).
  • Laguntzaileak: Jaixak Herrixak Herrixandako eta Eibarko Udala.

 

Baserritar jantzita festara

Eibarko Euskalgintzaren eta Jaixak Herrixak Herrixandako-ren eskutik antolatutako beste zenbait ekitaldirekin osatuko da abenduaren 2ko San Andres festa programa. Baserritar janzteko deialdia zabalduko da, euskarazko ahots grabaketen maratoia izango da, trikitilarien kalejira, azoka eta pintxoak, trikipoteoa, herri bazkaria, jolasak eta elektrotxaranga.

Abenduak 2, San Andresetako egitaraua (Jaixak Herrixak Herrixandako):

  • Baserritarrez jantzita irtetzeko deialdia
  • 11:00 Gaitu: ahots grabaketa maratoia Eibarren
  • Trikitilarien kalejira
  • 12:00 aurrera azoka + pintxoak
  • 12:30 Plazara Dantzara. Kezka Dantza Taldearen eskutik. Jainaga eta Narbaiza erromeria.
  • 14:00 Trikipoteua
  • 15:00 Herri bazkari autogestionatua.
  • Ostean, jolasak Ikamaren eskutik!!!
  • 18:30/19:00 Elektrotxaranga

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com