Sarrigurengo festetan dantzan
Eguesibarko herri txiki bat zen Sarriguren garaian. Egun, Iruñea inguruan ohikoak diren logela-auzo erraldoia da. Baina poliki-poliki ari da bizi pixka bat hartzen, bertan bizi diren auzokide gazteen ekimenari esker. Esaterako festak ospatzen dituzte ekaina erdialdean eta iaz gure dantzaldia sartu zuten jaien egitarauean. Sarrigurenera ba!
Hego haize zakarrak eta aldizkako euri zaparradek, karpa hotz baten gerizpean dantzatzera behartu gintuzten. Emanaldia goiz samar zen gainera, 17:00etan edo -aintzat hartuz bazkaria izan zutela Sarrigurendarrek- eta jende gutxi bildu zen hasieran.
Otsagabiko dantzak eta Jaurrietako Axuri-beltza egin genituen hasteko:
Hainbat dantzari gaztetxondako debut gisa balio izan zuen emanaldiak. Zaraitzuko ibaxetik mendebaldera eginez, Baztan aldeko zenbait dantza egin genituen ondotik: Arizkungo sagar-dantza, Xerri-begi mutil-dantza eta Baztango zortzikoa:
Ekainaren 14a zen eta berehala gainean genuen San Juan bezpera eta San Juan bezperarekin soka-dantza. Beraz, memoria eta giharrak olioztatzen joateko San Juan bezperako soka-dantza ere erakutsi genien poliki-poliki - segur aski kanpoko euriaren eraginez- karpa betetzen ari ziren lagunei.
Emanaldia bukatzeko Zuberoako aitzindarien dantzetako batzuk ere eman genituen: Barrikada jaustea, Arribada, Ostalerrak, Gabota, Godalet-dantza eta fini.
Jende kopuru duhintxo bat bildua zenean karpan, amaitu genuen saioa. Heldu den udaberriko ere gogoz geratuko al ziren Sarrigurenen? Edozein gisaz, hilabete beteak genituen aurretik eta puskak bilduta etxera joan ginen atseden hartzera!







