Dokumentuaren akzioak
«Arrakasta handiena hori da, modu naturalean dantzan aritzea»
Pedro Elosegi, Gasteizko Folklore Akademiako Koordinatzailea
Dantza Plazan erromeriaren sei ekitaldi egin dituzte dagoeneko. Hurrengoa San Joan egunean egingo dute, eta gero Andre Mari Zuriaren jaietan.
Zer moduz aurtengo Dantza Plazan erromeriak?
Gero eta hobeto. Lehen ekainean eta uztailean egiten genituen, larunbatetan, Plaza Berrian. Orain bi urte aldaketak egin genituen. Maiatzera eta ekainera aurreratu eta larunbatetik ostiralera pasatu genuen. Ikusi dugu ostiraletan arrakasta gehiago duela. Eta hirugarren aldaketa eta eztabaidagarriena izan zen Plaza Berria utzi eta Aihotz plazara pasatzea. Zer nahi dugu? Ikusle asko izatea ala jendeak parte hartzea? Plaza Berritik jende asko pasatzen da, eta beraz, jende asko inguratzen da. Baina inguratu bakarrik egiten da. Eta hori ez da helburua, dantza egiteko oztopo egiten du inguruan jende asko egoteak, eta gainera, dantzara sartu nahian dagoena lotsatu egiten da. Orduan erabaki genuen Aihotz plazan egitea, ikasturtea bukatu baino lehen eta ostiraletan egitea. Aurten Aihotz plazan sei saio egin ditugu, eta San Joan egunean Judizmendin egingo dugu.
Zeintzuk dira erreferenteak, nondik sortu zen duela 15 urte?
Gu txikitatik gabiltza dantza taldeetan, baina beti esan dugu, eta gutxiesteko inolako asmorik gabe, dantza taldeak museo bat bezalakoak direla. Guretzat, dantza asko bizitzeko dantzak dira. Dantza sozialak. Eta dantza taldeen orain dela 30-40 urteko eredua ez da hori.
Proiektu honekin hasi ginenean Indarra elkartean, eredu bila hasi ginen. 80ko hamarkada hasieran Folklore Jardunaldi batzuk izan ziren Donostian. Hor ezagutu genuen Lou Flagelen eredua, Belgikako dantza etxeen eredua. Hori izan zen guretzat eredua, dantza ikasteko, dantza praktikatzeko eta dantza bizitzan sartzeko. Gaur egungo gizarte hiritarrean baliagarria izango zen eredua nahi genuen, Gasteizen funtzionatuko zuena. Hesiak kendu nahi genituen. Euskal dantzak oholtza baten gainean izaten ziren edo hesi horiekin inguratuta, ikuslez inguratuta. Guk nahi genuen jendeak parte hartzea.
Eta ereduak funtzionatu du?
Azken ostiralean, gutxi gora behera, 200 pertsona izan ziren dantzatzen. Azken larrain-dantzan 80-90 bikote. Txikiak, handiak, dantzan dakitenak, ez dakitenak. Buruan badugu irudi bat, euskal dantza egiteko izan behar zarela ez dakit nolako dantzari trebea. Eta ez. Zu sartu behar zara dantzara. Eta lehenengo egunean ez duzu ezer egingo, bigarren egunean erritmoa hartzen joango zaraÉ Adibidez, gure seme-alabek, aurten ikasi dute larrain-dantza akademian, baina klasean hasi baino lehen, bazekiten larrain-dantza. Non ikasi dute? Ba plazan. Nola? Ikusten. Lotsagabe, sartu direlako dantzara. Zergatik? Bere gurasoak han zeudelako, bere lagunak han zeudelako, gauza natural bat bezala.
Orain urte batzuk nekez pentsatuko genuen Gasteizen edozein egunetan, jendea erromeria batean dantza egitera sartuko zenik. Eta ikusi, 200 lagun. Lortzen ari gara jendeak lotsa galtzea. Eta hori da Dantza Plazan. Eta gainera ondo pasatzen dute. Arrakasta handiena hori da, modu naturalean dantzan aritzea.
Dantza Plazan jarduera nagusietako bat duzue, baina ez da bakarra.
Jarduera nagusia Dantza plazan da, hori argi dugu. Baina horrez gain, udal langile bezala baditugu beste lan batzuk. Urtean zehar 100 ekitalditik gora egiten ditugu, kontzertuak, saio pedagogikoak, kalejirak... Halaber, Gasteizko jai txikien egutegian presentzia handia dugu, San Antonetan hasi eta Santa Agedan, San Prudentzio bezperanÉ denetan hartzen dugu parte. Gasteizko jaietan egunero egiten dugu Dantzan Plazan.
Udal haur-eskoletan saio pedagogikoak eta ikastetxeetan Dantza Plazan txikiak egiten ditugu. Eta gure ikasleekin entzunaldiak antolatzen ditugu. Ostiralean dugu [alegia, gaur] Printzipal antzokian entzunaldi nagusia.
Matrikula eskaera handi duzue.
Aurten 740 ikasle izan ditugu, baina urtero 1.200-1.300 eskaera izaten ditugu. Ez dugu lekurik gehiagorako. Aztertzen ari gara beste egoitza batera joateko aukera. Hemen hiri erdian gaude, toki ona da, polita, baina gela batzuk oso txikiak dira, beste batzuk beroak, ez dugu areto nagusirik, ezta liburutegi eta dokumentaziorako tokirik.
Zein proiektu dituzue orain esku artean?
Datorren ikasturtean sartu nahi dugu proiektu berri batean. Behar-beharrezkoa da material pedagogikoa sortzea. Dantza talderako, ikastoletarako, herriko dantza maisuentzat, hor behar handia dago. Ez dakit nola, baina sartuko gara mundu horretan. Uste dut beste erakunde batzuen lana dela hori, baina egiten ez badute ba gu ahaleginduko gara.
Gasteizko Zortzikoa errotzeko ahaleginetan ere badiharduzue.
XIX. mendean Gasteiztik pasatako zenbait idazlek kontatzen dute zortziko serio bat dantzatzen zela Andre Mari Zuriaren egunean. Soka-dantza bat zen. 1987an Indarra elkartean geundenok birsortzea erabaki genuen. Berrasmatu egin genuen. Txistulari bandako musika batzuk hartu, soka-dantza baten egiturarekin dantza prestatu eta Gasteizko Zortzikoa plazaratu genuen. Dantza berreskuratua zegoen, baina bere lekua falta zen. Andre Mari Zuriaren egunean meza nagusiaren ondoren egiten omen zen. Iaz, deialdi irekia egin genien dantzariei, eta udalbatza mezatik ateratzerakoan dantzatu zen. Ondo atera zen. Aurten ere egin nahi dugu berriz.
Dokumentuaren akzioak