Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak San Fermin Aldapakoaren dantzak 2011: kronika

Dokumentuaren akzioak

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2011: kronika

2012/09/12 17:30

Udazkenarekin bat helduko zaizkigu aurten ere San Fermin Aldapakoaren dantzak. Horretan pentsatzen ari ginelarik ohartu ginen iazkoaren kronika eta argazkiak zorretan genituela oraindik eta, hona zor hori kitatzeko saiakera, idazki honekin.

Irailaren 25arekin (San Fermin aldapakoaren egunez, beraz) egokitu zitzaigun dantzak karrikaratzeko hirugarren aldia.



Ohizko talde-argazkia egin ondotik, eguzkia lagun, Arga ibaiaren uren gainean dantzatu zuen Angel Lezak Iruñeko bandera. Arga ibaiaren uren indarra bildu eta dantzari guztiak babestu zituen banderaren azpiko korrikaldiak. Indar horrekin ekin genion eguneko gure jardunari.





Alde zaharreruntzko bideari ekin eta Santo Domingo aldapan geldiunea egin genuen kapitainek haien belauntxingoa dantza ziezaioten San Fermini. Eder Gartziak, Julen Fagoagak, Amaia Irigoienek eta Iñigo Gartziak bete zuten lan hori.



Handik San Fermin Aldapakoaren elizara igo ginen, prozesioa noiz hasiko zain. Piperropil eta moskatel dastaketarekin, pattarran gora xahututako indarrak bildu genituen berriz. Eguerdi aldean atera zuten San Fermin Aldapakoa bere kaperatik. Iñaki Tristan zerbitzariak piperropila eskaini zion eta ondotik, berriz ere kapitainek eta buruzagiak belauntxingoa dantzatu zuten irudiaren aitzinean.



Prozesioa Nabarreriako karriketan barna lagundu eta udal plazan bertaratu ginen 13:00ak aldera. Han ezpatak gurutzatu, buruzagia goratu eta banderak bere baitan zuen uraren babesa zabaldu genuen herriko plazan, kapitainek bere azken belauntxingoa dantzatu aitzin.





Udal plazatik, dantzarion egoitzarako buelta. Han Iñaki Tristan zerbitzariak eta Aritz Ibañez buruzagiak haien belauntxingoa dantzatu zuten.



Orain artekoetan horrekin bukatzen ohi zen protokoloa, baina ezpata-dantzaren ostean, irradaka estreinatu genuen hirugarren karrikaratzearekin bat. Dantzari, txistulari eta plazer izan zuten lagunek eskutik hartuta dantzatu eta kantatu genuen San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinean, Isabel Abarzuza, Irene Barca eta Jesus Trincado-ren sokako musika-tresnen doinupean.





Irradakaren azken koplak dioen bezala, hurrengo urtean (egun gutxi barru) berriz!!!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Duguna - Iruñeko dantzariak

Duguna - Iruñeko dantzariak

Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.

 

Duguna - Iruñeko dantzariak

Maiatzaren 2a karrika, 9 behea

31001 - Iruñea

Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus