Urteko lanak plazara
Ekainaren 18an, azken urteotan ohi dugunez, Dugunako dantzarion eguna ospatu dugu dantzan Burguen plazan. Txikien eta helduen taldeak aritu gara batera, ikasturtean zehar landutako errepertorioaren lagin bat erakusten plaza mukuru bete duen ikuslegoaren aitzinean. Taldeko ttipiniek eman diote hasiera saioari. Baztango isats-dantza eta Arabako Paganos herriko Txulalai eman dituzte hurrenez-hurren, duten adinerako, txukun demonio!
Bigarren taldekoen txanda izan da ondotik. Halako entsalada bat eskaini digute haien emanaldian: Lanestosako arku-dantzarekin abiatu dira, Bourré moldeko kontra-dantza eta ingurutxoaren arteko halako nahasketa bat egin dute ondotik, eta Ostalerrak eta Hegi dantza-jauziak eman dituzte haien partearen bukatzeko. Hauek ere fin-fin aritu dira.
Hirugarren taldekoen txanda! Kortes-eko paloteadoan dantzatzen dituzten dantzetako batzuk eman dituzte hauek. Hurrenez hurren, paseoa, kortesiak, zinta-dantza sinplea, baltsa eta zinta-dantza bikoitza.
Txikien taldeko koxkorrenek eman diote akabera gaztetxoen saioari. Bitarteko erakustaldi batean, Durangaldeko dantzari-dantzako hainbat dantza eskaini dituzte bi zortzikotek. Zortzinango, ezpata-joko txikia, Banango, Binango eta Txontxongilo erakutsi dituzte. Ikusleetako batzuk adierazi dute, ageri dela handien taldera laster pasatzekoak direla dantzari gazte hauek.
Helduen taldeko dantzariek txanda izan da azkenik. Gure dantzak lugorrian utzi eta bestelako errepertorio bati koxk egin diete aspaldiko partez. Otsagabiko dantzak plazaratu dituzte, hauek ere bi zortzikoterekin, batzuk bezperako erropekin beztituak, besteak xuriz, Muskildako amabirjinaren egunean bezala. Paseoa, Enperadorea, Katxutxa, Modorro, pañuelo-dantza eta jota eman dituzte dantzari helduek.
Plazako dantza-kontuak amaituta, bazkari eder baten inguruan ospatu dugu 150 bat lagunek, ikasturte bukaera. Hor ere izan dugu dantzarik! Heldu denean, gehiago!