Dokumentuaren akzioak
Soka-dantza bat Palestinaren alde

2024ko Txupinazoa piztuko genuela jakin zenean, Yala Nafarroa Palestinaren aldeko plataformako kideak gurekin harremanean jarri ziren, milaka pertsonek ikusten duten momentu hori Palestinako herriaren aldeko keinutxo bat egiteko erabil genezan. Haiekin bildu ginen, lehen eskutik jaso genuen batez ere Gazan gertatzen ari zenaren berri eta keinutxoa egin-egin genuen. Gure hiru ordezkariek Palestinako banderaren txapa bana eraman zuten paparrean eta Seminario etxeko balkoian ere eskegi genuen bandera beltz-zuri-berde-gorria.
Gerora, keinua txikixeegia izan zen marmarra geratu zaigu gogoan eta beste zerbait ere egin behar genuela pentsatu izan dugu. Hartara, aurtengo San Juan bezperako soka-dantzara Yala-Nafarroako kideak gonbidatzea deliberatu dugu. Gainera, ondotik, jakin dugu haiek piztuko zutela 2025eko txupinazoa, beraz, halako lekuko-pasatze gisa ere ederra iruditu zaigu ekimena.
Santa Ana plazara bildu gara arratsaldeko 19:15ak inguruan eta 19:30etan ttanko, abiatu du Haizea Ruizek 32 dantzariz osatutako soka. Plaza agurtu eta ohiko zubiak egin-eta, belauntxingoa dantzatu dute Haizeak eta Iharte Haranburu azkendariek.
Elkar agurtu ondoren, Axeri-dantza egin dute dantzari guztiek banan-bana, txistularien desesperaziorako😅. Dantzari bakoitzak, Nafarroako taula gimnastiko-koreografikoko urratsetatik hautaketa eginda, bere aldaera edo zortziko berezkoa atontzen ohi du momentu horretarako. Batzuk xinpleago, besteek loratuago, dantzarien arteko dantzakera ezberdinak apreziatzeko balio du Axerii-dantzak. Bukaeran, dantzari guztiek elkarrekin dantzatu dituzte Ai Ixabel doinuaren puntu guztiak.
Axeri-dantzaren ondotik, sokara gonbidatu ditugu Yalako kide Lidon eta Luisa. Haizeak eta Ihartek belauntxingoa dantzatu diete agur eta ohore gisa. Eta zapi trukaketa egin dugu, San Fermin festa bezperetan gaudezen gero. Dugunakoa eman diegu guk eta Yalakoa eman digute haiek.
Gonbidatu nagusiak ohoratuta, gainontzeko gonbidatuak ere sarrarazi ditugu sokara, eta haiei ere dantzatu diegu belauntxingoa. Horren ondoren, inguru-txikia eta inguru-handia egin ditugu bikoteka, habanera eta fandangoan ere arituz.
Hautsa harrotu duen karrika-ingurua eginez akabaera eman diogu aurtengo soka-dantzari, Palestinan pairatzen ari direna gogoan. حرروا فلسطين
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Kezka dantza taldea on Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.