Taldeko 7 belaunaldi eszena berean dantzan

2025/06/04
Taldeko 7 belaunaldi eszena berean dantzan

Kaleko dantza taldea da gurea, baina noizbehinka eszena gainean dantzatzeari ez diogu muzin egiten. Hartara, joan den urriaren 26an, Dugunako zazpi belaunaldi ezberdinetako dantzariak elkartu gara Baluarteko Ganbera Aretoan, taldearen 75. urteurrenari segida emateko. Hala, ordu t'erdiko tartean, taldea izan denaren lagin bat ikusi eta entzun ahal izan dugu oholtza gainean, filma kronologiko batean bezala.

Argazkia: Iñaki Tristan

Emanaldiak hainbat momentu hunkigarri izan ditu, haste beretik. Taldeko dantzari beteranoenak soka-dantzan sartu dira eszena gainera Ane Zabala eta Itziar Gonzalez egungo dantzariek gidaturik. 80 eta 90 urteko dantzariek erakutsi dute, gorputza dohain fisikoak galtzen doan heinean, dotoretasuna dela geratzen zaigun bertutea. Anek eta Itziarrek belauntxingoa dantzatu dute guztioi agur gisa eta 1950 eta 1960ko hamarkadetan taldean aritutako dantzari horiei egindako omenalditxoaren ondotik, emanaldiak aurrera egin du.

Argazkia: Iñaki Tristan

Argazkia: Iñaki Tristan

1970eko hamarkadakoen txanda izan da ondotik. Emakumezkoak batetik, gizonezkoak bestetik. Axuri Beltza eman dute lehenbizikoek eta Otsagabiko dantzak bigarrengoek. Bakoitza bere garaiko maneran.

Argazkia: Iñaki Zugasti

Argazkia: Iñaki Tristan

1980ko hamarkadako dantzariek Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza eman dituzte. Poliki-poliki, eszena gainean ikusten joan gara Argia dantzari taldeak guregan izan duen eragina ez dela azken 20 urteetako kontua baizik —1970ko hamarkadan bersortu baitzituzten bi dantzok Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik, besteak beste—.

Argazkia: Iñaki Tristan

Izan ere, 1990 eko hamarkadakoek Nafarroa Behereko dantzak eszenaratu dituztenean konturatu baikara Argiak bere garaian aurkeztutako dantza segida berbera egin izan dugula guk ere hamarkadetan eta baita Baluarten berean ere.

Argazkia: Iñaki Zugasti

2000ko hamarkadako dantzariek Gipuzkoako dantzak eman dituzte ondotik. Hauek aspalditik ikasiak baina 2000ko hamarkada horretan Argiako Iñaki Arregirekin finduak. 

Argazkia: Iñaki Tristan

Azkenik, gaur egungo dantzarien txanda Zuberoako dantzen sorta bat eskainiz eta ondotik, sanferminetako trokeo-dantzak plazaratuz.

Argazkia: Iñaki Tristan

Argazkia: Iñaki Tristan

Azken hauek ondotik taldeko txikiek eman dute ezpata-dantza ere, urteotan Argiarekin ikasitakoaren ondorio, besteak beste.

Argazkia: Iñaki Tristan

Azpimarratzekoa izan da taldeko musikarien lana, belaunaldi bakoitzak eman dituen dantzen doinuak modu berezi eta zoragarrian prestatuz eta emanez.

Argazkia: Iñaki Tristan

Emanaldiko egun berean zein aurreko asteetako prestaketetan talde giro berezia antzeman dugu. Azpimarratu beharra dago taldetxo bakoitzak zenbateko ardura eta mimoarekin prestatu duen bere parte hartzea. Bakoitzak jarritako aletxoak eman dio osotasunari lustre berezia. Eta salan bildutako ikusleek berotasuna itzuli diete dantzariei. Finitzeko, berriz ere dantzari guztiak —eta ikusleetako batzuk ere— igo dira oholtza gainera eta Muxikoak dantzatuz eman diogu amaiera ekitaldiari.

Argazkia: Iñaki Zugasti

Argazkia: Iñaki Tristan

Bukatzean denok izan dugu buruan idea beretsua: urte guztian zehar sakabanatutako ekitaldiek belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko izan duten gaitasun berezi hori nola iraunarazi urteurrenaren aitzakiarik gabe. Zalantza airean geratu bazaigu ere, Baluarteko emanaldi berezia merendu eder baten inguruan ospatzera joan gara. Zubiak eraikitzen segitzeko!