Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak San Blas eguneko soka-dantzak iragarri digu inauteria

Dokumentuaren akzioak

San Blas eguneko soka-dantzak iragarri digu inauteria

2025/09/12 10:35
San Blas eguneko soka-dantzak iragarri digu inauteria

Argazkia: Malko

2024ko otsailaren 3an hainbat hari korapilatu ziren eta buruak klik egin zigun. Egun horretan San Blas eguneko soka-dantza egin genuen, baina ordu berean kalez-kale aritu ziren Iruñeko kauteroak eta San Lorenzoko dantzariak inauteria iragartzen. Asteburu horretan berean izan genuen Iruinkokoaren aurreko azken errepika. Hor bazen zerbait.

Jakina da, inauterien data ilargi faseen arabera aldatzen dela urtero:

  • Aste santuko Berpizkunde Igandea, udaberriko lehen ilargi betearen ondoko igandean izaten da. 
  • Ilargi bete horrek martxoaren 21ean izan dezake bere datarik goiztiarrena.
  • Hausterre asteazkena Berpizkunde Igandea baino 46 egun aurretik (40 egun eta 6 igande) kokatzen da.
  • Hartara, inauteri astearte goiztiarrena 47 Berpizkunde Igandea baino 47 egun aurretik izanen da, eta bere data goiztiarrena otsailaren 3koa izaten ahal da. San Blas eguna.

Ez da txiripa, beraz, otsailaren 2an Kandelario egunez, hartza bere lozorrotik atera dadin eta deliberatu dezan oraindik ere negua luzatuko den edo ez, eta beraz, inauteriaren data zein izanen den. Errebelazio hori izan-eta, patuak oraindik ere gehiago nahi zuen.

Urte horretako Eibarko Koko-dantzetan Thierry Truffaut antropologo lapurtarra ibili zen bisitari eta baserrietan San Blas opilak eman baitzizkieten haien kantu eta dantzen trukeko opari, Truffautek San Blasi buruzko hainbat istorio eder kontatu zizkien Kezkako lagunei. San Blas opilek —edo erroskilak, Iruñean anisa daramate, eta jakina denez, anisa digestibo ona da, bereziki puzkerrak ateratzeko. Otsailaren 2an, hartza esnatzen delarik, puzkerra botatzen omen du eta Truffautek puzker hori San Blas opilarekin lotzen zuen.  'Blasen' alemanez, putz egin edo berpiztea omen da, eta inauterietako hainbat jokotan heriotzaren ondoko berpiztea —bizar-dantzan edo Pitxuren kasuan— putz eginez lortzen dela. 

San Blas dekapitatu hil omen zuten, bizar-dantzako bezeroa —eta beraz, hartza— bezala. Finean, San Blas hartza bera litzateke Trufauttendako.

Bueno, bueno... halako kontu interesgarri eta ederrekin, nola utziko genuen bada gure soka-dantza zegoen horretan? Hartara, aurtengoan beste kutsu bat eman nahi izan diogu San Blas eguneko gure dantzari, inauteriaren iragarle. Puzker baten ondotik piztu da gure Juan Martin hartza eta hartza-zainak lanak izan ditu San Nikolas plazatik Sarasate pasealekurainoko bere oldarraldiei eusten.

2025-02-03_San-Blas-01
Argazkia: Cristobal Puig

Dantzariak maskaturik eta koloreetako zapiak buruan irten dira plazara.

2025-02-03_San-Blas-02
Argazkia: Malko

2025-02-03_San-Blas-03
Argazkia: Malko

Bittori Elizaldek egin ditu aurresku lanak eta Adriana Ilzarbek atzeskuarenak. 22 dantzariz osatutako sokari tira egin diote. Hartzak ireki die bidea San Migel kalean pilatutako jendetzaren artean eta Sarasate pasealekura behin sartuta, ohiko zubiak egin dituzte sokaren buruan eta buztanean. Puntu erdiko arkuaren itxuran kokaturik, belauntxingoa egin gute Bittorik eta Adrianak.

2025-02-03_San-Blas-04
Argazkia: Malko

2025-02-03_San-Blas-05
Argazkia: Malko

Dantzari guztiak soka burutik pasata, Axeri-dantza dantzatu dute ondoren eta poliki-poliki, gonbidatuak sartu ditugu sokara. Hasteko, aurresku eta atzeskuarenak, eta ondotik, gainontzeko dantzari guztiena. Dantzari bakoitzak bere gonbidatuari belauntxingoarekin agur egin dio eta ingurutxoaren bi parteak dantzatzeari ekin diote gero. Ingurutxoarekin iratzarri egin zaigu Juan Martin hartza eta berak ere nahi izan du dantzatu, bere suhartasunak jendearen kontra oldartzera bultzatu badu ere. 

2025-02-03_San-Blas-06
Argazkia: Malko

2025-02-03_San-Blas-07
Argazkia: Malko

2025-02-03_San-Blas-08
Argazkia: Malko

Karrika-dantzan amaitu dugu inauteriak iragarri nahi izan dituen soka-dantzan. Behin bukatuta, San Blas erroskila bana oparitu diete dantzarien haien gonbidatuei. Ondoko oheko mantapeko giroaz, ez diegu galdetu, badaezpada!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.