Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Tuteran amaitu dugu dantza denboraldia

Dokumentuaren akzioak

Tuteran amaitu dugu dantza denboraldia

2023/09/08 11:35

Sanferminen ondotik indar gehienak xahutu baditugu ere, oraindik ere pindar batzuk gorde behar izaten ditugu Tuterako festetarako. Aurten ere, azken urte luzeetan bezala, Beterri peñako lagunen gonbidapena jaso dugu eta gogotik abiatu gara bertara. Udako egun sargori horietakoa gertatu zaigu uztailaren 28koa. Arratsaldeko 19:00etan, karrikara atera garenean 30 gradutik gora dira itzalean. Baina badakigu dantza ostean dutxa freskoa dugula zain beterri peñako patioan. Goazen ba!

Pixka bat berant abiatu baikara, atzekoz aurrera egin dugu beste urteetako ibilbidea, ixkin bakoitzean plantatzen diren DJak sahiestu nahian. Hartara, Herrerias kalean beheiti abiatu gara karrika-inguruan 25 dantzari itzul-inguruka, ostatuetako terrazetan ziren festazaleen harridurarako. Karrikaren erditsuan sortzen den plaza moduko batean eman ditugu arku-dantza eta zinta-dantza. 

2023-07-28_Tutera-01

2023-07-28_Tutera-02

Handik Foruen plazara abiatu gara. Hura da festetako txupinazoa pizten duten plaza, eta beraz, badu halako dotorezia berezia. Plaza zabala baita, dantza bakoitza bi zortzikoterekin eman dugu. Bi makil-txikien dantzak, makil-handiena eta brokel-dantza. Burrunban ari zen txarangaren atsedenaldiak (eta haiek gureak) probestuz aritu izan gara. 

2023-07-28_Tutera-03

Handik Gaitero tabernaren aitzineko plazatxora abiatu gara. Gaitero taberna, Carnicerías karrikan da eta izenak salatzen duenez, Tuterako gaiteroetako batek, Fernando Leon-ek, gobernatzen du. Taberna aurreari plazatxo esatea akaso gehiegikeria da. Jendez mukuru beteta egoten den karrika-gurutzean dantzatu ohi dugu, estuasun betean, ikusleak gure gainean eta ezerosoa bezain xarmagarri zaigu toki horretan dantzatzea. Egarria ere ederki asetzen baitigute, gainera!

2023-07-28_Tutera-04 

Eta Gaitero tabernako estuasunetik, San Jaime plazako penditzera. Bi talderekin aritu gara han ere, baina gure dantzek aldapa gradu bakoitza salatzen dutenez, ez dugu bukatu dantzatzen hasi garen tokian, justuki. Norbaitek, balkoi batetik bideo eder hau hartu digu bertan.

Oraindik ere karrika-inguruan egin dugu Beterri peñarainoko bidea. Karrika-inguru bat egin eta dantzariek beraiek Beste bat, beste bat! eskatu dute. Beste bat beraz, Beterriko atean berean amaitu duguna. Ondotik, dutxa freskoa, afari izugarria peñako lagunek beraiek prestatua, afalondo goxoa gaiteroek girotua eta ondotik, haiek gu dantzan ikustera etorri baitira, gu ere joan gara Raimundo el Canastero-koen kontzertua entzutera. Hortik aurrerakoak, guretako gordeko ditugu! ;)

Mila esker beste behin ere Beterri peñako lagunei, areago aurten! 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.