Zinegotziak ere animatu ziren dantzara!

2017/12/07
Zinegotziak ere animatu ziren dantzara!

Astebururo emanaldi bat izaten genuen! Kontatu izan digute taldeko beteranoek haien batallitetan. Bada guk ere izanen dugu esaterik, zer demonio! Izan ere, 2017ko iraileko asteburu guztietan astindu baititugu zintzarriak!

Irailaren 8an ostiralarekin, eta asteburuaren atarian, beraz Iruñeko 3 auzo zaharrek bat egin zutenekoa (1423an) oroitzen dugu hiri-buruzagian. Hortarako Iruñeko udalak bere jantzi eta bitxi onenak ateratzen ditu karrikara, hirian egiten den segizio laiko bakarrean. Erraldoi, kiliki, gaitero, txistulari, tinbalari, turuta-jole eta enparauek sortzen duten zalaparta ordenatuan parte hartzen dugu guk ere. 

Argazkia: Eduardo Buxenx

Argazkia: Javier Bergasa

Udalbatzak katedralean Karlos III Nafarroako erregeari lore eskaintza egin eta ondotik, alde zaharreko 3 auzoak —Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas kurritzen ditu segizioak. Pasealdiaren ondotik, fite-fite arropak aldatu eta hiriaren batasuna irudikatzeko egoki samartzat dugun soka-dantza atera genuen plazara. Ainara Ranerak egin zituen aitzin-esku lanak eta Julen Fagoagak gibel-eskuarenak.

Argazkia: Miguel Oses

Joaquín Cebamanos eta Fernando Jalón-en xirolarruen doinura atera genuen soka. Alkatea buru zuen udalbatza belauntxingoarekin agurtu, eta sokako dantzari guztien zortzikoaren ondotik, hainbat lagun gonbidatu genituen sokara, fandango eta arin-arina dantzatzera. Dantzara animatu zirenen artean, Itziar Gomez, Esther Cremaes y Maider Beloki, Maite Esporrin eta Aritz Romeo zinegotziak. Zenbaitzuk dantzan ere trebeak direla erakutsi zuten!

Argazkia: Javier Bergasa

Kalejiran erretiratu ginen irriño eta arnasestu artean, heldu den urtean berriz ere soka korapilatzeko asmoz!