Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdian
Berastegiko emanaldia egin eta bi egunera berriz ere tramankuluak hartu eta Bizkaia aldera abiatu gara oraingoan. Elai-Alaiko lagunek haien Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 50. aldia ospatuko dute eta bertara gonbidatu gaituzte. Esan bezala, guretako data bitxiak izanik ere, badira ukatu ezin daitezkeen emanaldia, eta hau horietako bat da.
Aste tartez egokitu da uztailaren 22a —asteartea— eta hartara, gure dantzari gehienak oporretara joanak edo biharamunean lan egin beharretan dira. Iruñetik berandu abiatu gara eta tenorea pasata arribatu gara Portugaletera. Ez dugu galtzeko denborarik, beraz. Autobusa deskargatu, soinu-froga egin, bitartean dantzari jantziak beztitu eta gure txandaren zain geratu gara. Mexikoko eta Zelanda Berriko taldeekin partekatuko dugu oholtza. Haiek dantzatu-eta, gure txanda izanen da.
Zelanda Berrikoen kantakerak harritu gaitu, dena emanda, Zuberotarren hauspoa ekarri digute gogora. Mexikokoen musika eta kantu ezagunek, aldiz, gu jarri gaituzte kantan, pasa berri diren sanferminen oroitzapenak piztuz —Pero sigo siendo el reeeeeeeeeeey...—.
Halako batean gure txanda heldu da. Aurkezleak gure giza dorrea baino gorago jarri du gure ospea. Orain espektatibak bete behar, gñe! Behin oholtza horretara aterako eta gure Trokeo-dantza guztiak erakutsi nahi izan ditugu Portugaleten. Bi makil-txikien dantzak, makil-handiena, arku-dantza, ezpata-brokelena, zinta-dantza eta giza dorrea.
Dantzari eta gaiteroak goratu ditugu dorrearen puntatik —Igor Martinez, Lamine Diabate eta Aitor Huarte aritu dira musikan— Iruñea, Ana Ibarra eta bertaratutako guztiak ere bai. Modu horretan eman diogu akabaila Portugaleteko gure emanaldiari.
Elai-Alaiko lagunak eskertu nahi ditugu haien gonbidapenarengatik, opariengatik eta tratu goxoarengatik. Nahi duzuen arte!