Dokumentuaren akzioak
San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2025

Urteko datarik berezienetakoa dugu San Fermin txikietako igandearena. Egun horrekin ateratzen dugu kalera gure ezpata-dantza. Berezitasun horren neurria ematen digute, aurtengorako izena eman dute 70 lagunek. Ezingo baititugu Iruñeko karrikak eta plazak zabaldu, ezin izan diegu dantzari guztiei atsegin eman. Alta, ahalik eta ezpata-dantzari kopuru handiena plazaratzen saiatu gara. Horretarako bi berrikuntza txertatu dizkiogu aurtengoan segizioari: arku-dantzariak eta zaldikoa.
Esan izan digute gure ezpata-dantza oso martziala gertatzen dela zenbaitzuetan, karrika-inguruko urrats mailukariaren eta txintxarri arrabots errepikariaren ondorioz. Horregatik, arku-dantzariek kaos eta anabasa zerbait ekarri diote herensuge zuri-gorriari. Zaldikoa, aldiz, zaldiko: tarteka ordenua jartzen baina hein berean, ikusleak —eta dantzariak— zirikatzen.
Ezpata-dantzariak Arrotxapeko zubira jaitsi garenerako jendez mukuru betea da ingurua. Shanti Diaz banderaria zubiaren erdira hurbildu denean ixiltasuna egin da. Leire Retegi, Axun Ezkurra eta Ainhoa Gonzalez aurtengo bost txistulari gonbidatuetatik —Aitor Urkiza eta Julen esparza izan dira beste biak— hiruren txistu hots gozoek bakarrik urratu dute ixiltasun hori. Txistu hots gozoek eta bandera berdearen kulunkak. Bandera azpiko lasterraldian bi erreken gainetik egin dugu korrika. Bata Arga ibaia, eta bestea Iruñeko Udal garbitzaileek mangerarekin sortutako turrusta asekaitza. Hasterako, 63 espartin pare urez blaiturik.
Ekin diogu aldapan gorakoari. Ezpata-dantzari tropela ordenean, arku-dantzariak haien gibelean. Tarteka arku-dantzari taldetxoa ilara bakarrean lerrokatu dira eta sigi-sagan aritu dira jende artean, lagun batzuk ere setiatuz. Zubiak eginez San Ferminen murru-hobira heldu gara eta han, Itziar Gonzalez, Maialen Indakoetxea, Inhar Torres eta Aitor Puig ezpata-txikiek eta Aritz Ibañez buruzagiak belauntxingoa dantzatu dute. Segituan, trostan-trostan San Fermin Aldapakoaren kaperaraino. Iritsi eta berehala, arku-dantza eman dute arku-dantzariek. Gero, piperropil eta moskatelarekin bildu ditugu aldapan gora xahututako indarrak.
San Ferminen irudia karrikara atera dute halako batean. Piperropila eskaini dio Maier Ganboa gure zerbitzariak eta ezpata-txikiak eta buruzagia lanean jarri ditugu beste behin ere. Horrekin hasi da segizioa. Ohiko ibilbidea egin dugu Nabarriako burguaren karrika zaharretan barna: Maiatzaren bia, Karmen, Aldapa, Jauregiko Aldapa, Mañueta, Kuria, Nabarreria eta berriz gibel-itzuli, Aldapako kaperaraino. San Ferminen irudia bere estalpera itzuli denean Udal Plazarako bidea hartu dugu.
Heldu garenerako plaza mukuru betea da, guretako plaza ederki biribildurik. Hala ere, tropel handia baitakarkigu Angel Leza boboa eta Aniana Alfaro lantzaria arduratu dira, ikusleei atzeratu daitezela esanez, plaza zabaltzeaz. Hala ere izan dugu saltatu beharreko trabarik plazari emandako lehen itzulian. Ezpatekin ganbarak eraiki ditugu eta ezpata-txikiak pasa dira haien azpitik. Arku-dantzariak plaza gibelean kokatu dira, eremua zainduz. Eta atabalaren tarrapata hadi da orduan eta horrekin arrosa ehuntzen hasi dira ezpata-dantzariak. Hogeigarren puntuan arrosaren inguruko katenaria osatuko duten ezpata-dantzariak ere sigi sagan hasi dira plaza guztia mugimenduz betez. Arku-dantzariak ere atera dira plaza erdira eta arrosaren inguruan beste kate bat ere eratu dute. Arrosako azken dantzariak bere ezpata behititu duenean, gainontzekoek ere haien mugimenduak izoztu dituzte modu sinkronizatuan, haiek ere haien ezpatak edo arkuak jaitsiz.
Shanti Diazek berriz ere xuxurlarazi du bandera plaza ikusleen begirada arretsuen aitzinean. Bukatu duenean, ezpata-txikiek goizeko hirugarren eta azken belauntxingoa dantzatu dute, plazako lau bazterretara. Bukatu dutenean, erroteria guztia desegin eta berriz ere hasierako lau lerroetan kokatu gara 63 ezpata-dantzariak. Modu honetan abiatu dugu etxerako buelta.
Udal plazakoa bukatuta, beste giro batek hartzen du gure segizioa, erlaxtuagoa-edo. Mañueta karrikan banderariak bandera astindu du peñakideek haien pankartak nola. Eta Bidadorren zubia egin dugu Mañueta karrikak azoka-zaharraruzko bihurgunean hartzen duen tokian. Zubi bat gutxi irudi eta bi zubi egin ditu buruzagiak. Lehenengotik onik ateratakoak ginen eta bigarrengoan berriz kateatu zaizkigu ezpatak. Heldu den urtean beharko du!
Behin gure egoitzara heldu garelarik, Maier Ganboa zerbitzari prestuak eta Aritz Ibañez buruzagiak belauntxingoa dantzatu dute atari parean. Arku-dantzariek bigarren aldiz egin dute arku-dantza eliza atarian eta ezpata-dantzari eta gonbidatuen soka-dantzarekin amaiera eman diogu orain arteko ezpata-dantzarik nunbre-handikoenari.
Eguraldiak ostera ere errespetatu gaitu eta beste behin, goizaldi zoragarri batez gozatzeko parada izan dugu.
Heldu den urtean berriz!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Kezka dantza taldea on Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.