Dokumentuaren akzioak
Trokeo-dantzak, gitarra eta txaloen doinura
Apiril aldean jaso genuen udaldean Iruñean egiten den Flamenco On Fire jaialdian parte hartzeko gonbidapena. Dantzari eskainiko ziotela aurten eta gure taldearen 75. urteurrena aitzaki, halako elkarlantxo bat egin nahi zutela gurekin. Pepe Habichuela eta Josemi Carmona ariko zirela kitarran eta ea gu zer egiteko prest geunden. Buruari zenbait itzuli eman eta lagun zenbaitzuekin kontsultatu ondoren, iruditu zitzaigun sentzillo, , natural, zintzo eta zentzuzkoena izanen zela gure dantzak ematea eta konexioa musikaren bitartez egitea. Gure doinuak Josemi Carmonari partekatu eta berak jarriko zigun dantzarako aitzakia.
Hilabeteak pasa dira eta abuztuaren 27an, Iruñeko Kondestablearen jauregian bildu gara Josemi Carmona gitarra-jotzailearekin, Cristi Santiago eta Pescaito junior txalo-jotzaileekin eta Arturo Fernandez jaialdiko zuzendariarekin. Han aritu dira Ibai Indart, Igor Martinez eta Aitor Huarte gaiteroekin konpasak, erritmoak eta abiadurak bateratu nahian.
Zuen erritmo honek tanguilloa dirudi, horrela markatzen badugu, ongi zaizue?
Eta kodetan txaloak ere sartuko bazenituzte?
Orain gaiteroek bakarrik joko dugu, gero txalo-jotzaileekin batera, ondoko errepikapena gitarrak eta azkena denek elkarrekin, iruditzen zaizue?
Jolasean aritu gara eta jolasak libertimendua ekartzen du, gehienetan. Poliki-poliki eman diogu emanaldiari itxura.
Biharamunean Udal plazara heldu gara eguerdiak aitzin. Aurtengo sanfermin berezien ondotik, plazan dantzatuko garen lehenbiziko aldia dugu eta eguraldia ere alde jarri zaigu, eguzkitsu eta epel. Pepe Habichuela gitarra-jotzaile famatuak eman dio hasiera saioari, Soleá batekin. Ondotik gure txanda heldu da. Gure gaiteroen doinura sartu gara jende saldoak eraiki digun plaza zabalera. Ondotik, bata bestearen ondotik eman ditugu Xenpelarrena makil-txikien dantza, ezpata-brokelena eta zinta-dantza.
Josemi Carmonak egin ditu dantza bakoitzaren aurreko deiak, gitarrarekin eta ondotik, gaitek, danborrak, txaloek eta gitarrak haien parte hartzeak txandakatu dituzte. Doinu batzuek besteek baino gehiago, baina denek hartu dute estetika berri berezi bat Josemi, Cristi eta Pescaitoren eskuetatik. Emanaldia hainbestean joan da, errepika bakarrarekin zer nahi genuen bada! Eta horrekin pozik. Baina arantzatxoa geratu zaigu sartuta, beste itzuli pare batekin, topaketak kolore ederragoa izan baitzezakeen. Tira!
Josemi Carmonaren eta Pepe Habichuelaren beste doinu batekin bukatu da saiotxoa. Gaz Kaló elkarteko lagunek Sabicas gitarra-jotzaile iruindarra gogoratzen duen zapi gorria jantzi digute Habichuelari eta guri eta besarkada sentitu batez zigilatu dugu elkarlana. Lankidetzatxoaren oroitzapen goxoa geratuko zaigu etorkizunean. Izan ere, oso jende gertuko eta gozoak izan baitira gurekin Josemi, Pepe, Cristi, Pescaito eta enparauak, ospe handiko artistak izanik ere!
Flamenkoarekin eta munduko beste hamarnaka tradizio eta eskolekin bateragarriak dira gure dantza eta doinuak. Euskal Herrikoak izateaz gainera —hau argitu behar izatea ere!— unibertsalak ere badirelako!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05