Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanferminak 2025

Dokumentuaren akzioak

Sanferminak 2025

Sanferminak 2025

2027-07-14. Zinta-dantza Iruñeko Udal plazan. Argazkia: Malko

Iazko San Fermin festa zirimolatsuen ondotik, berriz ere ohikotasunera itzuli gara aurten. Hartara, uztailaren 6an Foruen Plazako emanaldian parte hartu dugu berriz, Iruñea eta iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin batera. Ahantziak genituen nostalgikoen kantuak eta emanaldiaren zurruntasuna bera ere. Aurtengo hautatua izan de errepertorioa izan da, batetik, Otsagabiko dantzak eta bestetik, Lapurdiko inauteriko dantza sortatxo bat.

Otsagabiko dantzetan, Paseoa, Enperadorea, Dantza, Modorro, Pañuelo-dantza eta jota eman ditugu, dantzariak bi otxoteetan banatuta. Oihan Urrizolak eta Ane Alzorrizek egin dituzte Boboaren edo erakuslearen papera.

2025-07-06_Foruen-plaza_01

2025-07-06_Foruen-plaza_02

Lapurdiko dantzak emateko, Beskoitzeko ereduan oinarritu gara gu, jantzietan zein dantzakeran. Dantzari guztiak jantzi gara Kaskarotez, uste baitugu, hori dela inauterietako pertsonaia nagusia eta beraz, dantzari guztiei —neskei zein mutilei— dagokiela errol nagusi hori jokatzea. Kaskarot-martxa, Marmutx, Sinple, Zapatain-dantza eta kontra-dantzak eman ditugu. Kontra-dantzetarako, ikusle jendea gonbidatu nahi genuen gurekin dantzara, esaterako, soka-dantzetan edo Libertimenduetan ohikoa den bezala. Lasako 1950eko dantzaldietako eredu askea ekarri nahi genuen Foruen plazara, baina antolakuntzatik ez digute hori egiterik utzi (hasperen).

Orotara 41 dantzari aritu gara Foruen Plazako emanaldian.

2025-07-06_Foruen-plaza_04

2025-07-06_Foruen-plaza_03

2025-07-06_Foruen-plaza_05

2025-07-06_Foruen-plaza_06

Uztailak 7, egun handia

Foruen plazako emanaldiko tramitea atzean utzita, biharamunean, ohi denez, logurez eta erdipurdiko gorputzaldiarekin heldu gara Iruñeko Udaletxera entzierroa bukatu eta berehala. Korporazio jantzia jantzi eta geroko trokeo-dantzetakoa ongi prestatu eta Udaletxeko atarira jaitsi gara, prozesioa abiatzeko gertu —izan ere, San Fermin eguneko prozesioa Herriko etxetik abiatzen baita, ez inongo elizetatik, segizioaren alde zibila argi utziz—. Klarin, dunbal eta txistu doinuekin abiatu eta Iruñeko parte zaharreko karriketan barna gora eta behera ibili gara. 

2025-07-07_Prozesioa-01
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

2025-07-07_Prozesioa-02
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

 Shanti Diazek egin ditu buruzagi lanak eta Adriana Ilzarbek banderariarenak. 

Goiz guztia kalean gora eta kalean behera, jota han eta jota hemen pasa ondotik, hamaiketakoarekin heldu zaigu indarrak berreskuratzeko unea. Tripa betearekin egin dugu San Lorenzotik katedralerainoko bidea eta berriz Udaletxera buelta. 

Han, Trokeo-dantzak eman ditugu, ohi bezala, hiriaren omenez. Aurten gainera, gure emanaldia festetako egitarau ofizialean aipatua izatera itzuli da, hamarkadetako omisioaren ondotik. Karrika-ingurua, Makil-txikiena, Makil-handiena eta Arku-dantza eman ditugu eta bukatzeko, uztailaren 7ro bezala, giza dorrea eraiki eta plazan bildutako guztiak goratu ditugu, dorrearen puntaren puntatik.

Uztailak 8, txikien ezpata-dantza

Meniarik ez dute ematen sanferminek lehenengo egunetan eta hirugarren egunez jarraian atera gara karrikara. Kasu honetan gure dantzari txikien ezpata-dantzarekin. Lagun gonbidatuak ere izan ditugu. Aurrekoetan bezala Eibarko Kezka dantza taldeko dantzari gaztetxoak heldu zaizkigu Iruñera, Durangoko Kriskitinekoekin batera, oraingoan. 

Alde zaharreko karrikak kalejiran kurritu dituzte eta zenbait plazetan geldituz, ordu laurden inguruko emanalditxoak egin dituzte horietako bakoitzean. Esan bezala, gureek sanferminetako ezpata-dantza eman dute, Kezkakoek Arrateko dantzen aleak eta Kriskitinekoek Bizkaiko hainbat dantza ere.

2025-06-08_Txikiak-01

2025-07-08_Txikiak-03

2025-07-08_Txikiak-02

2025-07-08_Txikiak-04

Ondoko egunetan ere izan dugu zer egin. Erraldoiak errezibitu, Duguna eguna, eta beste, baina ez dira izan hasierako hiru egunak bezain intentso. Hartara, uztailaren 14ra arte, piszinara joateko denbora ere izan dugu, pentsa!

Uztailak 14. Bukatu da, akabo!

Baina sanferminak nekez etortzen eta bizkor joaten diren festak dira eta konturatzerako, zortziurrenaren eguna ere heldu zaigu, gure obligazioen azken eguna. Segizio motzxeagoa egin dugu eta hartara, lehenago heldu zaigu hamaiketakoaren denbora. Zinez eskertu dugu hori, gauden datetan. Eguerdi t'erdietarako Herriko Etxearen atarian gara berriz Udalbatzari arkua egiten.

2025-07-14_Zortziuerrena-01
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

Trokeo-dantzak eman aurretik, oraindik egin beharreko bat dugu. Ohikoa denez, uztailaren 14ko segizioaren ondotik Udal gaiteroek eta Pamplonesa musika bandak 'Dominguera' jota eman ohi dute, erraldoiek, kilikiek eta gure dantzariek dantzatzeko Mari Ganuza Senosiainek koreografiaturik. Mari Ganuza, 30 bat urtez Iruñeko erraldoien konpartsako kide eta lehendakari izandakoa, aurten zendu da, behar baino gazteago. Dantzatu bitartean, bera izan dugu gogoan, gure taldearendako ere lagun eta erreferente handi eta gertukoa izan baita azken hamarkada luzeotan.

Orain bai, trokeo-dantzak emateko ziztuan arropaz aldatzera. Brokel-dantza dantzatzeko arduradunak prest dira, besteak Udaletxeko atarian zer-nola arropak eranzten eta janzten dituzten bitartean. Noizbait zuzenduko ote dugu estres antzu hau!

Karrika-inguruarekin irten gara blazara eta eman ditugu hurrenez-hurren Brokel-dantza, Makil-handiena eta Zinta-dantza. Mingrana barruko usoaren hegaldiak adierazi digu sanferminak hegalei eraginez badoazkigula.

2025-07-14_Zortziuerrena-02

2025-07-14_Zortziuerrena-03
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

2025-07-14_Zortziuerrena-04
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

2025-07-14_Zortziuerrena-05
Argazkia: Malko

 Oraindik ere arratsaldean, kulturen arteko Mazedoniaren bukaeran, soka-dantza egin dute Maialen Indakoetxeak eta Ainara Ranerak, Enneko Ganboaren txistuaren doinura. Eta honekin bai, gutxiago falta da 2026ko sanferminetarako!

2025-07-14-Mazedonia-01

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.