Sansaturnino eguneko kronika

2016/12/15
Sansaturnino eguneko kronika

Iruñea noizbait Iruñea bada, negu parteko egun eguzkitsu baina hotzetan dela dio Miguel Sanchez Ostiz idazleak. Oraindik negua izan gabe ere, halako eguraldia tokatu zitzaigun, joandako azaroaren 29an, Sansaturnino egunez, gure hiriaren egun handi(et)a(ko bat) ospatzeko. Iruñea inoiz baino Iruñeago, beraz.

Horrek ospakizuna aski berezi bihurtuko ez balu, gure taldearen sorreraren urteurrena ere zelebratzen dugu egun horrekin. Aurten 67garrena -edo 68garrena. Oraindik ez dugu garbi-.

Argazkia: Diario de Navarra

Argazkia: Iñaki Zugasti

Festa-jantzi ederrenak janzten ditu Iruñeak halakoetan: erraldoi eta kilikien konpartsak hartzen ditu Sanzerninen burguko karrikak, eta haien atzetik dantzari, txistulari, turuta eta tinbal-jole eta udaleko ordezkariek promenatzea egiten dugu, txintxo-txintxo. Momentu batean meza ere izaten baita, guk hamaiketakoa hartzen dugu orduantxe eta pasealdiaren azken tartearen ondotik, dantzatzea egokitzen zaigu udal plazan, horretarako sortu gintuzten-eta!

Argazkia: Diario de Navarra

Argazkia: Iñaki Zugasti

Aurtengo Sansaturnino eguneko prozesioan hainbat aurpegi berri ikusi ahal izan ditu so-egile zorrotzak. Izan ere, iraila partean nagusien taldera pasa diren hainbat dantzari gaztetxok jantzi zituzten lehenbizikoz korporazio jantziak, eskubide osoz.

Segizioa bukatu eta erraldoien haien balts dotore horietako bat dantzatu bitartean arropaz aldatu ondotik, Cortes-eko paloteadoko zenbait dantza egin genituen gaitarien konpasari jarraikiz: paseoa, baltsa, zinta-dantza bikoitza eta jota. Gazte jendeak ere bidea behar baitu, bi zortzikotek jokatu zituzten dantzok. Haien jenio eta talentua plazan erakutsita, arropaz aldatu eta bazkaltzera abiatu ginen, gure urtebetetzea ospatzera.

Argazkia: Hasier Moreno

Argazkia: Iñaki Zugasti

Argazkia: Hasier Moreno

Bazkalburuan ere dantza dezente egon zen, genero guztietakoak.

Iñaki Zugastik eta Hasier Morenok hartutako argazki ederrak ikusi nahi izatekotan, hementxe berean:

2016-11-29 Sansaturnino eguna