Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak ...ozenki esan dezagun, eskerrik asko Bidador!! (Barañain, Gotaine eta Bilbo: kronika hirukoitza)

Dokumentuaren akzioak

...ozenki esan dezagun, eskerrik asko Bidador!! (Barañain, Gotaine eta Bilbo: kronika hirukoitza)

Sarrera honen bitartez Bidador pastoralaren prozesuari akabera eman nahi genioke. Egun baterako proiektu gisa abiatu zen pastorala -2015eko urriaren 10eko emanaldi hartarako-, baina handik 5 bat hilabetera beste 3 emanaldi heldu ziren, martxoan eta apirilean. Haiek ere egin genituela jasota gera dadin, sarrera hau beraz.

Urriaren 10etik ukitu gabe genuen pastorala. Hala ere, martxoaren 19ko Barañaingo auditoriumeko emanaldiaren aitzineko bi entsaioetan argi geratu zen arizaleek ez zutela zainik galdu. Areago, askoz barneratuago zituzten pertsonaiak eta Burgoen plazan bezain dizdiratsu defenditzeko gai ziren. Hala, zenbait ukitu egin eta nolabaiteko lasaitasunarekin joan ginen Iruñea ondoko herrira, Bidador nor izan zen erakustera.

Gure pastoraleko ohiko lanez gain -musika, dantza, bertset eta kantu- beste zamatxo bat, oraingoan. San Lorenzoko danzanteek emanaldia zuten Zaragozan egun berean eta beraz, haiek ordezkatu beharra izan zuten gure taldeko zenbait beteranok! Ederki ordezkatu ere!

25918160896_ab512e1e66_o

Bestela, emanaldi bitxia izan zen, pastoralaren ohiko testuingurutik at -espazio zein sinbologiari dagokionez-. Pixka bat hotz gertatu zitzaigun antzokian jokatzea pastorala. Alta, dirudienez, Auditorioa kasik bete zuten 500 bat lagunendako hunkigarria izan zen, Burgoen plazakoa bezain. Beraz, tira, ez diogu publikoari kontra eginen!

25315339243_798505dfa3_o

Barañaingoko lehen koska gainditu eta aste betera, erronka galanta! Pastorala ematea non eta Zuberoan, Gotaineko herrian. Eguraldiarekin beldur ginen. Bagenekien zein ederra izan zitekeen pastorala Gotaineko plazan, eguzkia jaun eta jabe balitz. Gauean bota eta bota aritu zen, baina goizerako atertu eta eguerdirako eguzki bete-betea. Seinale bat izanen zen agian! Bihotzetik eman genuen pastorala eta agian, ikusleak hortaz ohartu ziren.

Dantza talde gisa, oso pozik gaude gure satanek Zuberoko jendearengandik hartutako laudorioengatik. Hori azterketa inportantea zen guretako, pastoralaren azterketa handiagoaren barne. Ihitz Iriart-ekin prestatu genituen urratsak, Larraineko Erregetxopitek utzi zizkiguten buruko koak eta Maritzuliko lagunek jantziak. Gauza bat eta beste, nahiko ongi disimulatu genuen gure manextasuna.

12888646_1134022729964526_3131741126721746502_o

12440213_1134022933297839_6323279060162858605_o

Hurrengo eta azken koska, jauzi mortala. Gotaineko plaza goxotik, munduaren hiriburuko -Bilboko- plaza hipermodernora -Iñaki Azkuna zentroa-, Loraldiko antolatzaileen esanetan. Oraindik ere gotaindarrek emandako erraztasun eta tratu goxoaren zaporea ahoan, Bilbon mikaztu zitzaigun kontua, pixka bat. Hasteko, eszenaren pare-parean zutabe erraldoi bat jarri ziguten, ikusleen gozagarri! -Duda dugu beste artista entzutetsuren bat baldintza horietan kantatzera behartuko ote luketen- baina oso majoak garenez, pastorala eman, eman genuen, bai ederki eman ere!

IMG-20160409-WA0006

Bilbo3

Izan genuen ikusle garrantzitsurik eta pastorala Bilboko festetan berriz emateko proposamena. Parez-pareko zutaberik gabe, pentsatuko genuke akaso...

Zin dadigu beraz, kronika hau izanen dela Bidador pastoralari buruzko azkena! Plazerra izan da!

Dokumentuaren akzioak

2016/05/02 10:29
Zutabearena alde batera utzita oso-oso-oso ondo joan zen pastaroala Bilbon.

Ikuslegoa hotz aritu zen baina ez gogaiturik zegoelako, ene ustez ikuslego zati handi batek ez zekien pastoral batean nola jokatu eta nola parte hartu, antzerkian bezala ixilik eta txintxo ikusi eta gozatu genuen zuen emanaldia. Baina bukaeran dantzarako eszenatokia txiki geratu zitzaigun.

Eskerrik asko zuen ahaleginagatik eta jarraitu izaten euskaldunen hiri buruzagia.
2016/05/02 11:50
Mila esker zure erantzunagatik, Jesus. Arrazoi duzu diozun horretan, pastoralak bere testuinguruan du zentzurik handiena, jendeak ezagutzen baitu eta badakielako nola jokatu. Iruñean izan genuen interakzioa publikoarekin, baina agian Gotainen gehien. Ez nuke esanen Bilbokoa izan zenik emanaldirik hotzena eta ikusleek haien berotasuna helarazi ziguten bestela ere. Estimatua dago zure mezua eta euskaldunon hiri buruzagiko dantzariok jarraituko dugu lanean, gogo onez!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.