Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Udako ibilerak kolpe batez

Dokumentuaren akzioak

Udako ibilerak kolpe batez

Denbora arrapaladan doa eta lana pilatu zaigu uda partetik hona. Hartara, udako gure ibilerak kolpe batez azalduko ditugu hemen eta lixto!

Ekainaren 24ean emanaldia egin genuen Iruñea ondoko Mutiloa-beheiti herrian. Bertako jaien kari, eguerdian dantzatu behar izan genuen eguzkiak bere indar guztia erakusten zuen garaian, eta beraz, itzalpean izkutatu ziren ikusle gutxi batzuen aitzinean. Nafarroako eta Zuberoako dantza sorta bat eskaini genuen ordubetez.



(Argazkiak: Karlos Iriarte)

Ekaina bukatzear zen eta beraz, uztaila hastear eta uztaila hastearekin, San Fermin! Uztailaren 6an Foruen plazan dantzatu genuen Iruñeko eta Iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin batera. Lesakako dantzak eta Bateleren zortzikoa.



Uztailaren 7an, goizean goizik esnatu eta prozesioan parte hartu genuen goizean zehar. Iñigo Gartzia izan zen kapitaina eta Hasier Moreno banderaria. Ondotik, udal plazan dantzatu genuen ingurutxoa.



Astebeteren buruan berriz dantzara, zortziurrenean. Goizeko segizioan parte hartu eta ondotik, udal plazan, erraldoiekin batera eman genion akabera festetako jure dantza-jardunari. Neskek "Dominguera" jota dantzatu zuten kiliki eta erraldoiekin batera, eta ondotik, neskak eta mutilek batera, Larrain-dantza.


(Argazkia: Diario de Noticias)

(Bideoa: Ilargitxu92)

Iruñeko festetatik, Tuterako festetara. Azken urte hauetan bezala, Tuterako Beterri peñak gonbidatuta erriberako hiriburuan dantzatu genuen uztailaren 27an. Ingurutxoa, Jota eta Porrusalda, jauzi batzuk, arrimetako batzuk... eskaini genituen Tuterako karriketan barna afari eder baten truke!



Tuterako bestetatik Gasteizko bestetara. Abuztuaren 8an ordubeteko emanaldia eskaini genuen Matxete plazako taula gainean. Nafarroako hainbat dantza egin genituen. Txoko musikala erabiltzaileak emanaldia grabatu eta Youtuben hedatu zuen:





Javier Azuak 3 dimentsiotan grabatu zuen emanaldia eta beraz, betaurreko urdin-gorriak jantzi eta bertan izan bazinate bezala ikusi ahal izanen dituzue gure dantzak :-P, hemen, adibidez!

Izan ditugu emanaldi gehiago udan zehar (Batasunaren pribilejioa Iruñean, Debako euskal jaian Gure Kai taldeak gonbidatuta...), baina udaren laburpena izateko luze samar doa kontakizuna eta beste baterako utziko ditugu horiek!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.